Publicidad
Herramientas de Contenido
[Entrar | Registrarse]
Publicidad
Harkaitz Canok ez du denbora galtzen, hiru liburu berri baidakartza: ‘Compro oro’ gaztelerazko poema bilduma, ‘Twist’ euskarazko eleberria eta ‘Telezailak’, hainbat egileekin idatzia
ANE AGIRRE - Miércoles, 23 de Noviembre de 2011 - Actualizado a las 12:10h
votos
comentarios
Harkaitz Cano eta Miren Agur Meabe ORTZADAR-reko ‘ahotsak’ dira. Euren arteko konplizitatea agerian da. (O. M.)
Vista:
DONOSTIAKO parte zaharra erdi hutsik dago Harkaitz Canorekin hitzordua egin dugun goizean. Pausoa mantsoago darabilgun bakarrak gara gu. Sakelean hiru liburu berri dakartza. Gaztelaniazko poema bilduma Compro oro Huacamano argitaletxeak emana, eta Susa argitaletxearekin Twist. Hirugarrena Telezailak da, Txalapartak kaleratua eta idazle askoren artean idatzia; telesailen gainean idatzitako liburua. Ez da geldirik egotekoa, baina. Eleberri laburragoa amaitzear du, eta bestelako idatziekin jarraitzen du idazleak.
Hauxe da jatorriz gaztelaniaz kaleratutako lehenengo lana.
Ez da nire inpultso primarioa gaztelaniaz idaztea, baina tarteetan gaztelaniaz idatzitako poemak banituen, han hemenka idatzitakoak. 1998an idatzitako poemak daude, duela 12 urtetik honakoak; denborarekin batzuk erori dira eta beste berri batzuk sartu. Poemario mutantea izan da, etengabe aldatzen joan dena. Inoiz ez naiz argitaratzeaz gehiegi arduratu, niretzat aparte idatzitako poemak ziren. Izenburuak ere izan ditu ezberdinak: hasierakoa Matar un pulpo zen eta bazegoen poema bat olagarroaren heriotzaz aritzen zena. Poema hori erori zen, gero Reconciliación con ventanas izan zen, leiho asko agertzen delako. Eta azkenean Compro oro. Halako batean konturatu nintzen nahikoa pilatuak banituela, eta kaleratzeko ordua iritsi da baina modu naturalean etorri da, ezer derrigortu gabe.
Eta leihoena nondik dator?
Ez dakit oso ondo esplikatzen. Fijazio bat da, baditugun obsesioen artean bat. Liburuko hiru aipuek, adibidez, leihoekin dute zerikusia. Ez dakit, leihotik errealitatearen zati bat ikusten duzu, baina oso txikia. Beste guztia imajinatu behar duzu. Hori gustatzen zait. Leihotik ikusten dena ez da nagusiena, hau off-en dago. Sujerentziaren potentzialitatea dauka. Zerorrek jarri behar duzu dena leiho batean gutxi ikusten duzulako, gutxi ematen dizu leihoak.
Sortzeko orduan zer egiten zaizu erosoago?
Nire aurreneko inpultsoa euskaraz idaztea da. Baina hizkuntza bakoitzak baditu bere abantailak. Gaztelaniaz klixeak finkatuago daude. Euskaraz gauza asko ez daude finkatuta eta hori ona da, eta txarra. Ona sormenerako, estilistikoki landu nahi baduzu euskarak aukera gehiago ematen dizu. Baina gaztelaniak baditu fosilizatutako esamoldeak, espresioen abantaila. Benetan kezkatzen nauena, ordea, itzulpena, norberak egindako itzulpena da.
Zergatik?
Poema hauek azken batean gaztelaniaz sortu dira, presarik gabe.Baina zure burua itzuli behar duzunean badago nolabaiteko arakiria zure gauzatara, itxita zeuden gauzatara. Zeure buruari bizirik egindako autopsia da autoitzulpena. Zeure burua etengabe kuestionatzera eramaten zaitu. Poema hauekin ez dut sofritu. Baina istorio berarekin hizkuntza ezberdinak erabiltzeak krisian sartu arazten zaitu, eta egin ditudan itzulpenekin pasatu zait.
Itzulpenekin sufritu egiten duzu.
Gaztelaniazko argitaletxeek nahiago izaten dute guk gure lanak itzultzea eta ez itzultzaile profesional batek. Nire lan guztiak itzulita daude nahiz eta Neguko zirkua edota Pasaia blues kaleratu gabe egon. Nik egin ditut. Baina ni ez naiz itzultzailea. Nire lehenbiziko liburu guztiak errekreazioak dira eta ez itzulpenak. Itzultzaile profesional batek arazoari aurre egiten dio, baina nik ez. Idazlea neu nintzenez arazoari aurre egin baino sahiestu egiten nuen, banekielako idazlea ez zitzaidala haserretuko, eta gehienetan okerrerako izaten zen.
Poemetara itzuliz, gainbeheran idatzitakoak dirudite.
Hor denboraren joana ikusten da. Ilunenak, zaharrenak eta luzeenak dira. Baikor eta ironikoenak, aldiz, berrienak. Biei eutsi nahi izan diet garai bateko kristalizazioa delako, edo garai bateko animo egoera bat islatzen dutelako. Poemen izenburuekin ere autoparodia egiten dut, kontrapisu egiteko poemarekin gero. Hor nahiko dibertitu naiz. Irakurlearekin jolasteko modua da, poeman sartu arazten zaitu idazleak, eta barruan zaudela larrutu egiten zaitu. Galaxiaren alde iluna erakustea interesatzen zait sortzaile moduan. Pintoreek bezala, orban batetik abiatu eta gero ukitu figuratiboa ematen diote, baina hastapena orban bat izan da.Kontzeptualki horixe da, eta poemei arnasa hartzeko leihotxoa ere eman nahi izan diet.
