Publicidad
Herramientas de Contenido
[Entrar | Registrarse]
Publicidad
* Euskararen Jatorria Elkartea, Patxi Alaña - Domingo, 17 de Julio de 2011 - Actualizado a las 05:51h
votos
comentarios
Bittor Kapanaga ikerlari euskaltzalea uztailaren 14ean hil zen. (DEIA)
Vista:
BILBO. Bizitza osoan zehar burdina izan zuen lanbide eta euskara gogobide Bitorrek, eta orain joan zaigula, betoz lerro hauek euskal kulturan eta bereziki euskararen jatorrian egin duen ekarpen garrantzitsua labur-labur gogoratzera.
Txiki-txikitatik berezia izan zen. 14 urte zituelarik, udako oporren ostean erabaki zuen eskolara ez itzultzea "inperio baten parte izan nahi" ez zuelako. Izan ere 1939. urtean, frankismoko eskolaren funtzioa argi eta garbi zegoen. Horrela, abereak zaintzen zituen bitartean liburuak irakurriz bere ikasketak osatzen eta munduratzen ibili zen.
Euskal kontzientzia zelan piztuarazi zitzaion ere elkarrizketa batean kontatu zigun: "Behiak errekara eraman nituen batean, zahar bat ikusi nuen han jarrita, La Gaceta del Norte eskuetan, ikusmena galduta: Otxandioko alkatea izandakoa zen. Esan zidan ea irakurriko nion egunkaria, eta halaxe egin eta konturatu nintzen albiste guztiak zirela II. Mundu Gerrari buruzkoak, orduantxe hasi baitzen. Zaharrak, orduan, diskurtsoa bota zidan: "Gerra hau luzea izango da. Denek uste dute alemaniarrek erraz irabaziko dutela, baina gutxienez bost urte iraungo ditu Gerrak, eta azkenean Ingalaterraren bandoak irabaziko du. Eta Jaungoikoak nahi dezala gure aberria askatzeko unea ere hauxe izatea... Badakizu zein den gure aberria?", galdetu zidan, eta ni ahoa zabalik. Esan zidan: "Zazpi probintzia dira: hiru Frantzian eta lau Espainian, baina gure aberria ez da ez Frantzia ez eta Espainia ere".
Euskararen eta kultur arloko hainbat saltsatan ibilia zen: Eibarren, beste inor ausartzen ez zen garaian, lehenengo euskarazko eskolak abian jartzen eta euskara ikertzen Imanol Laspiur, Juan San Martin, Serafin Basauri eta beste zenbatzurekin batera; Durangaldeko Gediaga Elkartean Durangoko Azoka eta beste ekintzak bultza-tzen Anton Mari Aldekoa-Otalora, Jon Irazabal eta abarrekin; Euskaltzaindiko hainbat kontuetan ere sartuta euskaltzaina izan barik -ez zuelako izan gura-; aldizkarietan idazle, hala nola Euzko Gogoa, Zeruko Argia, Jakin, Txistulari, Karmel eta Anaitasunan.
Eibarko garaian "mendebaldeko euskara" izendapena proposatu zuen "bizkaiera"ren ordez, euskalki honen eremua hobeto defini-tzearren. Hori dela eta, Mendebalde Alkarteak bere ekarpen honengatik omenaldia egin zion, nahiz eta orain "sartalde" kontzeptuaren aldekoagoa zen, berba horixe euskalki horretan erabiliagoa delako.
Euskaratik kanpo ere beste balio batzuetan sinisten zuen. Behin, enpresa bat bere lur batzuk erosi nahian ibili zen, eta berak ezetz eta ezetz. Herriko batek zera galdetu zion: "Bittor, baina zergatik ez duzu saltzen?" Eta honen antzeko zerbait erantzun omen zion: "Bizitzan dirua ez da dena".
KAPANAGAREN TEORIA Baina, Bittorren ekarpen nagusia, zalantza barik, euskararen jatorrian teoria berritzaile bat sortzea izan zen. Teoria hori 1978an argitaratutako Euskera erro eta gara liburuan plazaratu zuen eta bere ustez, euskararen baitan hiru iturri nagusi egon dira, bakoitza eremu geografiko desberdinetik etorria eta gaur egun hizkuntza bakar gisa ikusten dugun mintzaira bakar hori elikatu dutena. Hiru horiek iturburu mediterraniarra, piriniarra eta iberiarra ditugu.
Teoria hau arrazoitzeko, Bittorrek sinonimia hirukoitzaren gaia aipatzen zuen, alegia, gure hizkun-tzan oinarrizko kontzeptuak izendatzeko, sarritan hiruko sinonimia dugula. Esate baterako, ura izendatzeko hiru berba ditugula: ura, iz (izozki, txistu...) eta gar (garbi, garona).
Bere ustetan, hizkuntza sortu zen garaian hiru eremu kontzeptual nagusi bereiztu zuten gure arbasoek: izatasuna (izatea), ekintza (egitea) eta getasuna (ezezkotasuna). Hiru iturburuetan eremu kon-tzeptual bakoitzerako erro bana dagoenez, Bittorrentzat oinarrizko 9 erro izan dira gure hizkuntzaren zutabeak. Horrela, izatasunerako: iz, ar/ur, eta go ditugu. Ekintzarako: in, uk eta gi. Eta, azkenik, getasuna adierazteko il, u eta ge.
