Saltar al Contenido

Períodico de Deia Grupo Noticias
MUSIKA

Pauso ziurreko ekilibristak, harian aurrera

Berri Txarrak taldeak berri ona dakar bere zaleentzat: AEBtako Los Angelesen grabatutako ‘Haria’ albuma kaleratu berri du hirukote

OLATZ PRAT - Martes, 29 de Noviembre de 2011 - Actualizado a las 13:17h

Taldearen zazpigarren lana izanik, ‘Haria’ hirukote gisa grabatu duten lehen diskoa da. Egun, Berri Txarrak osatzen dute Gorka Urbizu (gitarra eta ahotsa), David Gonzalez (baxua) eta Galder Izagirre (bateria) musikariek.

Taldearen zazpigarren lana izanik, ‘Haria’ hirukote gisa grabatu duten lehen diskoa da. Egun, Berri Txarrak osatzen dute Gorka Urbizu (gitarra eta ahotsa), David Gonzalez (baxua) eta Galder Izagirre (bateria) musikariek. (GALDER IZAGIRRE)

Galería Noticia

AZKENEAN, azkenean iritsi da eguna, betiko zale eta, zalantzarik gabe zale izango direnen esku dago joan den astelehenetik Berri Txarrak taldearen lan berria, Haria, borobila, hasieratik bukaerara. Taldearen zazpigarren lana izanagatik, gaur egungo hirukoteak grabatzen duen lehena da, taldearen alma mater-a Gorka Urbizu gitarra eta ahotsetan dela, David Gonzalez (Evirus, TT L.T., Cobra…) baxuarekin eta Galder Izagirre (Dut, Kuraia) baterian. Venicen (Los Angeles, AEB) grabatu dute diskoa Ross Robinson ekoizle ospetsuaren eskutik eta Kaiowas Records diskoetxe kataluniarrarekin kaleratu dute.

Payola albumaren bira amaitzean, 2010 urte amaiera aldera hasi zen Haria mamitzen eta grabatzeko unea iritsita, Ross Robinson ekoizlearen aldeko apustua egin zuen hirukoteak, “Steve Albini bezala –Payolako soinu teknikaria–, jarraitzaile gisa guretzat oso garrantzitsuak diren diskoak egin dituelako”, azaltzen du Gorkak. Sepultura, Korn, The Cure edo Dananananaykroyd bezalako taldeak, estilo anitzetakoak grabatu ditu Robinsonek, “gure musikarekin zer egin zezakeen ikustea tentagarria zen”.

Grabazioa esperientzia luze adina berezia izan da. Albinik Payola zortzi-bederatzi egunetan grabatu bazien ere, Robinsonek bi hilabete eskatu zizkien. “Eta hasieratik gehiegitxo iruditu zitzaigun arren, gero ulertu genuen zergatik –dio Gorkak–, arlo psikologikoari garrantzia handia ematen dio Rossek, saiatu da gu ezagutzen eta gure arteko harremanak ezagutzen. Zuzen begiratzen dizu eta galdera pertsonalak egiten dizkizu, zure puntu ahula bilatzen dizu finean, eta gero horiek guztiak erabiltzen ditu grabazioan, denak muturrera eramateko”.

“Askotan pop-ak atzeraka ema ten du eta Euskal Herrian hitz tabu bat da, baina guk pop-a aldarrikatzen dugu!”, dio Urbizuk

Albini eta Robinsonen lan egiteko moduak oso desberdinak diren arren, emaitzetan badago berdintasunik. “Biak oso gordinak dira. Oraingoan egia da kolore gehiago dagoela, Payola zuribeltzeko diskoa zen bezala, hemen kolore eta detaile pila bat daude eta geruza, gitarra eta esperimentazio gehiago daude, produkzio gehiago, azken finean, baina ez da disko superproduzitu bat, zentzu txarrean, ez da disko garbi bat edo soinu artifiziala duena, hiruko bat dago eta rocka entzuten da. Horretan bat egiten dute batak eta besteak”.

“IWANT THE CHILL” Ross Robinsonek Berri Txarrak- en bi ezaugarri nabarmendu nahi izan ditu disko honetan: inperfekzioaren edertasuna eta oinarri gordinaren gaineko melodia leunak. Robinsonen ustez, musika perfektua edonork egin dezake, baina “guk harantzago joan behar izan dugu, “I want the chill” esaten zigun oilo larrua irudikatuz, zirrara hori bilatu behar genuen”. Robinsonek inork inoiz ez bezala motibatu ditu taldekideak eta nabari da emaitzan, “disko pasionala” atera baitzaie, azkenean, “denok gaude the chill hori topera dugula, sentimenduak topera daude, pasioa dago”, azaltzen du Gorkak, “azkenean musika bizia gelditu da, dinamika askoz gehiagorekin”.

