Saltar al Contenido

Períodico de Deia Grupo Noticias
Behatokia

Liburutegi Nazionalaren beharrik ba ote?

Kultura sailburu ohiaren aburuz Euskadiko Liburutegi Nazionala sortzeko egitasmoari lehenbailehen heldu behar zaio, eraikina zaharkitua delako aitzakiak alde batera utzita. Izan ere, kultura batek behar du alderdi materiala, nortasunaren sinboloa.

mIREN aZKARATE, * Euskal Filologian doktore, EHUko irakasle eta Euskaltzain osoa 1992tik - Domingo, 29 de Noviembre de 2009 - Actualizado a las 09:13h.

compartir (¿qué es esto?)

  • Mail
  • Facebook
  • Delicious
  • Twitter
  • Meneame
  • Digg
  • Technorati
"Kultura batek behar du alderdi materiala, nortasunaren sinboloa. Izateaz gainera adierazi ere egin behar da"

BADA hilabete pare bat gai honetaz idazteko gogoa piztu zitzaidala. Gaurko Kultura sailburuordeak, egin zioten elkarrizketa batean, Liburutegi Nazionalaz eta Artxibategi Nazionalaz agertu zuen iritzia irakurri nuenetik, hain zuzen ere. Eta, beste ezer baino lehen, eta polemika-iturri bihur ez dadin, argi utzi dezadan sailburuordeak edo elkarrizketagileak erabili zituzten Liburutegi Nazional eta Artxibategi Nazional izenak bere horretan errespetatu eta erabili ditudala.

Elkarrizketa horretan sailburuordeak zioen krisi garaia une egokia dela, azpiegiturei dagokienez, zer behar dugun gogoeta egiteko, bestelako joerak saihestuaz (hau da, eraikin berriak egin, edo lehenagokoak zaharberritu, zertako behar ditugun pentsatu gabe, gero horiek mantentzeko zenbat diru beharko den pentsatu gabe…). Eta adibidetzat Liburutegi Nazionala aipatzen zuen. Hiru foru liburutegi bikain izanik, pentsatu egin behar omen da horren beharrik dugun. Erantzun honen aurrean, Artxibategi Nazionala izan zen hurrengo gaia: arlo honetan ere hiru foru artxibategi oso onak izan arren, etorkizuneko Artxibategi Nazionalak zein eginkizun izango lukeen argi omen dago, Eusko Jaurlari-tzaren dokumentuak biltzea, 1936ko urrian sortu zenetik gaur artekoak (eta pentsatzekoa da hemendik aurrera sortuko dituenak, nahiz hau neuk gaineratua izan). Labur esanda, Jaurlaritzak berak sortu dituen dokumentuak dira Artxibategi Nazionala egiteko arrazoia; liburuen kasuan, Jaurlaritzak berak liburu-ondare aipagarririk ez duenez, foru liburutegiak nahikoa genituzke.

Harriturik utzi ninduen ikuspuntu honek, batetik Liburutegi Nazionalak edo Artxibategi Nazionalak liburuak eta dokumentuak edukitzeko, gordetzeko eraikintzat hartzea dakarrelako. Eta gogora ekarri zidan batek baino gehiagok defendatzen duena: halako eraikinak XIX. mendekoak dira, eta ez XXI. mendearen hasierakoak. Izan ere kontua, auzia, horixe da: zer zentzu dute, zertako balio dute gaur Liburutegi Nazionalek, edo Artxibategi Nazionalek. Bere burua nazio-tzat duen herriak ezinbestean behar dituen ikurrak dira, eta nazio kontzeptu zaharkitu batek berarekin duen nostalgiak bultzatzen gaitu ezinestean iraganari begira egongo den Liburutegi Nazionala edo Artxibategi Nazionala erreibindikatzera? Galdera hauek eta hauen antzekoak sorrarazi zizkidan elkarrizketan irakurritakoak.

Baina bestetik, harriturik utzi ninduen sailburuordearen ikuspuntuak, bera legebiltzarkide zela, eta bere taldearen aldeko botoekin, onartu baitzen Liburutegien Legea 2007an. Lege horren IV. Titulua Euskadiko Liburutegiaren gainekoa da. Euskadiko Liburutegia zer izango den definitzen du: Euskadiko Liburutegi Sistemaren buru; Euskadin eta euskararen hizkuntza-esparruan argitaratu edo ekoitzitako lanak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutakoak -bereziki euskal autoreek egindakoak eta euskaraz egindakoak- bildu, kontserbatu eta zabaltzeaz arduratuko dena, euskarria dena dela. Eta XXI. mendearen hasiera honetan euskarri digitala nolako pisua hartzen ari den kontuan izanda, Euskadiko Liburutegia izendatzen du 2007ko Legeak ondare digitalaren egoitza.

