Publicidad
Herramientas de Contenido
[Entrar | Registrarse]
Publicidad
‘Gloriaren Abestia’ aurkeztu berri du Khea Ziater antzerki taldeak. Musika eta zinemarekin lotutako maitasun-antzezlanarekin abiatu du taldeak etapa berria
LOHIZUNE AMATRIA - Miércoles, 28 de Diciembre de 2011 - Actualizado a las 13:42h
votos
comentarios
Kez inguratutako aktoreek ezin hobeto islatzen dute mina eta ezinegona.
Vista:
KEA oholtzan.Bikote baten hausturaren ondorengo azken sugarra inguratzen duen kea. Gloria telebista ikusten dago bere pentsamenduetan murgildurik, Takk-ekin izandako maitasuna gogoratzen du eta bere hutsuneak sortzen dion minetik aldentzen saiatzen ari da. Khea Ziater an-tzerki taldeak sortu du mina eta ezereza utzi duen maitasun hauskorraren Gloriaren Abestia antzezlana.
Pintura, musika, antzerkia, arkitektura eta poesiarekin ezinegonean zeudela abiatu zuten 1998 urtean, Bilboko Antzerkiola Imaginarioarekin (FTI) batera, Khea Ziater proiektua. Oraingoan jauzi bat egin eta ikus-entzunezko baliabide berriekin uztartutako lanarekin abiatu dute bigarren etapa. “Antzerkia sortzeko bide ezberdinetan berraurkitu gara”, azaldu du Gloriaren Abestia antzezlaneko zuzendari den Alex Gerendiagak. FTIak alderdi asko hartzen zituen bere baitan: hezkuntza eta inbestigazioan lan handia egiten zuten eta antropologian oinarritutako lanak ere egiten zituzten. Alex Gerendiagak argitu duenez, Khea Ziater zerbait pertsonalagoa da, asmo handirik gabekoa.
“Zerbait kontatzeko beharretik sortutako antzezlanak erakusteko intentzioarekin jaio zen Khea Ziater”, zehaztu du zuzendariak. Sorkuntza berrartzeko “gogoak eta beharrak” bultzatuta sei hilabetez dramaturgia bat sortzeko ideiak biltzen egon ziren. Azkenean, material propioa eta sortutakoa uztartzen zituen maitasun istorio bat proposatu zien Alex Gerendiagak eta ia aurrekonturik gabe, jarritako gogoei esker sortu zuten Gloriaren Abestia.
Antzezlanak bikote baten harremanaren haustura eta amodioren aurpegi guztiak erakusten ditu. Mina eta ezerezaren arteko hautuan, mina aukeratuko du protagonistak. Antzezlaneko une batean Takki dioen moduan “ezin dut zure musika entzun, eta nik dantzan jarraitu nahi dut, besterik ez”.
Gloria protagonistak musika entzun ezin duen arren, ikusleek Leonard Cohen-en abesti baten zuzeneko bertsioa entzun ahal izango dute eta baita Jean-Luc Godard-en film baten zati bat ikusi ere. FTIren lanetatik bereizteko bidea aurkitu dute ikus-entzunezkoetan, horregatik, zinemagintza eta musikarekin hertsiki lotutako dramaturgia sortu dute. Nahi zuten atmosfera sortzeko “beharrezko erremintak” direla deritzo zuzendariak. Denbora lerrorik gabe, hiru momentu bereizi nahi izan dituzte. Dantzen bidez, bikotearen une gozo eta maitagarrienak erakusten dituzte. Eguneroko bizitza, pertsonaien arteko elkarrizketetan islatzen da eta bakartasun uneak, berriz, soinu, atmosfera ilun eta testuekin. “Lana LeireUcharen koreografiek, Azegiñe Urigoitiaren jantziek eta Oier Ituarteren argiztapenak egin dute posible”, azaldu du zuzendariak.
OHOLTZAN ZER? Telebista bat, besaulki bat eta ezer gutxi gehiago. Oso material gutxi erabili dute oholtza betetzeko. Hala ere, pertsonaien gertakizun eta izaerak dira oholtza indarrez josten dutenak. Aipagarrienetakoa, ezkutatu eta ezinegona behartu eta sortzen duen pertsonaia da. Taldearen izenak iradokitzen duen moduan, kea. Teknikoki fokuen argia markatzeko balio du; hala ere, zuzendariari irudi eta atmosfera “indartsuak” sortzeko ere balio izan dio. “Keak zeresan handia dauka iraganarekin”, azaldu du Gerendiagak.
Kez inguratutako aktoreek ezin hobeto islatzen dute mina, ezinegona, ezereza: Gloria eta Takken arteko maitasunaren gainbehera. Arrate Etxeberriak haragitzen du protagonista gaztelaniazko bertsioan eta euskarazkoan Leire Uchak egiten du. Gloriak (zenbait aktoreen bidez antzeztutako pertsonaia izan arren) erabat finkatuta dauka izaera. Etxeberria haurdun zegoenean Uchak egin behar izan zuen bere papera eta orain, Ucha haurdun dagoela, alderantziz gertatu da.
Maitasun istorio batek eman dio hasiera Khea Ziaterri eta ondorengo lanak ere bide berdinetik joango direla dirudi. Antzerki taldeko kideek beraiek dioten moduan, Khea Ziaterrek “sorkuntzak ematen dituen aukeren hausnarketaz baliatuz, garena eta sentitzen duguna gure ogibidearen bitartez kontatzea du helburu”. Oraingoz, etorkizuneko proiektuak kea baino ez badira ere, argi dago sentitzen dutena aurkituko dugula euskal herri desberdinetako oholtzetan.
Publicidad
Gracias por su comentario
Publicidad
Publicidad
Publicidad
21:58
21:56
21:43
21:31
21:25