Bizitasun horren baitan daude konpondu nahi izan ez dituzten akatsak ere, “baina egia esan –dio Gorkak–, gustatzen zait disko bat entzutean, hor atzean gizaki bat dagoela ikustea”. Klaketarik gabe grabatu dute, “Albinik ere esaten zigun klaketarekin grabatzea polizia atzetik edukita gidatzea bezala zela, eta egia da”. Robinsonekin delay pedal bat erabili dute, “klaketa erdi humanoa”.

Kantuak grabatzen hasteko lehen pausoa kantuari buruz hitz egitea zen. “Esaterako, Bizitza etengabeko borroka da ideia hartu eta pentsatu behar genuen mundua bihar bukatuko zela, edo Iraila kantuan adibidez, esaten zidan pentsatzeko nire neska hilik zegoela eta belarrira abestu behar niola. Eszenario gotiko hori buruan eduki genezan nahi zuen, eta negar egitea. Eta egin dugu bai. Batzuetan kantua grabatzen amaitu eta elkar besarkatzen genuen”.

Galderren bateria da disko berriko nobedade nagusietako bat. Aitor Goikoetxeak taldea utzi zuenetik emandako 60 kontzertutan nolabait, hark egiten zuena imitatu behar zuen Izagirrek eta gogotsu zegoen bere ekarpena egiteko. Aitor “oso bateria jotzaile berezia zen, floritura gutxi egin arren sekulako bibrazioa zuelako”, dio Gorkak; Galder “basatiagoa da jotzerakoan, sortzaileagoa da, kreatiboagoa”. Bateriak indartsu entzun daitezke, abesti bakoitzeko partxe bat hausteko adina indartsuak.

Daviden baxuaren eta, batez ere Gorkaren gitarren kasuan, ezaugarri nagusiak pedalen esperimentazioa eta geruzen jokoa dira. Lehen bi kantuak grabatuta, kezka pixka bat eman zieten hirukoteari Robinson erabiltzen ari zen efektu eta soinu martzianoek, “baina erantzun zigun esanez berak askatasun osoa behar zuela gauzak proposatzeko, beldurrarekin joanez gero zerrikeria bat aterako zela”. Gorroto duten “piroteknia”-tik urrun eta ñabardura horiek guztiekin ere,Robinsonek kantuaren muina guztiz errespetatu du, jada eder zihoazen kantuak jantziz eta indartuz.Kantuei buelta bat gehiago eman diote denen artean, muturreraino estutu. Robinsonen motibazio injekzioei esker, abesten “inoiz baino solteago” egon dela dio Gorkak, “estudioak batzuetan dentista edo ospitale kutsu bat izaten du, oso zaila da etxeko sofan bazeunde bezain eroso sentitzea; han abesten, ahaztu egiten nintzen Ross Robinsonekin nengoela edo zazpigarren diskoa grabatzen ari nintzela, letran sartzen nintzen erabat”.

Instrumentuetan gordintasunaren eta gogortasunaren bila joan diren bezala, ahotsetan edertasunaren bila jo dute. Makuluak abestia adibidez, metal riff-ekin hasten da eta balada batean amaitzen da, batetik bestera noiz pasa den apenas nabari duzula. “Alderdi epiko bat badu, melodia beti izan dugu baina entzuten duzu Iraila, entzuten duzu Makuluak-en amaiera paisajistiko hori eta ikusten da horretan sakondu dugula, edertasun horren bila joan garela”, azaltzen du Gorkak.

Edertasun hori, beharbada, pop ukitu nabarmenak ere eman dio diskoari. Pop hitzak askotan atzeraka ematen du, baina, “guk aldarrikatu egiten dugu!”, dio Gorkak inolako konplexurik gabe. “Pop-a batzuetan arinkeriarekin lotzen da, Euskal Herrian zehazki hitz tabu bat da. Baina, jendeak ez dut uste ezustekoa hartuko duenik; pop-a beti egon da hor, gauza da igual ez diegula esan (kar, kar, kar)”.

FIDELTASUNA Argi dagoena da, diskoz disko proposamen berriekin etorri dela beti Berri Txarrak, horrek dakartzan arrisku guztiekin. “Ezinbestekoa da arriskatzea, taldea da entzulea zirikatu behar duena eta ez alderantziz. Jaio.Musika. Hil atera genuenean eta honetaz bizitzeko hautua egin genuenean, jende askok esaten zigun “ia zenbat irauten duen” eta gorroto dut esaldi hori, niretzat betiko iraun behar du edo horrek izan behar du behintzat filosofia. Irautearen ideia hori badago musikan zabalduta. Hainbeste urteren ondoren ez badauzkat gauza erakargarriak, Ross Robinsonekin grabatzea edo pedalak frogatzea, adibidez, aspertuko ginateke eta baita entzuleak ere”.

