Publicidad
Herramientas de Contenido
[Entrar | Registrarse]
Publicidad
Txalo zaparrada bero batek hartu zuen Donostian ‘Bertsolari’ film luzearen lehenengo proiekzioaren amaiera. Egia da ‘etxean’ jokatzen zuela Asier Altuna zuzendariak, baina etxekoa izatea ez da nahikoa -oztopoa ere bada izan batzuetan- Zinemaldiko Sekzio Ofizialean onartua izateko
KAROLINA ALMAGIA - Martes, 11 de Octubre de 2011 - Actualizado a las 13:27h
votos
comentarios
Zuzendari bergararrak erabateko babesa jaso zuen bertsolari eta Bertsozale Elkartearen aldetik. (RUBEN PLAZA)
Vista:
ETXEKOAK konbentzitea izaten da askotan lanik gaitzena.Aupa Etxebeste komediaren zuzendariak, alabaina, lortu egin zuen eta euskarazko pelikula batAkategoriako nazioarteko zinemaldi batean lerratu da aurten. Horren arrazoi argia lanaren txukuntasuna izan da. Bertsolaritza zer den kanpokoei azaltzea ez da kontu erraza. Edo bai. Baina Asier Altunak (Bergara, 1969) ez zuen erreportaia bat egin, ez zuen ahozkotasunaren modalitate bat erakutsi nahi. Sentimendu bat islatu nahi zuen. Emozio korronte bat transmititu. Edonola, asmo horren emaitza laster epaitu ahal izango dugu. Izan ere, hilaren 14an helduko da zine-aretoetara Bertsolari dokumentala.
Nondik irten zen bertsolaritzari buruzko dokumental bat filmatzeko ideia?
Beno, nik uste dut azkenean bertsolaritzak eta zinemak antzerako gauza asko dituztela. Bertsosaio askotan hunkitzera iristen zara, eta hori da, hain zuzen, pelikula ugariren helburua. Hortik bururatu zitzaidan gauza biak batzea. Pentsatu nuen bertsolarienmunduagai polita izan zitekeela pelikula bat egiteko. Gero poliki-poliki joan zen egitasmoa zehazten.
Eta berez, nori dago zuzenduta filma?
Euskal Herriko erdal mundua ez da hurbildu bertsolaritzara. Alde batetik, hizkuntzak berak jartzen duen distantziagatik, baina, beste batetik, estetikoki ez delako oso espektakulu erakargarria Zentzu horretan, pelikulak hurbiltze bide bat izan nahi du erdal mundura heltzeko. Izatez, bertsolaritza ezagutzen ez duen ikusle batentzat egina dago, baina bertsozaleek ere gozatuko dute film honekin. Lan serioa eta polita suertatuko zaiela uste dut.
Zer transmititu nahi izan duzu pelikularekin?
Bada, lehenengo eta behin, pelikulak balio bat izatea nahi nuen. Hau da, pelikula txukun bat egin nahi nuen beste ezer baino lehen. Eta, bigarrenez, bertsolaritzaren gaia zabaldu nahi izan nuen, ezagutarazi, uste dudalako mundu osoan interesa piztu dezakeen gaia dela. Uste dut jende asko harrituko dela bertsolaritza munduak nola funtzionatzen duen ikustean.
Dokumentala ez da zine-aretoetara jende asko eramaten duen generoa. Eta bertsolaritza fenomeno arrotz edo ezezaguna da kanpokoentzat. Erronka handia jarri diozue zuen buruari.
Bai, bai, baina nik uste dut areto komertzialetan baino, zine-jaialdietan izan dezakeela ikusteko bidea pelikula honek. Erakusleiho politak izan daitezke munduan zehar dauden festibalak. Eta horren ondoren, telebistak izango dira bigarren erakusleihoak, jakina.
‘Bertsolari’ egiterakoan, intuizioak gidatu zaituela esan duzu.
Aurreko nire lan laburrak ere oso intuitiboak izan dira, irudimenarekin jokatzen dute... Hori da gustatzen zaidana. Dokumental hau egitean, hainbat irudi intuizioarekin jokatuz sortu ziren, eta bukaerara arte ez nekien funtzionatuko zuten ala ez. Azkenean, badirudi ondo uztartu direla irudiak eta testimonioak. Oso gustura nago prozesu guztiarekin.
