Saltar al Contenido

Períodico de Deia Grupo Noticias
Behatokia por miren azkarate

Zergatik ez?

Guggenheim markari eta arkitektura lehiaketari ezetza ematearen arrazoiak ulertezinak dira. Eta Sukarrietan paratu nahi den museoa ez da Bilbokoaren errepikapena inondik inora, sozialisten diskurtsoak hori sinistu eragin nahi badu ere

Miren Azkarate, * Euskal Filologian doktore, EHU irakasle eta Euskaltzain osoa 1992tik - Domingo, 4 de Julio de 2010 - Actualizado a las 08:02h

BOST hilabete igaro dira Urdaibain Bilboko Guggenheim Museoaren adarra sortzearen gainean idatzi nuenetik. Artikulu luzea izan zen, zehatzago esanda bi artikulu, 2009. urtearen amaieran eta aurtengo lehen asteetan eztabaida zertan zen azaldu nahian. Orduan, urtarrilaren amaieran, Eusko Jaurlaritzak, denbora eskatu zuen egitasmoaren bideragarritasunaz aurkeztutako txostenak patxadaz aztertu ahal izateko. Erakundeen jarrerak hurbiltzeko ahalegina ere egin behar omen zen. Zentzuzko jarrera zen, baina… baina ordurako zalan-tza handiak zituztela esaten zuten. Ez hori bakarrik, Guggenheim markarik ez argi eta garbi esaten zuten. Eta Kultura sailburuari, bozeramaileari edo Lopez lehendakariari berari hitz horiek entzuteak kezka sortzen zuen. Besteak beste, Urdaibain museoren bat sortzearen kontra ez zeudelako, Guggenheim "markatik" kanpo baldin bazegoen. Baina zain geunden Jaurlaritzak zer proposatuko zuen.

Eta hil honetan etorri zaigu erantzuna: 132 milioi euro, bost arlotan banatutako egitasmo-sorta baterako. Buruzagi sozialista batek zioenez, "egitasmo mordoa, urtetan tiradera edo kajoiren batean gordeta egon direnak". Ez dakit urtetan egon diren ala ez, baina bai ez direla egitasmo berriak. Guztiek hala esan dute. Eta kultura arloan, arte eta natura bienala, bi urterik behin egingo litzatekeena hemengo eta nazioarteko artista eta pentsalariak bilduaz. Bost arlotan banatutako egitasmoak, baina Guggenheim markarik ez.

Bien bitartean, Jose Luis Bilbao, Bizkaiko Diputatu Nagusiak Lopez lehendakariari otsailaren 3an bidalitako gutunak ez du erantzunik izan. Erakundeen jarrerak hurbiltzeko ahalegina egin nahi zuenaren jokabide harrigarria. Erantzunik gabe, bilerarik gabe, nola hurbildu jarrerak? Ala hasieratik zegoen erabakia hartua?

Bien bitartean, martxoan, Urdaibaiko Guggenheimen aldeko plataforma sortu zen, gehien bat eskualde horretan jaio edo bizi direnek osatua. Badakite museoa bakarrik ez dela nahikoa izango, baina, euren iritziz, egitasmoa erakargarria da, berri-tzailea, desberdina, originala. Eta, batez ere, arrakasta izan duen proiektua (Bilboko Guggenheim) izango du abiaburu.

Bien bitartean, otsailean, horrelako iri-tziak irakurri ahal izan genituen. Lourdes Fernandezek, Arcoko zuzendari ohiak, Bilboko Guggenheim handituz arrakasta ziurtaturik dagoela pentsatzea huts handitzat zeukan; eta hala da, ez dut uste inork horrelakorik pentsatuko duenik. Nolanahi den, arte garaikidea lagunduko duten proiektuak sortzea ona ez ezik beharrezkoa ere badela zioen Lourdes Fernandezek, artea eta kultura zabaltzeko tresnak baitira. "Guggenheimek, gainera, nazioarteko bisitariak erakartzeko ahalmena dauka. Eta horrek balio beharko luke, ez bakarrik Bilbo ezagutarazteko, baizik eta euskal lurralde osoan eginiko artea ere ezagutarazteko". Urdaibaiko Guggenheimek euskal artegintzari nolako ekarpena egingo liokeen galdetuaz, hauxe izan zen haren erantzuna: "Ekoizpenerako zentro osagarri batek ekarpen handia egingo liokeela uste dut, ekoizpenera bideratutako espazio horretan gure artistek tokia izango balute. Euskal artea nazioarteko artearen errealitatearen parte izatea bultzatuko luke".

Xabier Saenz de Gorbea, arte kritikari eta irakasleak ere antzeko iritzia azaldu zuen: "Bilbokoa ez bezala, Urdaibaikoa arte sortu berrira bideraturiko zentroa izango dela diote. Bertan garatzen diren jarduerek gogoeta eta eskarmentu kulturala sorraraziko dute, eta euskal artistek horretan oin hartu ahal izango dute beren jarduna planteatzeko eta garatzeko".