Txalapartak kaleratu duen ‘Telezailak’ liburuan ere zati bat idatzi duzu.
Narratiba aldetik oso gauza interesgarriak egiten dira telebistan gaur egun. Kontatzeko moduak aldatu dituzte telesail hauetan, telebistak badu adin bat eta autorreferentziala izateko garaia, meta telebista egiteko. Bere garai xaloa pasatu da. Uste dut interneten sorrerak prestijioa eman diola telebistari; Beti dagoelako arte bastardo bat. Interneten sorrerarekin telebistak sasikoa izateari utzi dio eta nobletu da.Ausardia eta paradigmen aldetik telebistan daude nik literaturan aurkitzen ez ditudan gauzak. Eta telesailek literatura klasikotik asko edaten dute.
Nick-Tup telesailean, adibidez, nik Dorian Grey ikusten dut, eta Frankenstein eta Dracula. Niretzat abangoardia da telebista, giza jendearen joera progresistari ere aurre hartu dio telebistak. Eta hausnarketarik sakonenak telesail hauetan daude.
Harkaitz Cano gidoilariaren mina dirudi.
Neurri batean bai. Steven Spielberg-ek esan zuen gaur egun zine gidoilaririk onenak ez daudela, telebistan ari direlako lanean. Telebista malguagoa delako lanerako, aukera gehiago ematen duelako. Telesail hauek ikusleari maila literarioa eskatzen diote. Gidoiak idatzi izan ditugunok frustratuta gaude gure talentuak-edo ez duelako inoiz aurkitu telebista publikoan arriskatzeko prest dagoen telesaila, eta gaur egun inoiz baino gutxiago. Eta gero beste zailtasun bat dago, hitz askoko telesailak dira, alde horretatik zinea baino askoz literarioagoak dira. House telesailaren moduko bakarrizketak anti telebistatzat hartzen dute hemen. Hemen ping-pong ariketa eskatzen dizute, baina dena ez da pong-pong eta hori oso ondo ulertu dute Estatu Batuetan.
‘Twist’ eleberria, berriz, Susa argitaletxearekin kaleratuko duzu.
Inoiz idatzi dudan eleberririk luzeena da, laurehun orrialdekoa. Hemen daude inoiz idatzi ditudan orrialderik gordinenak eta zoriontsuenak. Eta izenburua alde baikorretik dator. Izenburua? Sarritan nire sentsazioa da izenburuetan gehiegi esaten dugula. Kasu honetan hori saihestu nahi izan dut. Izenburuak ez du dantzarekin zerikusia. Bestetik oso hitz polisemikoa da. Inglesez estutzen doan koskari esaten zaio, dantza motari ere bai, mugimentua ere bada. Eta dantza horretan badakizu elkarri begira dantzatu egiten dela baina ukitu gabe, hemengo pertsonaiek ere badute intermitentzia hori, agertu eta desgertzen dira. Eleberri korala da, oso modu errealistan idatzia, Donostia asko agertzen da, eta esango nuke badagoela nire haurtzaroarekin kontu kitatze antzekoa.
Eta idazten jarraitzen duzu.
Besterik egiten ez dakigu eta. Fikzioa idatzi gabe denbora luzea eman dut, nire lanak itzultzen, eta hari askotik tiraka. Orain iruditzen zait hari horiek ixten joan behar dudala. Uste dut datozen bizpahiru urteetan ixten joango naizela dena. Horrelako eleberri mardula amaitzeak zer pentsa ematen dizu. Horrelako zenbat gehiago idatziko dut? Ez dira hainbeste. Egia da gaur egun dena oso bizkor egin behar dela, eskatzen dizutela. Beharbada guri dagokigu lasaitasuna eskatzea. Denbora luzea hartzea luxua da baina geure buruari eman egin behar diogu. Literatur sortzaile moduan militanteki egin beharreko zerbait da. Agian gu gara garaitik kanpo gaudenak, baina gauzak egiteko beste erarik badagoela gogoratu behar diegu, denboraren sedimentazioak bere abantailak ematen dituelako. Idazten hasi nintzenean eta orain idazteaz dudan ideia ez dira bat. Idazten hasten zara eta denborarekin liburu hornitzaile bilakatzen zara. Bizi beharrak zure bokazioa moldatzen du eta beste era bateko idazlea bihurtzen zara. Enkarguak egiten dizkizute, eta enkargu batzuekin deskubritzen duzu zure bokazioaren azpi bokaziorik badagoela, eta beharbada orijinala baino gehiago gustatzen zaizula. Nire kasuan komikietarako gidoiak idaztea. 8-10 urterekin amestera ausartzen ere ez nintzen bokazioa! Orkesta gizon izatera derrigortzen zaituzte eta hori latza izan liteke zure proiektu pertsonalak atzeratzen doazelako, baina bestalde, espero gabeko leku gozoetara iristen zara.
Publicidad
Gracias por su comentario
Publicidad
Publicidad
Publicidad
05:40
05:40
05:40
05:40
05:40