Zaleak zale mantentzen dira ordea eta proposamen berriak esku zabalik hartzen dituzte; horren adierazle da urtez urte eta diskoz disko, eurekin batera hazten joan den belaunaldi oso bat, “hori izugarria da, guretzat laudorio hoberena da, ezin da hitzez adierazi hori zer den”. Pazientzia beharko dute zaleek otsaila bitartean, merezitako atsedenaldiaren ostean mundu osoko oholtzak zapaltzen hasten diren arte. Bitartean, zuzenekora moldatuko dituzte kantuak, diskoan bezain zuzen eta sendo, eder eta gordin entzun daitezen.

‘HARIA’ ALBUMEKO KANTUEN ERREPASOA, GORKA URBIZUREN HITZETAN

SUGEA SUGE. Diskoari sarrera emateko kantu eta letra aproposa, oso indartsua, diskorako prestatzen zaitu hozkada batekin egindako ongietorriarekin. Musikari eta narrasti izatea lotzen dut eta metafora hori polita iruditzen zitzaidan.

ALBO KALTEAK. Ruperrek esaten zuen euskaldun izatea zein nekeza den. Hortik doa, zeintzuk diren gu geu izatearen albokalteak. HARIA. Badauka indar berezi bat, iluna eta argia da aldi berean. Toki batean zaudenean eta zure burua bertan ikusten ez duzun sentimenduaz ari da, askotan nola errepikatzen diren gauzak eta trakets edo ondo, baina dantzatzera behartuta zaudela.

GUDA. Gudak adierazten du askotan nola obsesionatzen garen helmugekin eta ematen du, adibidez, orain bizi dugun momentuan, zerbait amaitu dela. Baina borroka etengabea da eta noizbait hitz egin beharko dugu libre garenean egingo dugunaz.

LEPOKOAK. Zorionaren kontrako gauza pila horri buruzkoa da, rastafariek ‘Babilonia’ deitzen diote. Poliziari, telebistako zabor horri guztiari, mediokritateari egiten zaion kultu iraingarri eta amorragarriari kritika da. Orokorrean gure bizitza kaxkarragoa egiten saiatzen diren horientzat.

IRAILA. Maitasun kantu bat da. Diskoan dagoen kantu berezietako bat da eta gogo handia daukat zuzenekoetan jotzeko. Kanta hunkigarria da.

HARRA. Harra da musikaren harra, barruan daukaguna. Maitasun/gorroto kantu bat da musikari egindakoa, ‘geratzeko heldu zen’ eta hor daukagu zainetan, musika maite duenak badaki zertaz ari garen. Zuzenekoetan funtzionatuko duela uste dut.

MAKULUAK. Batzuetan gu geu gara makuluak jartzen dituena eta sarri geu gara aurrera egiteko soluzioak dituena. Ibiltzearen kontzeptua, diskoan dezente errepikatzen da, ‘atzera goaz aurrera ez bagoaz’ hori.

FAQ. Frequently Asked Questions. Apur bat deseroso jartzen zaituzten galdera pila horren inguruko hausnarketa da. Matt Sharkek abesten du gainera kanta honetan, Weezarden aritutakoa, kolaboratzaile bakarra izan da eta ohore bat da guretzat.

NON BESTELA. Zeure bizitzatik edo jendeak zutaz espero duen horretatik ihes egiteari buruzkoa da. Galdetzea zer gertatuko litzatekeen neska jaio izan banintz eta Iranen. Askotan preso egoten baikara geure pertsonaia horretan.

SOILIK AGUR. Teorian heriotza duinaren aldeko letra da, hiltzea erabakitzen duen gaixo baten istorioa da. Nik defendatzen dut norberaren erabakia izan beharko lukeela, batez ereminarekin amaitzeko erabakia bada.

LEHORTZEN. Kantu esperimentala eta berezia da. Letra ‘TheWire’ telesailetik ateratako letra da eta nire ustez oso ondo adierazten du gaur egungo egoera politikoa, jendea ze urduri dagoen, batez ere politikariak; ‘arraiak urduri daude’.

votos comentarios

(?)

Herramientas de Contenido

Cargando comentarios...

Gracias por su comentario


Publicidad

LAS FOTOS CURIOSAS DE LOS LECTORES

Fotos curiosas: Multa

SAFARI FOTOGRÁFICO: Envíanos fotos curiosas y divertidas y lleváte un estupendo pack del Athletic

Envíanos un email con tus imágenes

EL JUGADOR Nº 12. PUBLICAREMOS AQUÍ TUS FOTOS

Rojiblancos en Cibeles

¿Cómo animas al Athletic? ¿Cuál es tu atuendo de la suerte? ¿Qué cuelgas en el balcón?

Envíanos un email con tus imágenes


";

Tu información local

Selecciona tu localidad

Busca las noticias de tu localidad

Las fotos de los lectores

Twitter-noticiasbizkai
Twiter-athletic+

Publicidad