Ez dizuet ukatuko bestelako iritziak ere bazirela Berria egunkariaren inkestan. Ez dakidana da bestela uste duten artista horiekin bilerarik egin duten, horien iri-tziak kontuan hartu dituzten, edo zergatik proposatu duten arte eta natura bienala. Edo zein azterketa, zein txosten duten, horrelako egitasmo baten bideragarritasunaz, aurrekontuaz… Zenbat denbora beharko lukeen sendotzeko, fruituak ematen hasteko… Baina bien bitartean, egun hauetan jakin dugunez, munduko arkitekto ospetsuenek -horien artean hamaika Pritzker saria irabazi dutenek, eta zortzi arkitektura-eskola onenetako errektoreek- azken 30 urte hauetako eraikin garrantzi-tsuentzat jo dute Bilboko Guggenheim. Irribarre gaiztoa ezpainetaratu zitzaidan, aitortzen dizuet, arkitekto horiei guztiei iritzia eskatu diena Vanity Fair aldizkaria dela irakurri nuenean. Alderdi Popularreko buruzagiek, baita sozialistek ere, hain gogoko duten aldizkari bera.

Bien bitartean, Jaurlaritzaren asmoak ezagutu ondoren, Bizkaiko egunkari batek kaleko jendearen iritzia bildu zuen: terraza batean kafea hartzen ari ziren lagun ba-tzuena ("han ez dago azpiegiturarik horrenbeste jende hartzeko; hotelak eta jatetxeak behar dira"), edo han inguruan zebiltzan turista batzuena ("beste Guggenheim bat berrogei kilometrora? Ez ginateke joango, jakina! Askoz hobeto Bilbokoa bisitatzea"; "Beste museo bat? Bai ideia bitxia. Ez du zentzurik Bilbon dutenaren antzeko zerbait egitea"; "Zertako gastatu dirua museoa errepikatzen? Hobe litzateke zerbait berri-tzailea, apurtzailea egitea"). Bistan da Gu Bai plataformakoak ez liratekeela ados egongo iritzi hauekin. Baina behar bada kontua sinpleagoa da: ez zieten ongi azaldu zer egin nahi den. Ez zieten azaldu ez direla bi Guggenheim, bakarra dela; Urdaibaikoa, Bilbokoaren adarra izango litzatekeela. Inoren buruan ez dagoela Bilbokoa errepikatzerik, sozialisten diskurtsoak hala sinistu eragin nahi badigu ere.

Nahiago nukeen hain iritzi ezkorrak azaldu dituzten kanpotarrek, bilbotarrek eurek eta, oro har, guztiek, Xabier Saenz de Gorbearen hitzok irakurriko balituzte: "Museoa hiru ardatzen arabera egituratu nahi dute: artea, natura eta hezkuntza. Eta Urdaibai toki esanguratsu eta ikusgarria da hiru ardatz horien araberako zerbait egiteko. Besterik da nola aurkeztu duten egitasmoa, 133 milioi euro diru asko den eta abar. Danimarkako Luisiana museoa hartu dute eredutzat, Kopenhagetik 30 bat kilometrora dago, Sukarrieta Bilbotik bezala-tsu. Kokaguneak Urdaibairen antz handia du. Eguna pasatzeko museoa da, eta Urdaibaiko museoa ere halako planteatzen dute. Zalantza daukat Guggenheim izan behar duen. Ni ez naiz marka zalea, baina kalean markekiko sekulako morrontza ikusten dut, hortaz... Bestalde, ez zait iruditzen Bastidaren eraikina eraitsi behar denik. Beharbada ez da bere osotasunean mantendu behar, baina zenbait gauzatarako baliagarria izan daiteke".

Eta Saenz de Gorbearen azken hitzek, neuri ere, azken hitzak idazteko bidea emango didate. Ez dakit arkitektura lehiaketarik egingo den, baina Bastidaren eraikina gorde ala ez eztabaidagai bada, Louisianako museoa ez da eredu txarra. Lehendik zegoen etxea gorde, eta haren inguruan eraiki dute museoa.

Beldur naiz, ordea, eztabaida ez dela Bastidaren eraikina kultura-ondare den ala ez. Beldur naiz ez diotela inolako aukerarik emango arkitektura lehiaketari. Beldur naiz Guggenheim markari ez, erabaki sendoa dela; eta aspaldi hartua, gainera. Baina ez dut ulertzen zergatik Guggenheim markari ez.

votos comentarios

(?)

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Haz tu comentario

Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos. 
Escribe tu comentario Número de caracteres (500/500)

Comentar sin registrarme

Este usuario ya existe. Prueba con otro.

Usuario disponible

Comprobando usuario...

Código de seguridad

Usuario registrado ¿Olvidaste tu contraseña?

Quiero registrarme

Este usuario ya existe. Prueba con otro.

Usuario disponible

Comprobando usuario...


Código de seguridad

Publicidad

";

Tu información local

Selecciona tu localidad

Busca las noticias de tu localidad


Twitter-noticiasbizkai
Twiter-athletic+

Última hora

Publicidad