Saltar al Contenido

Períodico de Deia Grupo Noticias
kartografia - historia

Memoria txarraren kontrako kartografia

1643an Axularrek 7 herrialdeak aipatu zituen ‘Gero’n. Ordutik gutxik jarri dute zalantzan errealitate hori, baina azken urteotan Euskal Herriaren ideia ukatzeko joera hedatu da

IÑAKI MENDIZABAL ELORDI - Lunes, 2 de Enero de 2012 - Actualizado a las 12:41h

Euskal Herria argi eta garbi erakusten duten beste mapa bi. Goikoa 1946koa da eta behekoa, aldiz,1875ekoa.

Euskal Herria argi eta garbi erakusten duten beste mapa bi. Goikoa 1946koa da eta behekoa, aldiz,1875ekoa. (TXALAPARTA)

Galería Noticia

EUSKAL Herria entelekia bat dela esan ziguten, historia liburuetatik ezabatu zuten gure historia zaharra, eta modu folklorikoan kontatu ziguten gero, baina azken urteotan areagotu egin da kontu hau, inoizkorik indartsuen agertu direla zazpi herrialdeen errealitatea ukatzen dutenak. “Inongo lur nehurtzaileak, ez den herrialdearen kartografoak gara”, idatzi zuen behin Joseba Sarrionandiak, eta ideia horrek zirikatuta ondu du Mapas para una nación (Txalaparta, 2011) liburua Jose Mari Esparza idazle eta editoreak.

Esan legez, erasorik gogorrenak azken hamarkadan hedatu dira. “Garai batean denek onartzen zutena azken urteotan deabruaren kontua da”, dio Esparzak erdi asaldatuta. “2000. urtetik aurrera abiatu zen ofentsiba. Ibarretxe Planak eta independentziaren alde altxatu ziren ahotsekin urduri jarri ziren batzuk eta gauza horiek esaten hasi ziren: Euskal Herria ez dela existitzen, gezurra dela eta horrelakoak”, azaltzen du Txalaparta argitaletxeko editoreak. “Eskizofrenia moduko zerbait hedatu zen –jarraitzen du–, zeren ez duzu zertan Okzitania ukatu lurralde hori Frantzia dela esateko. Berdin esan liteke Bretainia edo Toskanagatik, edo beste hainbat lekuren inguruan. Baina hauek bai, Euskal Herria ukatu behar! Nik uste probokazio hutsa izan dela, ez besterik, baina pasatu egin dira asko. Tira, El País eta El Mundo k ere oraintsu arte erabili badute Euskal Herriarenmapa eguraldia erakusteko!”.

Ez dabil desbideratuta, azken urteotan ugaritu egin baitira era horretako adierazpenak. “Nafarroa kontutan hartuz Euskal Herriko historia erakusten duten ikastetxeak jazarri eta zigortu egin behar dira”, zioen Miguel Sanzek 2003an; 2008an Aznar ez zen atzerago geratu: “Euskal Herria fartsa bat da”; eta aurten bertan, maiatzean, Nafarroako Auzitegi Gorenak Euskal Herria hitza erabiltzen duten testu liburuak legez kontrakoak direla esan du. Gainera, maiatzerako EiTBko eguraldiaren mapa aldatuta zegoen jada. “Izugarria izan da, holakorik ez dugu ezagutu inoiz, eta orain hemen gabiltza, ebidentea dena erakusten, hau da, Euskal Herria aspaldiko kontzeptua dela eta kartografian ere aspalditik agertzen dela erakusten. Hori da liburuaren helburua. Estrabonek K.a. I. mendean aipatu zuen jada Wasconia, eta XI. mendeko mapetan ere agertzen zen. Baina tira, beraiek eginiko hiztegietan ere Euskal Herria ondo definituta agertzen da; begira dezatela hor, eta gero egin dezatela hitz”, gaineratzen du nafarrak. Bi urte eman ditu arakatze lanetan, eta 120mapa bildu ditu 35 artxibategi bisitatu ostean, baina ez hori bakarrik: “Seguru gehiago daudela, baina ni horraino heldu naiz. Niretzat ere deskubrimentu handia izan da mapa-sorta hau, eta kontu bitxiak aurkitu ditut, istorio harrigarriak, testigantza oso onak. Testuak atontzea, ordea, ez da izan lan zaila, gure historia aspalditik baitaukat landuta”.

