Publicidad
Herramientas de Contenido
[Entrar | Registrarse]
Publicidad
Laboaren ‘Orreaga’ kanta flamenkora egokitu du Manuela Carretta dantzari italiarrak. Koreografia Flamenkoko Laburmetraien II. Jaialdian aurkeztu berri da MadrilekoMatadero Sormen Garaikiderako Zentruan
Ane Undurraga - Martes, 13 de Diciembre de 2011 - Actualizado a las 12:27h
votos
comentarios
Manuela Carrettak Euskal Herrian dituen lagun batzuei esker ezagutu zuen Mikel Laboaren kantagintza. (FIORENZO ZANCAN)
Vista:
KKOLPEA, kantua eta dantza da flamenkoa, XVIII. mendean Andaluzian sortu zen musika eta dantza estiloa. Mende bat beranduago,Mikel Laboak Orreaga bezalako kantuekin egin zuena musika esperimentalista izan zen. XXI. mende honetan, biak uztartuta erakusten dizkigu Manuela Carretta koreografoak (1965, Schio). Laboaren Haika Mutil abestia jantzia du jada flamenkoz eta “bost urteko inkubazio lanaren ostean”, Orreaga abestiarekin ausartu da.
Flamenkora Londresen egindako egonaldiari esker hurbildu zen. Mikel Laboaren berri, aldiz, Euskal Herriko lagun batzuen bidez izan du. Flamenkoa hizkuntza oso aberatsa eta malgua dela iruditzen zaio dantzariari, jokamolde musikal desberdinekin jokatzeko aukera ematen duena. Eta ez du zalantzarik: Laboaren ahotsak forma artistiko askorekin jarduteko ahalmena du. “Bere ahotsak erraiak mugiarazten ditu eta sormena elikatzen du”, irizten du, baina “ez da erraza, bere esperimentazioak emozio asko ukitzen ditu”, onartzen du.
DANTZA, IRUDIA ETA SOINUA Dantza eta soinua erabakita, bi osagaiek forma hartuko duten lekua aukeratu du. Italian. Vicenzako Lago di Fimonen dagoen urgaineko ontziraleku abandonatua da koreografiaren espazioa. “Leku hotza, galdua, zaharkitua eta utzia da”, kontatu du. Urbia, Lekeitio,Aralar, Donostia edota Hendaia ezagutu ondoren Venetoko paisaian murgilduta ibili da koreografia prestatzen. “Munduaz isolaturik dagoen paraje predolomitiko honetan egia bilatu behar nuen, Laboak nigan pizten zuen benetako keinua edo mugimendua”.
Dantza sinplea da, “espazioak betetzen eta husten duena”. Noizean behin espazioak berak igortzen dituen haitzen eta egurren soinuak entzuten dira. Eta entzuten den irrintziak IX. mendeko Orreagako Guduko gerlari mozkorren irudia apurtzen du. Oro har, atrezzoa apala da, melodiak, mugimenduek eta inguruneak baitute benetako indarra. Soinekoa sinplea da. Gorria.
Flamenko dantzarien ohiko kolorea. Eta takoidun zapatak ere gorriak dira. Manuela Carretta makillajerik gabe ageri da.
Lan hau egitea bere premia bat betetzea izan dela kontatu du, denbora luzez Mikel Laboaren musika entzun eta ikertu ostean egin duena. “Urteak dira dantza, irudia eta soinua elkartuko zituen zerbaiten atzetik nenbilela”, dio. Horregatik aukeratu du ikus-entzunezko bideo bat osatzea. Bideoa bereziki “sormen prozesuan erabat sartzen naizelako eta irudiaren bidez xehetasun guztiak erakusten direlako”. Behin sormen prozesua egituratuta eta ikus-entzunezkoaren osagai guztiak interakzioan jarrita, Fiorenzo Zancan bideo ekoizlea hautatu du dantzariak. Bera izan da kamara atzetik koreografia harrapatu eta zortzi minutuko bideoa teknikoki ekoiztu duena.
“Euskal Herriko errealitate konplexuan sortutako musikan oinarritutako lan batek Madrileko FFLAC jaialdian interesa piztu izanak esanahia duela iruditzen zait”. Kontuan hartzeko kultur balio baten aitortza dela uste du. Orain, egindako lana erakusteko ordua iritsi dela esanez jaialdiaren zain dago Carretta, beste 17 hautagairekin batera lehiaketa sailerako hautatua izan dena. Horren ostean, proiektu honi segida ematekotan da. Dudarik ez du: orain arte Mikel Laboaren lurra eta sustraiak ikertu dituen bezala, Euskal Herrira joan-etorriak egiten jarraituko du.
Publicidad
Gracias por su comentario
Publicidad
Publicidad
Publicidad
05:40
05:40
05:40
05:40
05:40