Publicidad
Herramientas de Contenido
[Entrar | Registrarse]
Publicidad
Hamabi urte dira ia Zarautzeko lau gazte lokalean batu eta “dantzarako musika” egitea deliberatu zutenetik. Milurtekoarekin batera hasi zen Deloreanen hazia eta, urteen joanarekin batera, sustraiak sendotu eta lorak eman ditu laukoteak; munduan osoan miretsitakoak denak
OLATZ PRAT - Miércoles, 19 de Octubre de 2011 - Actualizado a las 12:42h
votos
comentarios
Banhardt en su actuación de Donostia (foto. JUAN LAZKANO)
Vista:
MILURTEKOAREKIN batera sortu zen Delorean taldea, Zarautzen (Gipuzkoa), Tomas Palomo (gitarra eta teklatuak), Ekhi Lopetegi (baxua eta ahotsak), Unai Lazkano (gitarra eta teklatuak) eta Igor Escudero (bateria) elkartzetik. Hamabi urtera bidean doan ibilbide honetan, “taldea beti goraka” joan dela diote kideek. Horren froga da euren musikaren eboluzioa eta heldutasuna, arrakasta eta errekonozimendua, eta nazioarteko eszenara egindako jauzia. Beste proiektu batzuetan ibiliak ziren lehenagotik lau taldekideak, “baina Deloreanekin hasi ginenean –dio bateria jotzaileak–, aurretik egindakoak pixka bat atzean uzteko ideia genuen, zerbait desberdina egin nahi genuen, helburu handirik gabe, eta gero pixkanaka etorri da dena”. Lokalean biltzen hasi zireneko uneak eta lehen entseguak “nahiko urrun” ikusten dituzte. “Hasi ginenean oso gazteak ginen eta orain 30 urteren inguruan gabiltza guztiok. Beraz, ez gara talde bezala soilik hazi, pertsona bezala ere hazi egin gara”, Igorren ustez. Gaur egun bezala, orduan ere ondo pasatzen zuten baina orain “beste kezka batzuk” dituztela onartzen dute, taldea profesionalizatzeak batez ere asko aldatu die dena.
Deloreanek garbi izan zuen hasieratik dantzarako musika egin nahi zuela, “hori da gehien gustatzen zaigun musika eta lehen behintzat gehien entzuten genuena”. Taldea sortu eta urtebetera iritsi zen euren lehen lana, Silohuettes, Underhill Recordsen eskutik. Estatu espainiarrean bi bira egin zituzten diskoarekin, 40 kontzertu baino gehiago eskainiz. 2004an, BCore zigilupean etorri zen bigarren diskoa, Delorean, eta urteko diskorik onenen zerrenda guztietan izan zuten tokia zarauztarrek. 2005ean Metropolitan Death EPa atera zuten, dantzarako apustu garbia egiten zuten lau abesti berri eta berorien remixekin. Eta 2006an kaleratu zuten Into the plateau, lau urtez oholtzatik oholtzara, belarritik belarrira mugituko zuten lana.
DOINUEN EBOLUZIOA, ARGIRANTZ Into the plateauk eta, batez ere, bertan jaso zuten As time breaks off kantuak aldaketa nabarmena ekarri zuen Deloreanen musikara. “Nahiko iluna da disko hori eta astebururo kontzertutan ibilita, konturatu ginen abesti hori jotzen beste edozein abesti jotzen baino hobeto pasatzen genuela”. Izan ere, As time breaks off besteak baino abesti zabalagoa, argitsuagoa eta dantzagarriagoa zen. “Puntu garrantzitsua izan zen abesti hori norantz jarraitu ikusteko”, onartzen du Escuderok. Pentsamendu eta norabide aldaketa hori Ayrton Senna EPan mamitu zen, 2009an (Mushroom Pillow). Eta ohikoa ez den arren, lau abestiko lan batekin egin zuten nazioarterako jauzia Deloreaneko mutilek. Pirchfork, ABC News, The Guardian eta NME bezalako hedabideetan oso kritika onak jaso zituzten eta NewYorkeko CMJ jaialdian hartu zuten parte. Horrela, mundu osoko txokoetara zabaltzen hasi ziren Deloreanen erritmo dantzagarriak.
