Publicidad
Herramientas de Contenido
[Entrar | Registrarse]
Publicidad
Josu Martinez zinemagile bilbotarraren ideia batetik abiatuta, bost euskal preso politikoen inguruko dokumentala egiten ari da Zinez produkzio-etxea
LOHIZUNE AMATRIA - Martes, 14 de Febrero de 2012 - Actualizado a las 11:44h
votos
comentarios
Urtarrilean egin zuten azken batzarra; orain lana editatzen ari dira. (R. PLAZA)
Vista:
EGUN askotan aurkitzen da preso dauden edo egondako euskaldunen aldeko edo kontrako albisteren bat. Biktima edo heroi bihurturik ikuspegi soziopolitiko batetik hitz egiten da gehienetan preso politikoei buruz. “Pertsona izaera ukatzen zaie beti, terrorista multzo zehaztugabe batean sartuta”, deritzo Josu Martinez zinegileak. Pertsonaren ikuspegitik eta politikan sartu gabe, beste lau zuzendarirekin batera ari da bost presoen lekukotza bilduko duen Kartzelako Poemak film kolektiboa ekoizten.
"Presoen atzean dauden istorioak eta sufrimendua islatu nahi dugu. Finean, humanizatu egin nahi ditugu”
Presoen gai konplexu eta polemikoan sartu dira, eta, horregatik, bi jauzi garrantzitsu eman nahi izan dituzte: bata azpiegitura aldetik eta bestea forma aldetik. Kartzelako Poemak (hori lanaren behin behineko titulua da) film luze baten erronkei behar bezala erantzuteko gai izan behar duela deritzo Josu Martinezek; horregatik, komunikazioan eta ikus-entzunezkotan adituak diren bere inguruko konfiantzazko pertsona batzuk bildu eta Zinez produkzio-etxea jarri du martxan. Era guztiz profesionalean baina, auzolanaren dinamika galdu gabe arituko dira eta norbanakoak proiektuarekin bat egiteko, ekarpenak onartu, formatu txikiko kultur ekitaldiak antolatu eta Martinezen aurreko filmen salmenta abiatu dute. Filma aurtengo Donostiako Zinemaldian aurkezteko asmoa dute.
Gaur egun 700 euskal preso politiko inguru daude eta, ondorioz, 700 bizipen eta istorio ezberdin izan dituzte dokumentalean sartzeko. Bakar bat aukeratzeko zailtasuna ikusita, Josu Martinezek bost protagonisten istorioekin egituratutako dokumentala eraiki du. Berarekin batera, Txaber Larreategi,Mireia Gabilondo, Eneko Olasagasti eta Enara Goikoetxea zuzendariak dabiltza lanean. Bakoitzak preso baten istorio independentea lantzen du eta Josu Martinezek hartu du egitasmoa koordinatzeko lana.
“Zuzendari bakoitzak askatasun osoa izan du bere istorioa nahi duen bezala planteatzeko, eta orduan pieza diferenteak egongo dira”
Grabazioak urtarrilaren 15ean amaitu zituzten eta orain bost istorioekin film bakar bat sortzeko muntaia lanetan dabiltza. “Zuzendari bakoitzak askatasun osoa izan du bere istorioa nahi zuen bezala planteatzeko eta orduan nahiko pieza diferenteak egongo dira”, azaldu du Josu Martinezek. Zuzendari bakoitza bere muntaketa egiten ari da, horregatik aurrerantzean haien sormena batu eta bost istorioen arteko lotura artistikoak bilatu beharko dituzte: “Ikasten ari gara, oinez gabiltzan bitartean ikasten, hain zuzen”.
BOST PROTAGONISTA, BOST ISTORIO Ibilbide eta belaunaldi desberdineko zuzendariek istorioetan ere aniztasuna bilatu dute. Bost preso politiko, bost lekukotza eta bost bizipen ezberdin bilduko ditu dokumentalak. “Ez da izan bost preso hautatu eta berehala bostak baiezkoa eman dutela, batzuetan ate bat baino gehiago jo behar izan dugu”, azaldu du egitasmoaren sortzaileak. Berak izen batzuk proposatu eta zuzendari batzuk haien izenak ekarri dituztela argitu du. Espetxeratu behar dutela ziurtasunez dakien Segiko kide izandako gazte baten lekukotza zuzendu du Josu Martinezek. Adinarengatik “oso gertu” sentitzen dela argitu du; izan ere, militante izan ez den arren, pertsona horri gertatu zaiona berari edo inguruko edozeini gertatu ahal zaiola sentitzen du. Hori da hain zuzen dokumentalarekin erakutsi nahi duena. Espero zuena baino lehenago espetxeratu dute bere protagonista eta ez da hori grabatzera iritsi; hala ere, kartzelara sartu aurretik berarekin biltzeko aukera izan du zinemagileak.
