Publicidad
Herramientas de Contenido
[Entrar | Registrarse]
Publicidad
Euskarazko ahozko dokumentuak non, nork eta nola gordeta dauden aztertu nahi du Mintzola Fundazioak. Horretarako, ehun bat artxibategi, erakunde eta norbanakorengana joko dute
DABI PIEDRA - Miércoles, 23 de Noviembre de 2011 - Actualizado a las 12:32h
votos
comentarios
Euskarazko ahozko dokumentuak non, nork eta nola gordeta dauden aztertu nahi du Mintzola Fundazioak. Horretarako, ehun bat artxibategi, erakunde eta norbanakorengana joko dute EUSKAL Herrian hitzezko ondarea eta ahozko produkzioa jasotzeko egin diren grabazioak sakabanatuta daude, eta Mintzola Fundazioaren asmoa da horiek guztiak aurkitu, aztertu eta sailkatzea. Horrela, jasota dagoenaren diagnosia egiteko modua egongo da eta, bide batez, ikertzaileei lana erraztuko zaie. “Euskararen alorrean lanean diharduen hainbat erakunde zein pertsonak askotan ahozko korpusaren beharra du bere egitasmoak aurrera eramateko, eta egina dagoen horren ezagutza faltan, berriak sortzen aritzen da”, azaldu du Ainitze Oruesagasti Mintzolako kideak. Alferrikako lan hori aurrezteko, beraz, ahozko iturriak non jasota dauden, zein egoeratan eta nola balia daitezkeen jakinarazteko ardura hartuko du Fundazioak.
“Gai horren inguruan argazki osorik ez daukagu oraindik orain”, aipatu du Oruesagastik, eta hutsune hori bete nahi dute. Izan ere, euskararen inguruan ahozko ikerketa eta grabazio ugari gorde dira, beste kulturen erreferentzia ere izateraino ia, baina orain arte inor ez da arduratu hori guztia sailkatu eta gizarteratzeaz. Ainitze Oruesagastik egingo du, Mintzola Fundazioaren izenean, euskaraz ekoitzi edo grabatu den guztia non eta nola dagoen ikertzeko eta ordenatzeko lana, datozen hileetan. “Mintzola Fundazioak bere sorreratik Dokumentazio Egitasmo bat garatzea izan du helburu”, dio Oruesagastik, eta ikerketa hau ildo horretan doa. Ahotsak.com proiektuaren laguntza izango du Mintzolak, Euskal Herriko eskualde ugaritako ahozko jakintza eta euskalkiak bideoan jasotzen dabilen egitasmoarena, alegia.
Euskarazko ahozko ondarea jasotzen duen ikusentzunezko edozein materialen bila ibiliko da Oruesagasti, soinu hutsekoa zein bideoa. Bi eremutako dokumentuak izango dira: batetik, genero berezituak (bertsoa, ipuina, antzerkia, kantua eta abar) eta, bestetik, genero arruntena (adinekoei egindako elkarrizketak, hedabideetako korpusa, unibertsitateen ikerketa lanak eta gisakoak). Grabazioak dira, beraz, bilaketaren oinarriak, baina salbuespen batzuk ere egingo dira. Esaterako, ahozko dokumentuari sostengua ematen dioten idatzizkoak ere kontuan hartuko dira, bertsoen transkripzioak eta antzerki obren testuak kasu.
“Gure ikerketan aurrera egin ahala, sailkapen zehatzagoak egiteko gai izango garela pentsa - tzen dugu”, adierazi du Oruesagastik. Gero, dokumentuen zerrenda egingo dute, zeinek egindakoa den, nolakoa den, non eta nola aurki daitekeen, zer egoeratan dagoen eta abar. Orain hasi duten fasean, sailkapena baino ez dute egingo, “funtsak aztertzea aurrera begirako pausoa litzateke”, zehaztu du ikerketaren arduradunak. Lehenengo fase honen emaitzak udaberri alderako prest izatea nahi dute.
Leku guztietara iristea zaila izango dela badakite, baina asmoa, behintzat,materiala jasota eduki dezakeen edonorengana jotzea da. “Artxibategietara bakarrik ez, unibertsitate, komunikabide, euskara elkarte, ikerlari, kazetariengana ere joango gara”, argitu du Oruesagastik, “zerrenda luzea da, 100 erakunde edo norbanako izango dira gure bisita jaso edo galdetegiari erantzungo diotenak”.
Etorkizunean etor daitezkeen faseetan, arakatze lana gehiago zehazteko ordua izango da, baina bilketa-fase honetan, aniztasuna bilatu nahi izan dute, dagoen guzti-guztiaren berri izan, “korpus guztien berri jakitera ez garela iritsiko badakigu, baina ahalegin berezia egiten ari gara esparru gehienetara heltzeko”, baieztatu du.
Lan handia dauka aurretik, beraz, Mintzola Fundazioak. Hala ere, dokumentuen bilaketa eta zerrendatzea lehenengo fasea baino ez da. Lortutako emaitzekin txosten bat argitaratuko dute eta, horren ondoren, informazio guztia aztertu eta gizarteratzeko biderik egokiena zein den erabakiko dute. Azken finean, AinitzeOruesagastik dioenez, “ezinbestekoa da ikerketa lan hau gizartearen esku uztea, jendarteak gertu izan dezala”. Euskarazko ahozko korpusaren argazki ahalik eta osoena izango da eta etorkizuneko lanetarako oso baliagarria izango delakoan daude.
Publicidad
Gracias por su comentario
Publicidad
Publicidad
Publicidad
16:27
16:14
15:44
15:34
14:51