Publicidad
Herramientas de Contenido
[Entrar | Registrarse]
Publicidad
Aiko Dantza Taldeak Jota-Fandangoa ikasteko aukera eskainiko du urriaren 15ean hasiko den ikastaroaren bitartez
UXUE RAZKIN - Miércoles, 19 de Octubre de 2011 - Actualizado a las 12:52h
votos
comentarios
Dantzaren ezagutza zabaltzea dute helburu Aikokoek. (ORTZADAR)
Vista:
ANTZAK irakastea baino, dantzan irakatsi nahi dutela argi utzi dute Patxi Laborda iruindarrak eta Sabin Bikandi galdakoztarrak. Aiko taldeko irakasle hauek pozik, animotsu eta gogotsu sentitzen dira egiten ari diren lanarekin. Dantzazaleei gorputza mugitzen irakatsi, musika interpretatu eta harekin harremanetan jarri ahal izateko baliabideak eskaini eta dantza eginez gozatzen jakinaraztea da taldea sortu zutenetik buruan darabiltzaten doktrinak.
Hasiera batean, erromerietan ezagutza falta sumatu eta, horri aurre egiteko, taldea osatzea deliberatu zuten. Baina horrekin batera, beste kezka bat ere izan zuten: plazan, musikari eta dantzarien arteko harremana hautsita zegoela ikusita, egoera zuzentzeko une egokia zela iritzi zioten. Benetako erromeria gauzatu ahal izateko, bi pieza klabe horien arteko konexio faltari irtenbidea bilatu beharra zegoen. Hala hasi zen Aiko taldea orain dela bost urte inguru. Antzinako erromerien xarma berreskuratu nahian, irribarrea berriro plazan sartu nahian. Aikoko dantza irakasleak beren ezagutzak plazaratzeko nahia erakusteaz gain, beren programazio berriaren oinarriak azaldu dituzte. Eta denen gainetik Dantzaldi Ibiltaria ekimena, beste urte batez, martxan jarri izana azpimarratu dute. Kaleko jendeari dantza tradizionala gerturatzea eta irakastea da haien erronka nagusia.
Dantzaldi Ibiltaria abiarazi zutenean, programazioak Plateruena Kafe Antzokian egiten zituzten eta erromeriak eta bestelako tailerrak izaten zituen ardatz. Baina aurtengo ikasturterako berrikuntzak izango direla aurreratu dute. Jota-Fandango mintegian eta dantzaguneetan batik bat. Aipatu mintegia izango da ikasturte honetarako aurkeztu duten monografikoa, eta ez da zoriz izan: “Jota aukeratu dugu batez ere oso ongi islatzen duelako taldearen izpiritua”, azaldu du Labordak.
Jotaren oinarrizko egitura erritmiko eta koreografikoez gain, askatasunez inprobisatzen irakatsi nahi dute. Hori egiteko, bada, dantza tradizionalaren zimenduak ondo ulertu behar dira eta erromeriekin soilik hori lortzea “ezinezkoa” dela aitortu dute. “Jendea ikasitakoaren fotokopia egiten saiatzen da erromerietan, eta Jota hori baino askoz aberatsagoa da”, esan du Labordak. Jotaren erraztasuna ere aipatu du tartean: “Oso hedatua dago eta erraza da ulertzea sistema moduan”. Helduentzat eta gazteentzat bideratutako mintegia izango da eta zerotik irakasten hasiko dira. “Askotan dantza egiten duenak ez du esan nahi bere soina kontrolatzen duenik”, dio iruindarrak. Oinarrizko jakintza dutenentzat ere zerotik hastea ez zaiela gaizki etorriko gaineratu du. “Nahiz eta maila altua izan beti dago zer edo zer ikasteko”.
Dagoeneko herri batzuetan Jota mintegiaren gaineko aurkezpenak egiten hasi dira. Irakasleek ikastaro honen inguruko oinarriak eta ideiak azaltzeko antolatu dituzten murgiltzesaioak izan dira. Ikastaro monografikoa, baina, 2011ko urritik 2012ko ekainera bitartean gauzatuko da, larunbatetan (hilean behin), goizeko 10.00etatik 13.00etara bitartean. Urriaren 15ean hasiko da ikastaroa Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian eta dagoeneko jende andanak eman du izena Jota-Fandangoan murgiltzeko asmoz.
DANTZAGUNEAK JAIO DIRA Ikasturte honetarako beste berrikuntza bat aurkeztu dute Dantzaldi Ibiltariaren programazioan: Dantzaguneak. “Dantza praktikatzeko esparruak izango dira”, azaldu du Bikandik. Dantzazaleek ikastaroetan ikasi duten guztia praktikan jartzeko aukera izango dute asteroko topagune horietan. Saio hauetan, oinarrizko jakintzak dituzten dantzazaleak bilduko dira eta dantza egiteko aukera izango dute. Asteroko saio hauek hile honetan hasiko dira baita ere eta, modu berean, 2012ko ekainera arte luzatuko dira. Alabaina, eta ikastaroarerkin gertatu ez bezala, asteroko saioak antolatu dituzte egitasmo honetarako. Aipatu berrikuntzetaz aparte, aurreko jardueren osagarri bilakatuko diren erromeriak ere izanen dira aurtengo programazioan. Aiko taldeak hileroko dantzaldi-erromeria egiten jarraituko du Durangoko Plateruena Kafe Antzokian.
“Oso leku zentrala dela pentsatzen dugu”, esan du galdakoztarrak. Erromeria honetara jende asko hurbildu ohi da eta “giro ona” sortzen dela azpimarratu du Sabin Bikandik.
Publicidad
Gracias por su comentario
Publicidad
Publicidad
Publicidad
21:58
21:56
21:43
21:31
21:25