Kanpotik barrura sartzen den gazte baten istorioa kontatuta, barrutik kanpora ateratzen den pertsona baten istorioa islatzea egoki ikusi dute zuzendariek. “Joko bezalako bat dago gure istorioen artean, berea (Josu Martinezena) sartzen dena eta nirea irteten dena”, azaldu du Larreategik. Kartzelara sartu eta gauza asko galdu egiten direla baina beste asko irabazten direla erakutsiko du zortzi urte kalean daramatzan protagonistak. “Kartzela ez da frigorifiko bat, sartu eta irtetean denak berdin segitzen duena, zu aldatu zara eta ingurua ere aldatu egin da... kostatzen da berriro egokitzea”, argitu du Larreategik. Ideia horretatik abiatuta egituratu du Enara Goikoetxeak bere istorioa. Lehen horrelako egitasmo bat aurrera eramateko asmorik izan ez arren, barne aldaketa eta kanpo aldaketaren arteko jokoa planteatu du. Preso egokiarekin topo egin eta gizartearen eta norberaren aldaketak nolako bidaia egiten duten aztertu du.
Zuzendari gisa dokumental bati heltzen dion lehenengo aldia da Mireia Gabilondorentzat, eta egitasmoa aurkezteko egindako prentsaurrekoan eskerrak eman zizkion Zinezi bera kontuan hartzeagatik. 20 urte inguru kartzelan daraman emakume baten istorioa zuzendu du eta bizitza kartzelan pasatzea zer den azalduko du. Istorio hau espetxean kokatzen den arren, kartzela kanpotik baino ez dute grabatu eta presoekin harremanetan jartzeko bestelako baliabideak erabili dituzte. Ingurukoen testigantzak eta gutunak erabilita, baimenik ere ez dute eskatu behar izan espetxe barruan filmatu ahal izateko. Eneko Olasagastik zuzendu duen istorioa ere bitxia da. Motibazio pertsonala du eta Martinezen proposamen gisa iritsi zen bere eskuetara. Bere aspaldiko lagun baten inguruan mintzatuko da. Dokumentaleko protagonista bilakatuz, bere lagunarekin izandako harremanaren berreskuratzea aurkeztuko du eta, horregatik, emozio aldetik “sekulako bidaia” izaten ari dela aitortu du.
Grabazioak amaituta, argitu dute ez dela zailtasun askorik egon. Esaterako, poliziarekinLarreategik bakarrik izan ditu arazoak. “Txorakeria” bat dela esan duen arren, grabatzera zihoazela eta agenda nahiko estu zutela ordu eta erdi egon behar izan zuten poliziak jarritako kontrol batean. “Hortik aurrera izan ditugun zailtasunak film guztietan agertzen direnak dira”, azaldu du Martinezek..
PRESOEN GIZATIARTZEA Aurretik ere euskal gatazka landu izan du Martinezek eta Itsasoaren Alaba (2009) eta Sagarren Denbora (Josu Martinez eta Txaber Larreategi, 2010) egin ondoren, hirugarren bat “inposatzen” zitzaiola aitortu du. GALek hildako pertsona baten alabaren istorio humanoa erakutsi zuen lehenengoan, eta, bigarrenean, erbesteratzea pairatu duen bikote baten maitasun istorioa. Eginbehar horretatik sortu den hirugarrena ere ildo beretik egin nahi izan du: “Pertsonaren ikuspegitik eta hain justu pertsonak humanizatuz”.
Orokorrean esanguratsuak diren pertsona jakin batzuen egi inperfektuaren zati txiki bat xuxurlatu beste asmorik ez dute eta, egoera aldakorra denez, presoen izenak isilpean gordetzen dituzte. Dokumentalaren grabazioa eta muntaia amaitzen dutenean emango dituztela argitu dute, orain egiteak beren egoeran eragin lezakeelako. Filmaren prestaketa abiadura onean doa eta irailerako prest izango dutela diote. Aurtengo Zinemaldira aurkezteko asmoarekin, presoen gizatiartzean ekarpena egin nahi dute eta horregatik gaiarekiko hurbil eta bereziki urrun sentitzen direnengana iritsi nahi dute. “Lortu nahiko genukeena da ikusi dezatela preso horiek ere pertsonak direla eta badaukatela atzean sufrimendu istorio bat”, dio Martinezek. Enpatia lortzea da azken finean bost zuzendarien helburua: “Denok daukagu Euskal Herrian lagun bat, ezagun bat edo ezagun baten ezaguna, preso dagoena edo preso dagoen baten alaba edo lehengusua dena; jende horien larruan jartzea da kontua”.
Publicidad
Gracias por su comentario
Publicidad
Publicidad
Publicidad
13:14
12:56
12:48
12:33
12:30