Publicidad
[Entrar | Registrarse]
Publicidad
Batak euskara ikasi nahi du, eta besteak euskararekiko duen konpromisoa zaindu; horrela sortu zen Mintzakiden parte hartzen duen bikote bat
Kattalin Barber - Domingo, 23 de Octubre de 2011 - Actualizado a las 05:57h
votos
comentarios
Ibone eta Dorita astero elkartzen dira eta euren kontuak partekatzen dituzte, hori bai, beti euskaraz. (Pablo Viñas)
Vista:
Bilbo
ibone eta Dorita ostegunero elkartzen dira Bilboko Dubliners tabernan. Orain dela hiru urte ezagutu zuten elkar. Ibonek 26 urte ditu eta Doritak, aldiz, 73. Kaletik bikote hau ikustean askok pentsa dezakete amona eta biloba direla. Baina oker dabiltza, lagun handiak baitira eta euskara baita bien arteko harremana lotzen duena.
Mintzakide egitasmoan parte hartzen dute eta horren bidez ezagutu ziren. Euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz egiteko ohitura ez dutenekin elkar-tzean datza programa. Orain dela bi urte (2009ko martxoan) jaio zen egitasmoa, Bilboko Udalaren Euskara Sailaren eta Ulibarri euskaltegiaren eskutik. Ekimena sortu zenetik biltzen dira Ibone eta Dorita, eta haien arteko harremana sendotu egin dute tarte horretan, eta, nola ez, euskarari ere izugarrizko bultzada eman diote.
Bilbon bizi dira biak, Doritak sorlekua Gernikako baserri batean izan arren. Dorita euskaldunzaharra da eta boluntario bezala parte hartzen du egitasmoan. Ibone, berriz, euskaldunberria da eta bere euskara hobetzeko eman zuen izena Mintzakiden.
Lehenengo hitzordutik konfian-tza handia hartu zuten. Ez zitzaien batere arraroa egin ezezagun batekin euskaraz mintzatzea. "Lehen momentutik hasi ginen hitz egiten, oso naturala izan zen, eta horregatik eroso sentitu nintzen", aitortu du Ibonek. Jada hiru urte pasa dira ezagutu zirenetik eta biak "oso gustura" daudela ziurtatu dute.
Ostegunero eta ordu eta erdiz, tabernan zerbait hartu eta asteburuan egindako gauzez, etorkizuneko planez edo bestelako edozein gairi buruz jarduten dira. "Arte Ederretako museora ere joan ginen behin, baina konturatu ginen bertan bakarrik koadroak begiratzen genituela eta ez genuela euskaraz hitz egiten", azaldu du Ibonek. Beraz, normalean Bilboko Dubliners tabernan elkartzen dira, eta politika, ekonomia edota bestelako edozein gai da ona bi lagunen arteko euskarazko komunikazioa bultzatzeko: "Lagun batekin bezala sentitzen naiz, horregatik edozertaz hitz egin dezakegu", argitu du Doritak. Urtero Durangoko Azokara ere joaten direla gaineratu du Ibonek, eta aurten ere joateko asmoa dute. Haien arteko harremana errotu eta sendotu egin da urte hauetan zehar. "Elkarrizketa filosofikoak ere izaten ditugu noizbehinka, mundua konpontzen saia-tzen gara, baina azkenean dagoen bezala gelditzen da", komentatu du Ibonek, irribarre bat ebitatu ezinik.
bi istorio Ibonek B ereduan egin zituen bere ikasketak eta euskaraz zerbait zekien arren, unibertsitatera biologia ikastera joan zenean gero eta gutxiago erabiltzen zuela konturatu zen. "Euskararen falta sentitzen nuen, ez nuen ez familia, ez lagunekin ez klasekoekin hitz egiten eta hori aldatu nahi nuen". Horregatik, kaletik zebilela Min-tzakide egitasmoaren kartel bat ikusi eta Ulibarri euskaltegira deitu zuen. Gainera, pasa den ikasturtean EGA prestatzeko izena eman zuen euskaltegian, eta froga gainditu zuen. Hiru urtetan zehar asko ikasi duela dio: "Batez ere erraztasuna berreskuratu dut, lehen lotsa ematen zidan euskaraz mintzatzea, euskara ortopedikoa nuen".
Dorita, aldiz, euskaldunzaharra da eta euskara betidanik izan du present. Besteak beste, euskarazko irakaslea izan zen eta orain dela urte batzuk, erretiroa hartu zuenean, bere bizitzarekin zer egin hasi zen pensatzen: "Erretiroa hartu nuenean ez nekien nondik jo, baina euskararen alde zerbait egiteko gogoa nuen". Oraindik gogoratzen du nola bururatu zitzaion Mintzakide egitasmoan boluntario bezala izena ematea: "Ohean nengoen eta irratian entzun nuen boluntarioak behar zirela Ulibarri euskaltegian". Bi aldiz pentsatu gabe, euskaltegira deitu eta jada hiru urte daramatza mintzakideei laguntzen. "Euskaltegiak ez du oztoporik jartzen, alderantziz, eta mintzakideekin lagun batzuekin egongo banintz bezala sentitzen naiz", ziurtatu du. Gainera, Dorita ez da bakarrik Ibonerekin elkar-tzen, beste bost mintzakide baititu.
Egitasmoa sortu zenetik biltzen dira Ibone eta Dorita, eta horrela jarraitzea gustatuko litzaieke. Hala ere, udan zehar ez dira elkartzen, baina iraila iritsi bezain laster berriz ere kontaktuan jartzen dira eta ekainera arte jarduten dute.
emaitza ezin hobea 2010-2011 ikasturtean 174 pertsonek eman zuten izena Mintzakide egitasmoan. Aurten, Ulibarri Euskaltegiko koordinatzailea den Floren Suarezek kopuru hori igotzea edo behintzat mantentzea espero du: "Oraindik bikoteak koordinatzen ari gara eta ez dakigu zenbat pertsonak parte hartuko duten baina iazkoa bezala izatea espero dugu". Mintzakideak ez dira Ulibarri euskaltegikoak izan behar, edonork parte hartu dezake. "Gure helburua euskara erabili nahi duenari laguntza ematea da, eta horretaz gain bikoteak aske dira nahi dutena egiteko, euskara erabiltzea da baldintza bakarra". Hori bai, bi astetan behin gutxi gora-behera bikoteekin harremanetan jartzen dira, eta zer nolako aurrerapenak egin dituzten ikusten dute. "Batzuk txakurrak paseatzera ateratzen dituzte, beste batzuk poteak hartzera joaten dira, eta futbol partidetara joan diren bikoteak ere izan ditugu. Azkenean, haien zaletasunak komunean jar-tzen dituzte eta oraindik ez dugu hautsi duen bikoterik izan". Euskararen harreman-sareak eta erabilera sendotzeko asmoz sortu zen 2009an egitasmoa.
Publicidad
Gracias por su comentario
Publicidad
Publicidad
Publicidad
21:58
21:56
21:43
21:31
21:25