Zarautz Bartzelonagatik aldatu zuten; lan faltak bultzatu zituen erabakia hartzera, musika ogibide izatea ametsa ere ez zuten garaian
2010eko apirilean etorri zen Subiza, kritikaren eta taldekideen beraien arabera lanik borobilena dena. “Oso gustura gelditu ginen Subizarekin eta hala jarraitzen dugu. Gure soinua topatu dugula iruditzen zait”, dio bateria jotzaileak. “Orain arte, grabatutakoan diskoekin gustura gelditzen ginen arren, denbora batera akatsak ikusten hasten ginen, baina Subizarekin ez zaigu horrelakorik gertatu”. Orain arte euren soinuan nabari daitekeen eboluzio horretan geldialditxoa aurreikus daiteke, beraz: “Ez dut uste soinu berri baten bila joango garenik –dio Igorrek–, Subizaren estiloan, soinu berarekin jarraituko dugu, eta gero eta kantu hobeak egiten saiatuko gara”. Ayrton Sennak zabaldutako bideetan barrena egin dute Subizarekin. Bira amerikarraren ostean, astebururo plaza eta aretoak dantzan jarri dituzte zarauztarrek azken urtean. Disko horrek eman dizkie, beharbada, euren ibilbideko unerik goxoenak: “Subiza grabatzen ari ginenean eta Ayrton Sennak ekarri zizkigun gauza guztiak, zigilu amerikar batekin sinatzea, manager amerikar bat lortzea eta abar, gauza horiek lortzeko zailak izaten dira eta ilusioa egin ziguten egia esan”, dio Igorrek. “Ateak egun batetik bestera zabaldu zitzaizkigun. Nire ustez, musika oso ona egin arren, entzun behar zaituenak ez bazaitu entzuten, ez dira gauza horiek lortzen”.
Arrakastarekin batera, ardurak eta gauzak ondo egin beharrak ere garrantzia handiagoa hartzen dute ordea, “gauzak gehiago pentsatu behar dituzu, maila horretara iristean aukera asko sortzen dira eta erabakiak hartu behar izaten dira, bai edo ez esan behar da. Batzuetan asmatu egiten duzu eta beste batzuetan ez, baina aurrera jarraitu behar da”, dio Escuderok. Lehen baietz esaten zioten denari, edozeri, norbaitentzako kontzertu bat eskaintzeari, marka batentzako kantua egiteari, gaur Parisen eta bihar Tokion jotzeari; “baina pertsona bezala ezin dituzu gauza horiek guztiak egin, horregatik ezetz esaten jakin behar da, gero damutu arren, okerreko bidea hartu arren, eta aurrera jarraitu”. Indie eta musika alternatiboaz aritzen den Pichfork publikazio estatubatuarrak adierazi zuen musika mota hau egiten duen talde asko dagoela, baina inork ez duela egitenDeloreanek bezala.Kritika eta laudorio horiek gustura hartzen dituzte noski, eta horrek laguntzen die autoestimua ondo edukitzen, “baina asko eskatzen diogu geure buruari eta akatsak ere azkar ikusten ditugu”, dio Igorrek. “Horrek frustrazioa eragiten du eta gauza txikiengatik haserretzen gara batzuetan. Baina uste dut horregatik ari garela aurrera egiten, gauzak gero eta hobeto egin nahian. Geure buruari eskatzeagatik, taldea beti goraka joan da”.
BARTZELONAN FINKATURIK Zarauztarrak badira ere, Bartzelonan bizi dira lau taldekideak duela urte batzuk. Ekhi orain hamar urte joan zen hara, ikastera. Ondoren pixkanaka, Unai, Igor eta Guille ere hara joan ziren bizitzera, lan bila. “Ez ginen musikagatik etorri edo eszena batetik gertu egoteko, lan bila etorri ginen”, dio bateria jotzaileak. Bartzelonak hiri bezala eskaintzen dizkien aukera guztiek baino gehiago, taldekideak elkarrekin egon ahal izateak eman dio indarra taldeari, “lehen gutako bi Zarautzen eta beste bi Bartzelonan egonda oso zaila zen lan egitea; orain egunero gaude kontaktuan, lokalera joaten gara edo hitz egiteko gelditzen gara”. Beste lan batzuetara etorri baziren ere, orain musikatik bizi dira laurak. Astebururo hara eta hona ibiltzen direnez, astean zehar deskantsatzeko aprobetxatzen dute, musika pixka bat egin edo lagunekin futbolean ibiltzeko, “gauza normalak egiten ditugu”.
Pentsa daiteke Bartzelona bezalako hiri batean, musika eta kontzertuak nonahi eta noiznahi daudenean, musikariak haiek ikustera joan ohi direla, baina ez da Deloreanekoen kasua, “zahartzen ariko gara beharbada”, dio barrez Igorrek. Baina iaz, adibidez, 160 kontzertu eskaini zituzten eta horietatik etxera itzultzean lasai egon nahi izaten dute. Pentsa daiteke, baita ere, Bartzelona bezalako hiri batean ikusi, ukitu eta usaindu daitezkeen milaka gauzek eragina izan dezaketela kantuak konposatzerakoan. Bada, hori ere ez da zarauztarren kasua. “Ez dut uste behintzat, gure eraginak musikalak baino ez dira. Guk egiten dugun musika entzuten dugun musikatik dator, ez hiriaren edo lekuaren eraginetik. Are gehiago, seguru nago azken diskoa Zarautzen egin izan bagenu soinua berdina izango zela”.
Publicidad
Gracias por su comentario
Publicidad
Publicidad
Publicidad
21:58
21:56
21:43
21:31
21:25