Izan ere, erreportajetik urrundu nahi zenuen, zerbait artistikoagoa egiteko.
Bai, zerbait berezia egin nahi nuen. Ez nekien ondo zer irtengo zen, baina azkenengo muntaketan ikusi nuen funtzionatzen zuela.
Miren Amurizaren irudiak eta Andoni Egaña eta Maialen Lujanbioren hitzak dira filmaren hariak. Zergatik aukeratu zenituen bertsolari horiek?
Protagonistak pelikularekin batera egin dira. Txapelketaren finala heldu zenean, ni oraindik gaiari buruz ikertzen eta irakurtzen nenbilen.
Baina hura grabatu behar nuela ulertu nuen berehala eta, bide batez, bururatu zitzaidan Andoniri jarraipen bat egitea. Hortik sortu zen pelikula guztia. Gero, pronostikoen kontra, txapela galdu zuen Andonik eta Maialen suertatu zen txapeldun. Eta pelikulan bere partea dauka Maialenek. Beste aldetik, bertsolaritza irudikatzeko bertsolari bat nahi nuen, eta hortaz, Miren Amurizarengana jo nuen. Gaur egun, bertsolaritzan gazteek eta emakumeek dute indar gehien. Horregatik aukeratu nuen Miren. Nahiz eta hasieran dudatan egon, aktore lanak egin behar zituelako, azkenean prest agertu zen eta uste dut horretan erabat asmatu genuela.
Bertsolariak gaia entzun eta kantatzen hasi aurreko hamar segundo horietan sentitzen duen bertigoan ipini duzu azentua.
Hori Jon Sarasuarekin egindako elkarrizketa batetik atera zen. Inprobisazio jardun guztietan gertatzen den bezala, ez dakizu eroriko zaren ala ez. Amildegi baten bila abiatu nintzen hori irudikatzeko eta azkenean Lekunberriko Aldatz harrobian filmatu genituen irudi horiek. Oso metafora polita iruditu zitzaidan.
Donostiako Tabakaleran, Zarauzko hondartzan eta Ameriketako Estatu Batuetan filmatu duzue. Zergatik azken herrialde horretan?
Ameriketako Estatu Batuetara joan ginen Maialenek eta Egañak bertako Euskal Etxean abestu behar zutelako.Aukera polita zenTxapelaren protagonismoa konpartitu zuten bi pertsonaia hauek hiri handi eta moderno batean egindako gogoetak grabatzea. Beste alde batetik, Joseba Zulaika antropologoa eta John Miles Foley ahozkotasunean aditua han zeuden eta aprobetxatu nuen hauek biekin elkarrizketak grabatzeko.
Bertsolarien kolaborazio osoa izan zenuen lan egiteko ala bateren batek eragozpenak jarri zizkizun, mesfidantzarengatik, akaso?
Bertsolariek erakutsi zidaten konfidantza osoa izan zen hasieratik. Egiarekin eta zinez jo nuen beraiengana, errespetu osoz, eta beraien erantzuna itzela izan da. Dena eman didate. Eta Bertsozale Elkarteak ere asko lagundu dit, bai finantziazioa lortzen, baita artxiboko eta beste lan kontu batzuekin ere.
Maialenek esaten du pelikulan belaunaldien arteko harremana bertsolaritzaren altxor handiena dela. Alde hori ere islatu nahi izan duzu, ezta?
Pelikula honetako gai garrantzitsuenetakoa eboluzioa da. Urte gutxitan, gizartearekin batera, eta askotan gizartea baino aurrerago, bertsolaritzak nola eboluzionatu duen islatu nahi nuen. Lehen familia barruan ematen zen transmisioa, orain eskolan ematen da. Baina galdu beharrean, irabazi egin du. Atzean lan handia egin delako.
Euskal Herriko Txapelketaren finalaren irudiak ikusgarriak dira. Fenomeno horrek arreta erakarri du, baita erdal munduan ere.
Azken finean, bertsolaritza modan dago eta Txapelketak erakartzen duen jendetza ikusita, erdal hedabideak ere hasi dira arreta jartzen fenomeno horretan. Eta Bertsozale Elkartetik ere lan handia egin dute bertsolaritza aktual eta modernoaren irudia indartzeko.
Publicidad
Gracias por su comentario
Publicidad
Publicidad
Publicidad
21:58
21:56
21:43
21:31
21:25