Publicidad
Herramientas de Contenido
[Entrar | Registrarse]
Publicidad
Erein argitaletxeak berriki abiatu duen Haran bilduma berriak bere koordinatzailearen zigilua darama: independentzia. Antxon Lafontek kaleratu dituen lehendabiziko obrek gaurkotasuna, egile ezagunak eta orri gutxiko liburuxka merkeak dute ezaugarri
MARTA MORALES - Lunes, 23 de Enero de 2012 - Actualizado a las 13:16h
votos
comentarios
Haran bilduman idazleak berak erabakitzen du zer hizkuntzatan idatzi. “Ez dugu itzulpenik egiten”, dio Lafontek. (JUAN LAZKANO)
Vista:
ANTXON Lafontek (Donostia, 1935) liburuekin harreman estua izan du beti. Txikitan, bere aitaren bibliotekan, garai hartan debekatuta zeuden liburu guztiak topatzen zituen. Orduan piztu zitzaion liburuen gosea ez da inoiz asetu. Hortaz, Erein argitaletxekoek Haran bilduma bere gain hartzeko eskaintza luzatu ziotenean, berehala onartu zuen. Eskatu zuen gauza bakarra bere independentzia mantentzea izan zen. Izan ere, proiektu honen sortzailea Lafont bera da. Gaurkotasun gaiei buruz idazle ezagunak idatzitako orri gutxiko liburuxkak batuko zituen bilduma, hain zuzen ere. Batetik, gizartean kultura eza gero eta nabariagoa dela ikusita, eta, bestetik, norberak dakiena zabaltzeko beharra duela sinestuta, behar horiei erantzuna emateko erabakia hartu zuen Lafontek.
“Ekimen kultural oro komunikaziorako bidea da, hausnarketa bultzatzeko era bat. Bildumaren izenburuak dioen moduan: Dakizuna zabaldu. Hori da proiektu honen helburua: Ezagutzak transmititu nahi ditugu eta, aldi berean, gure gizartean hausnarketa bultzatu”, azaldu zuen Lafontek, Bilbon egindako elkarrizketan. Proiektu berriari buru-belarri ekin zion Ekonomia Aplikatuan doktore honek, Baionako Merkataritza Ganberako eta EAEko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordekoko burua ere izan denak. Bi hilabeteren buruan, lehenengo hiru liburuak Durangoko Euskal Liburu eta Diskoaren Azokan zeuden. 50 orri baino gutxiagoko liburuak, bost eurotan. “Gehiago irakurri behar dugu. Gehiago irakurtarazi behar dugu gizartea. Eta, horretarako, formatu txikiko liburuak aukeratu behar ditugu. Merkeak. Jendearengan interesa piztuko duen gai sakonak ondo azaldu eta aurkeztuko dituen liburuak. Hori baita liburu handiagotara jotzeko bide bakarra”, nabarmendu du Haran bildumaren zuzendariak.
ENERGIA NUKLEARRA AZTERGAI Lehen liburuan, La alternativa nuclear izenburukoa, Fukushima zentral nuklearrean iazko martxoan gertatutakoa aztertu, baita Euskal Herrian horren inguruan egondako borrokak gogorarazi ere egin ditu Jose Allende katedradunak, Euskal Kostaldearen Aldeko Komisioaren koordinatzailea izandakoak. “Garrantzi handiko gaia da hau. Elkartasuna ez baita epe laburrean neurtu beharko, gizakiaren kultura orokorra baita”, defendatu du. Ostean, Fernando Larruquert zinemagileak eta Fito Rodríguez idazle eta EHUko irakasleak irudien eta errealitatearen arteko harremana aztertu zuten Aprender a mirar liburuan. “Begiratzen ikasi behar dugu, benetan ikusten ari garenaz jabetu ahal izateko”. Azkenengoz, Euskal Herrian bizi ditugun garai berri hauekin lotuta, Odio, Perdón, Venganza, Paz liburua kaleratu zuen, Garbiñe Biurun EAEko Auzitegi Nagusiko Lan-arloko epaimahaiko presidenteak eta Joxe Arregi Deustuko Unibertsitateko irakasleak idatzita. Lafonten ustez, “horrelako mementu historiko batean” horrelako hitzei buruz berba egitearen beharra “sinestezina da. Gorrotorik ez balego, barkamena automatikoki gertatuko zen. Eta mendekurik ez balego, bakea errealitate bilakatuko zen”.
“Gehiago irakurtarazi behar dugu gizartea eta horretarako, formatu txikiko liburu merkeak aukeratu behar ditugu”
Orotara, bosten bat liburu atera nahi dute urtero, eta gairen bat jada aukeratuta dauka Lafontek. Horrela, hurrengo liburua kazetaritzari buruz izango da. “Egun, nork agintzen du? Bankuak. Eta nortzuk dira komunikabideen jabeak? Bankuak. Hauen aurrean herritarrenena izan beharko zen potea desagertzen da”, salatu du. Hala ere, idazleek nahi duena idatzi ahal duela azpimarratu du. “Nik gaia proposatu besterik ez dut egiten”, argitu du.
AMAMAREN MARMITAKOA Orain arte aukeratutako gai gehienen funtsa teorikoa izan bada ere, etorkizunari begira arlo praktikoa ere landuko dela ziurtatu du Lafontek. Besteak beste, etxeko gastronomia jorratzeko ideia buruan du bueltaka. “Ez naiz izen handiko sukaldarien errezetetaz ari, baizik eta norbaiten amamak egiten duen primerako marmitakoaz”. Finean, liburuak irakurleengana hurbiltzea du helburu, eta, bide horretan, formatu digitala oso erabilgarritzat jotzen du.
Bere ustez, “liburu txiki bat jaisteko ez dago ebook baten beharrik, e-postarekin nahiko da. Eta horren truke ordaindu beharrekoa diru kopuru txikia izango da, txikleak edota preserbatiboak erosteko beste”. Idazle bakoitzak berak zein hizkuntzatan idatzi nahi duen erabakiko du, eta, ez dutela itzulpenik egingo aurreratu zuen Antxon Lafontek. “Euskal Herrian hainbat hizkuntza hitz egiten dira, hori dugu errealitatea, eta horretaz ohartarazi nahi dugu jendea”, nabarmendu zuen.
Publicidad
Gracias por su comentario
Publicidad
Publicidad
Publicidad
08:15
05:40
05:40
05:40
05:40