Publicidad
Herramientas de Contenido
[Entrar | Registrarse]
Publicidad
Agerre teatro talde euskaldunak Txileko eta Argentinako antzokietan aurkeztu ditu bere lanak
MARTA MORALES - Lunes, 20 de Febrero de 2012 - Actualizado a las 13:29h
votos
comentarios
Bere biran, Agerre Teatroak ‘Puta zahar alkauete Zelestina’ eta ‘Zu ere On Kixote?’ obrak antzeztu ditu. (RODRIGO LEON)
Vista:
LATINOAMERIKATIK heldu berria dela harrapatu dugu Maite Agirre aktorea (Zarautz, 1955). Bi hilabete eman ditu bertan, buru-belarri lanean, zuzentzen duen teatro taldearekin, Agerre. “Esperientzia oso ona izan da, ahaztuezina”, ziurtatu du. Lehenengoz, Argentinako Experimenta 12 nazioarteko jaialdian egon ziren, abenduaren 6tik 13ra bitartean. Bertan, beste antzerki talde batzuekin elkarlanean aritzeko aukera izan zuten, baita aurkeztutako lan bakoitzaren “desmontaia” egiteko ere. “Norberaren lanaren zoko guztiak miatzen dituzte, denon artean komentatzeko. Benetan oso aukera ona da, bai besteengandik ikasteko, bai gurea irakasteko”, azaldu du.
Txiloeko FITICH jaialdiaren egonaldia ere berezia izan zen oso. Urtarril osoa eman zuten bertan, festibala, berez, 13ra arte hasi ez bazen ere. Ozeano Pazifikoan kokatutako artxipielago txiletar honetako irla guztietara heltzea du xede jaialdi gazteak. “Han kontraste handiak bizi genituen. Alde batetik, oso antzoki politetan antzeztu genituen gure lanak, baina, bestetik, irla txikienetara ere joan ginen, non askotan ez zen sekulan antzerkia iritsi. Azken hauetan, publikoarekin une berezi, xarman eta txundigarriak sortu ziren”, oroitu da Agirre. Emanaldiak hasi baino lehen, herriko jendeari euskal musika eta hizkuntza erakusten zizkioten. “Kantutan aritzen ginen bitartean, trikitixa jotzen genuen. Euskaldunak gara, eta, herri ezberdin bat garela erakustea inportantea da guretzat”.
Hango errealitatea eta kultura ezagutzeko parada ere izan zuten Agerre teatroko kideek. Atzerrira lanera joan diren bakoitzean –eta askotan doaz–, bere lanak birmoldatzen dituzte, bertako errealitatea eta bitxikeriak uztartuz. Gainera, bertako aktoreei bere antzezlanetan parte hartzeko aukera eskaintzen diete. “Txiloeko ekipoan hamar lagun ginen: Euskal Herriko hiru, bertako sei aktore, eta beste antzezle kolonbiar bat. Lan gogorra da, baina merezi izan du”, ziurtatu du.
TXILOEKO HUILLICHES KOMUNITATEA Bi hilabete hauen mementurik berezienetariko bat Huilliches komunitatearekin elkartu zirenean izan zen. “Haien egoitza batera eraman gintuzten. Inguruan etxerik ez zegoen, mendian geunden. Eta, horrela eta guzti, gure antzezlana ikustera etorri ziren, kulturarekin oso ardura handia duen herria baita”, nabarmendu du. Puta zahar alkauete Zelestina bere antzezlan ezaguna eraman zuten Latinoamerikara, Experimenta 12 jaialdiko antolatzaileek espresuki eskatuta. “Zelestina oso arrakastatsua da beti. Berdin Euskal Herrian, Afrikan nahiz Argentinan.
Inoiz ez dakizu zure burua nola kokatu emakume honekiko. Bere misterioarekin geratzen da beti, harrapatu ezina, eta hori oso aberasgarria da”, agertu du. Txiloeko FITICH jaialdi txiletarrean, berriz, Zelestina obrarekin batera, estreinatu berri duten Zu ereOn Kixote? lana ere aurkeztu zuten. “Oso freskoak dira biak, musikalak, sentsualak, kontraste handikoak. Ikuslea ezustekoan harrapatzen dute beti baina, nahiz eta hasieran jendea agian beldurtzen duten, segituan jokuan sartzen da”, azaldu du. Etorkizunari begira, bi antzezlan hauekin oraindik ere proiektu asko dauzkate. Izan ere, egun hauetan, lanez gainezka dabiltza, hilaren 18an Barakaldoko Antzokian Zu ere On Kixote? antzeztuko baitute. Hori bai, gaztelaniaz, euskarazko bertsioa prestatzeke baitago. Horixe izango da, hain zuzen ere, hurrengo proiektua, Imuntzo eta Beloki trikitilariekin, heldu, ume eta familia osorako euskarazko On Kixotea sortzea. “Imuntzo eta Beloki ikusita, bat-batean, On Kixote eta Santxo Pantza ikusi nituen”, adierazi du Agirrek, txantxetan.
ITXAROPENA ETA ETORKIZUNA Hala ere, Euskal Herrian antzerkigintzan aritzeko zailtasunak direla argi dauka Agerre teatro taldearen zuzendariak. “Hemen ez dago lanik gauden talde guztiontzat. Beraz, guk kanpora joan beharra dugu lan egitera. Euskal Herrian horrela izan da beti. Eta, guztietan, besoak zabalik hartu gaituzte. Horrexegatik –gaitzetsi du– Euskal Herrian kanpotik etortzen denarekiko dugun jarreraz lotsatzen naiz. Herri horiek lehendabiziko munduarentzako itxaropena ditugu, baita etorkizuna ere”.
Publicidad
Gracias por su comentario
Publicidad
Publicidad
Publicidad
21:58
21:56
21:43
21:31
21:25