Askoz gehiago dio, baina, Liburutegien Legeak, Euskadiko Liburutegiaren eginkizunak ere zehazten ditu-eta. Besteen artean: Euskadin eta euskararen hizkun-tza-esparruan argitaratu edo ekoitzitako lan guztiak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutakoak bildu, kontserbatu eta zabaltzea; Euskal ondare digitala sortu, babestu eta zabaltzeko eta ondare horretarako irispidea bermatzeko mekanismo egokiak jartzea; Euskal bibliografia egin, kudeatu eta zabaltzea, beste erakunde batzuekin batera; edo bibliografia-ondarearen katalogo kolektiboa egitea.

Begi bistakoa da bibliografia-funts balio-tsuenak foru liburutegienak izan arren, Euskadiko Liburutegia hutsune handi bat betetzera datorrela. Gaurko beharrei eran-tzutera datorrela. Iraganeko bibliografia egin bai, baina gaurkoa eta etorkizunekoa ere bere ardura dituela. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskaintza haintzat harturik, Aldundi honen, Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren arteko akordioa ere bada Koldo Mitxelena Liburutegia izan dadin Euskadiko Liburutegiaren egoitza.

Hori guztia nerabilkien buruan, legea onartu ondoren, gai horretan gaur zuzeneko ardura duen kargu politikoak Euskadiko Liburutegiaren, edo Liburutegi Nazionalaren beharra zalantzan jartzen zuela ikusi nuenean.

Eta kontu hauetaz zerbait idazteko gogoa indartzera, edo asmo hutsa erabaki bihur-tzen laguntzera etorri zen Joan Mari Torrealdai, Euskaltzaindian sartzeko hitzaldirako aukeratu zuen gaiarekin, eta, batez ere, han egin zituen gogoetekin. Bibliografiatik Bibliotekara. Esperantzari leihoa jarri zion izena, 1914 eta 1923 bitartean gauzatzeko bidean egon zen proiektua, euskal bibliografia eta biblioteka sortzeko saioa alegia, eta gaurko egoera zein den jasotzen duen saioari (interesa duenak Euskaltzaindiaren web orrian eskura dezake testu osoa). Hor ikusten dugu joan den mendearen hasieran saiatu zirela batzuk Euskadiko Liburutegiaren antzekoa sortzen, eginkizun ia berberak eman nahi zizkiotela (ondare digitalarena izan ezik, jakina). Orduan ezinezko izan zena gaur egin daiteke, dagoeneko egina da Lege baten testuan behintzat.

Baina, batez ere, jabetu nintzen nire iraileko kezka eta galderei erantzun bikaina ematen ziela Torrealdaik. Utziazue, beraz, hemendik aurrerakoa nire eta Torrealdairen arteko elkarrizketa bihurtzen: ni galderagile, bera erantzule (komatxo artean emango ditut Joan Mariren erantzunak.

Liburutegi Nazionala iraganekoa al da? "Kultura batek behar du alderdi materiala, nortasunaren sinboloa. Izateaz gainera adierazi ere egin behar da. Iraganekoa dela esanez eraikinari uko egiten diotenek gogoratu beharko lukete 1994an Mitterrandek Bibliothèque Nationale de France Tolbiac-en eraiki zuela, sekulako eraikina. Hamarkada berean kokatu zela British Library Saint Pancras-en. Hamarkada berean sortu zirela Aljeriako Biblioteka Nazionala edo Estoniakoa".

Liburutegi Nazionala herri baten nortasunaren sinbolo al da? "Herri baten nortasunaren sinboloa liburutegia baden edo ez galdetu Bagdaden edo Sarajevon espresuki bonbardatu zutenei. Sarajevon bi milioi liburu erre ziren 1992an, bai, baina ikur bat txikitu ere bai. 2003ko apirilaren 14an Bagdadeko Biblioteka sutan jarri eta arpilatu zutenean, milioi bat liburu, dokumentu eta bestelako milaka altxor galdu omen ziren betiko, bai, baina horrezaz gainera irakiarren harrotasun sinboloa, Biblioteka. Gernikako arbola gure askatasunen ikur baldin bada, Euskal Biblioteka izan daiteke gure kulturarena (ez etnikoarena bakarrik, gainera)".

Gernikako Estatutuak aitortzen digu nazio izaera. Adostasun zabalez onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Liburutegien Legea eta, horrekin batera, Euskadiko Liburutegia sor-tzea. Zeren zain gaude aurrera egiteko? Torrealdaik, 2017a hartzen zuen jomugatzat, Pizkundeko saioen mendeurrena. Ez dakit gaur hein handi batean bideratua dugunak behar beste zabaltzen dion leihoa esperan-tzari, baina bada zerbait. Ekin diezaiogun lehenbailehen esku artean dugun eginkizunari!

votos comentarios

compartir (¿qué es esto?)

  • Mail
  • Facebook
  • Delicious
  • Twitter
  • Meneame
  • Digg
  • Technorati

Herramientas de Contenido

Publicidad

Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Haz tu comentario

Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos. 
Escribe tu comentario Número de caracteres (500/500)

Comentar sin registrarme

Este usuario ya existe. Prueba con otro.

Usuario disponible

Comprobando usuario...

Código de seguridad

Usuario registrado ¿Olvidaste tu contraseña?

Quiero registrarme

Este usuario ya existe. Prueba con otro.

Usuario disponible

Comprobando usuario...


Código de seguridad