Erro horiek aldaerak izan dituzte bilakaeraren ondorioz. Horrela iz-etik itz, is, its, ix, itx sortu dira. In-etik din eta ti. Il-etik ail eta al. Ar-etik ara, arr eta arra. Ur-etik ura, urr eta urra. U-tik ul eta un. Go-tik ko, ga, ego eta egu eta Ge-tik ge, ke, ga, ka.
Adibidez, Iz izatasun erroarekin, suarekin lotuta, ondorengo berbak sortu omen dira Bittorren iritziz: izio, ixitu, izeki, isioki, itxindi, izarki, itzali, izutu, su, ixu, txinpart. Argiarekin lotuta ere hainbat hitz: istasun, isla, izpi, ixiki, iztasun, itzal, iziotu...Urarekin lotuta, Iz erro hau ere oso emankorra izan da: izotz, istil, iztoki, isol, iztin, itz, itsaso, iturri, isuri, izurde, izerdi, ixaka, ixurki, itukin, izpura, ito, idoi, eze, txiz...
Edo ekintzarako dagoen In erroarekin, ehunka aditz sortu da. Bittorrek, hizkuntzalari askok diotenaren aurka, in egin baino lehenagokoa dela dio, ez alderantziz: in-> e-in -> egin. Edo getasunerako Il erroarekin, ondorengo hitzak sortu direla diosku Bittorrek: ilun, isil, argal, makal, gal, itzal, itzal(i), ortziral, ilargi...
Bederatzi erro horiek konbinatuz hitzak sortzen joan dira zenbait arau kontuan hartuz. Esaterako, izatasun zentzua duten fonemak esanahi orokor bat dutela dio: sua, argia, ura. Bestetik, izatasun zen-tzua duten erroak elkartuz, zentzu bereko hitz berriak sortzen direla dio, esaterako: go-iz, iz-ar, ar-itz, ur-itz, ga-ur, itz-ar. Ekintzakoak elkartuz ekintzakoak ere sortzen dira: uk-a-n, e-uk-i. Eta getasunekoak elkartuz ere ezpal berekoak: il-un, ga-u.
Beste arau baten arabera, izatasun eta getasun zentzukoak elkartuz, getasun zentzukoak sortzen dira: is-il, itz-al, its-u, itz-ul, iz-un, is-un. Edo izatasun eta ekintza zen-tzudunak elkartuz, ekintzakoak sortzen dira: iz-a-n, ya-n, ga-in, ur-i...
Kapanagak, aditzen sorreraz ere luze idazten du. Izan aditzaren inguruan, hipotesi biziki interesgarria planteatzen du. Hasieran ni eta hi bakarrik bereiztuko ziren. Gero, askotasunaren eraginez, gu eta zu. Bestea orokorra dugu, izaki eta gizaki guztientzat balio duena.
Bestetik, sendiak garrantzi izugarria du gizakiongan eta, eremu semantiko horren inguruko berbak, seguruenik, zaharrenetatik zaharrenak izango dira. Bittorrek, aba erroarekin lotu ditu gehienak: asaba, osaba, izeba, iloba, alaba, arreba, neba.
Bitxia bada ere, hiru iturburutako teoria hau genetikak azken hamarkada honetan plazaratzen ari den lan askorekin bat dator neurri batean. Batetik nezakaritza ekialdetik mendebaldera zabaldu zela diosku eta horrekin batera, seguruenik, terminologia asko zabalduko zen Mediterraneoko herrietan. Horrek azaltzen du, esaterako, hemengo toponimiak Sardinia, Mallorka eta beste hainbat herrialdetako toponimiarekin dituen an-tzekotasunak. Gainera, kontuan izan behar da glaziazioekin giza mugimenduak izan zirela, Europako iparraldetik hegoalderantz -Euskal Herriraino besteak beste- eta gero hemendik iparralderantz. Azkenik, Iberiarekin egon den lotura ere beti aipatua izan da (Humbolt, Larramendi...) nahiz eta azken urteotan baztertuta egon teoria hori. Genetika azterketak zabaltzen diren neurrian informazio gehiago izango dugu eta agian argiago esan ahal izango digute noraino asmatu duen Kapanagak.
Eta Iruña-Veleia ere aipatu beharra dago. Bittorrek beti esaten zuen euskara gutxi aldatu dela eta hemengo idazkunak egiazkoak izan zitezkeela inolako arazorik gabe, indusketa itxi baino lehen Langraizen egin genuen biltzar batean aipatuta. Bittorrek arrazoi duen ala ez jakiteko analitikei itxaron beharko diegu, orain arte mundu guztian egiten diren datazioak ez dituztelako hemen egin nahi izan. Zergatik ote?
Amaitzeko, Euskararen Jatorriaren Biltzarrak antolatzen hasi genituenetik Bittor gurekin beti izan dugula gogoratu nahi dugu, lehenengoan hizlari gisa eta besteetan entzule, Garesen egindako azkeneko honetan izan ezik, osasun arazoengatik. Zoritxarrez, ez zuen aukerarik izan genetikako azterketak berak hainbeste maite zuen Joxemiel Barandiaranen euskaldunon iraupenaren teoriaren edo bere hiru iturburuen teoriaren bide beretik doazela entzuteko. Goian bego.
Publicidad
Gracias por su comentario
Publicidad
Publicidad
Publicidad
21:58
21:56
21:43
21:31
21:25