Publicidad
Herramientas de Contenido
[Entrar | Registrarse]
Publicidad
XABIER MENDIGUREN ELIZEGI - Lunes, 20 de Febrero de 2012 - Actualizado a las 13:39h
votos
comentarios
Santuak eta letrak ASPALDI honetan han-hemen komentarioak ikusi ditut, zein aspergarriak eta errepikakorrak diren prentsaurrekoak, nolako morrontza dakarkioten kazetaritzari, eta ze joko gutxi uzten dioten argazkilari bati. Prentsaurreko guztietarako balio duen baieztapen horrek esanahi osoagoa hartu lezake liburu-aurkezpenetan, sormen gorenaren fruitu izan nahiko lukeen produktu hori jendartean zabaltzeko ez baitugu asmatzen formula irudimentsurik. Halaxe esan zigun argitaletxeko arduradun batek ere aspaldi ez dela: “Aspertuta nago zuen aurpegiak periodikoetan ikusten”. Ikusiko ez balitu gehiago kexatuko zen baina.
Berezkoa dirudien iragarpen modu hori ez da betidanikoa ordea, eta barkaidazu aittitte xaharren moduan garai bateko abenturak kontatzen hasten banaiz. 1988an hasi nintzen Elkar argitaletxean editore. Aurreko urtean hasiak ziren libururen batekin promozio bereziak egiten (Joxe Austin Arrietaren Manu militari miresgarri hura), baina nik pentsatu nuen salbuespena ez baizik eta araua izan behar zuela hark, liburu bakoitzari eskaini behar zitzaiola arreta eta bultzada.
Lehenengoa Juan Luis Zabala izan zen, Gertaerei begira ipuin liburuarekin. Egilea ezagutzen nuenez, eta bere obrak estimazio handiagoa merezi zuelakoan, hitzaurre bat ere idatzi nion, bigarren estreinaldi bat, nolabait ere. Komunikabideak deitu, eta Euskararen Udal Patronatuak Donostiako Konstituzio Plazan zeukan Euskal Txokoa delako gunean egin genuen zita. Denok ginen ia-ia hasiberriak: idazlea, editorea, kazetarientzat ere berria zen liburu baten kaleratzea albiste bihurtzea (Diario Vasco egunkariak, oker ez banago, orduantxe kontratatu berri zuen Felix Ibargutxi; Egin-etik Joxean Agirre azalduko zen; irrati pare bat, horiez gain). Sistemak funtzionatu egin zuen: ez bakarrik gu, argitaletxe guztiak hasi ziren berehala aurkezpenak egiten, eta laster ez ginen gogoratzen ere halakorik egiten ez zen garaiez.
Ez dezagun ahaztu, literaturaz ari baldin bagara, ‘santuak’ amua izan behar duela, lagungarri eta akuilu; zinez inporta duena barruko ‘letra’ baita
Beste zerbaitetan ere izan zen aitzindaria Zabalaren liburua: ordura arte euskal liburuetan ez zen idazlearen argazkirik agertzen: testua norbaitek idatzia zen, eta nor horrek bazuen izena, baina ez izan horri zegokion irudirik. Beste kultura batzuetan bezala, gure sortzaileak ere “bisualizatu” egin behar zirela pentsatuta hasi ginen erretratua paratzen, eta horretan ere arrakasta izan zuen ideiak, handik gutxira horixe bihurtu baitzen normalena argitaletxe guztietan. Urteotan gure kulturak bide luzea egin du: profesionalizaziorantz, normalizaziorantz, hazkunde kuantitatibo eta dibersifikazio kualitatiborantz.
Hobekuntzak goratzearekin batera, erraza da, noski, nostalgiko jartzea, eta esatea orduan bai jatorrak eta puruak, orain dena merkantilizazio eta homologazio-nahi eta fribolizazioa delakoan. Aldi berean, ordea, promozio bide berriak zabalduz joan dira: idazleak irakurleekin harremanetan jartzeko bide zuzenak, dela irakurle txokoen dela errezitalen bitartez; sarearen posibilitate zenbatuezinak, bideoak, book trailer-ak eta enparauak.
Gauza bat gogorarazi behar, halere: garai bateko aldizkarietan, elizako hagiografietan oinarrituta, “santua” esaten zitzaion alderdi grafikoari eta “letra”, berriz, testuari. Ez dezagun ahaztu, literaturaz ari baldin bagara, santuak amua izan behar duela, lagungarri eta akuilu; zinez inporta duena barruko letra baita. Orain, lehen eta gero.
Publicidad
Gracias por su comentario
Publicidad
Publicidad
Publicidad
13:19
13:14
13:03
12:56
12:48