"Azken urteotan euskaldunon historiari buruz argitaratu diren gauzarik onenak Unibertsitatetik kanpo egin dira”

NORBANAKOEN LAN ESKERGA “Euskaldunok zenbat idatzi dugun mitologiaz, historiaz, folkloreaz, hizkuntzaz, gastronomiaz... Elementu guzti horiek asko arakatu dira, eta kartografia batere ez. Bageneukan Bonaparteren maparen irudia, baina hori bakarrik. Igoal pentsatu dugu hori izango zela bakarra?”, galdetzen du Esparzak. Gure historiarekin –eta historiaren berrirakurketarekin– zerikusia duen beste kontu bat aipatzen du nafarrak. “Nago gauzak hobeto egiten ari direla azken urteotan, baina zer agertzen ari da? Betidanik salatu izan duguna, euskaldunon kontrako hainbat bidegabekeri egin direla. Nafarroako konkistarena, esaterako. Anexio baketsua izan zela saldu nahi izan digute konkista lotsagarria izan zena. Gure historian badago zer arakatu. Eta behin eta berriz esan beharko genituzke kontu hauek, ahaztu ez ditzagun”.

Ez da Jose Mari Esparza Euskal Herriko historia arakatzen dabilen bakarra, eta horren inguruan salaketa argi bat egiten du: “Azken urteotan euskal historiari buruz atera diren gauzarik hoberenak Unibertsitatetik kanpo atera dira, hau da, norbanakoen ahaleginari esker. Batzuk Unibertsitateko irakasleak dira, bai, baina euren kabuz egin dute lan eskerga. Zertarako ditugu, bada, hainbat Unibertsitate?”, galdetzen du, erantzuna ere berak botatzen duela: “Maparena bezalako eztabaida lotsagarriak ateratzen direnean egin beharko litzateke ikerketa txiki edo handi bat Unibertsitatean, edo animatu ikasleak molde horretako tesiak egitera”. “Ni ez naiz historialaria, ni editorea naiz –errepikatzen du Esparzak–. Zergatik egin behar dut nik hau eta ez alorreko profesional batek?”.

Gaur egun euskaldunok gure herrialdeaz dugun mapa alegiazkoari buruz galdetuz gero, susmabera agertzen da Txalapartako editorea: “Nik ez dakit ze ikusmolde dagoen Bizkaian edo Gipuzkoan edo Araban, gero eta jende gehiago ikusten dudalako PaísVasco eta Navarra esaten, horrela, bata bestearen atzetik, eta horiek horrela ez dira existitu sekula! País Vasco horretan beti egon da Nafarroa. Badirudi Nafarroa Euskaditik urruntzeko ahalegin bat dagoela, eta horiek Iparralde are urrunago ikusiko dute, jakina. Abertzaleon imajinario kartografikoa oso argi dago, zazpi probintziak eta kitto, baina gero esango nuke gure politikoek ez dutela ideia hori hain barneratua”.

votos comentarios

(?)

Herramientas de Contenido

Cargando comentarios...

Gracias por su comentario


Publicidad

LAS FOTOS CURIOSAS DE LOS LECTORES

Fotos curiosas: Multa

SAFARI FOTOGRÁFICO: Envíanos fotos curiosas y divertidas y lleváte un estupendo pack del Athletic

Envíanos un email con tus imágenes

EL JUGADOR Nº 12. PUBLICAREMOS AQUÍ TUS FOTOS

Rojiblancos en Cibeles

¿Cómo animas al Athletic? ¿Cuál es tu atuendo de la suerte? ¿Qué cuelgas en el balcón?

Envíanos un email con tus imágenes


";

Tu información local

Selecciona tu localidad

Busca las noticias de tu localidad

Las fotos de los lectores

Twitter-noticiasbizkai
Twiter-athletic+

Publicidad