Saltar al Contenido

Períodico de Deia
josune muñoz euskal filologoa, ikerlaria eta skolastikaren zuzendaria

"Eskuliburuetan ez gauden bitartean, beharrezkoa da kritika literario feminista"

Ane Araluzea - Viernes, 14 de Septiembre de 2012 - Actualizado a las 05:39h

  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti
Muñozen ustez, “komiki feminista teoria feministaren eraginpean eginda dagoela nabaritzen da, edukiak eta irudiak planteatzeko moduagatik”.

Muñozen ustez, “komiki feminista teoria feministaren eraginpean eginda dagoela nabaritzen da, edukiak eta irudiak planteatzeko moduagatik”. (Pablo Viñas)

Galería Noticia

Josune Muñozek (Bilbo, 1967) euskal filologia ikasi eta literaturaren irakurketa feministari ekin zion; nolabait, literatura kritikan beharrezkoa zen ikuspuntu berri bat aztertu nahian. Egun, emakumea eta literaturaren inguruko hainbat ikastaro ematen ditu Skolastikan

bilbo. "Leiho bat, ate bat, gela bat, liburutegi bat, talde bat...", Skolastika deskribatzeko izen asko aipa-tzen ditu Muñozek; hain zuzen ere, "emakumeak eta kultura, emakumeak eta literatura" aztertzen dituen elkargunea, ikergunea eta eskola. Bilboko bihotzean kokatutako txoko horretatik aztertzen du literatura; betiere ikuspuntu kritiko feminista ardatz bezala izanik.
Emakumezkoen literatura eta literatura feminista ezberdintzen dira. Zein da bien arteko aldea?
Emakumezkoen literatura munduko eta garai guztietako emakumeek sortutako literatura da, horrek ez du esan nahi feminista izan behar duenik. Literatura feminista teoria feministetan oinarritzen den idazteko era bat da: gaien sentsibilitatean, pertsonaien nortasunean, leku batzuk hautatzeko aukeran... finkatzen da. Feminismoak, berez, ez du literatura mota bat sortu. Baina literatura feministan badago emakumearen egoeraren salaketa, emakumeen eskubideen defentsa...
Egungo editoreek gizonezkoek ida-tzitako literaturarengatik apustua egiten jarraitzen al dute?
Oso gai eztabaidagarria da. Literatura merkataritza kontua bilakatu da: eskaera-eskaintzan oinarritzen da. Emakumeen liburuak asko irakurtzen badira, editoreak emakume gehiago hartzen saiatuko dira. Gaia haratago doa: Zein da emakume horiek argitaratzen dituzten liburuen harrera? Eta, batez ere, harrera kritikoa? Euskal emakume asko dago idazten, baina oraindik ez gara kanonikoak, ez gara ereduak eta ez gara eskuliburuetan agertzen.
Ingeles literaturan, aldiz, badaude kanonizatutako hainbat emakume: Jane Austen, Brontë ahizpak, Virginia Woolf...
Inon kultura baten emakumeak kanonetan sartzea lortu badute angloxasoian izan da, baina gu horretatik urrun gaude. Beraiek dira gure eredua.
Emakumezkoak eta gizonezkoak ezberdintzeko parametrorik erabiltzen al dute kritikoek?
Urte luzetan salatu dut kritikoen aldetik aurreiritzi asko egon dela, eta baita ere emakumeen liburuei klasikotasuna emateko erresistentzia handia. Erabat beharrezkoa izan da kritika literario feminista sortzea eta garatzea; baita emakumeen lanak unibertsitateetara heltzea, beraien benetazko neurrian, garrantzian eta kalitatean ikus daitezen.
Zergatik goraipatzen da emakume batek idatzitako nobela arrakasta izatera heltzen denean?
Oraindik arrunta ez delako. Adibidez, gizonezkoen bost-sei liburu eta emakumezkoen hiru liburu ager-tzen badira, gehiago dira gizonezkoak; baina, hala ere, normala ez denez, emakumezkoen presen-tzia azpimarratzen da. Iraganean emakumezkorik ez egoteak ez du esan nahi egungo egoera ideala denik. Gure presentzia azpimarratzen ez denean, orduan jakingo dugu gure egoera normalizatu egin dela. Distortsio handia egoten da, fenomeno extraliterarioak baitaude barruan.
Orduan ez da egia gizonezkoek gehiago idazten dutenik.
Hartzen diren iturrien arabera. Literatur lehiaketetara jotzen badugu ez; neskak askoz gehiago aurkezten dira. Baina, orokorrean, emakumeok zailtasun handiagoak ditugu sortze lanetan murgiltzeko: amatasuna, matxismoa, denbora eza... Pixka bat gehiago idazten dute emakumeek, baina harrera ezberdina da gizartean, kulturan, literatur munduan eta baita familian ere. Hala ere, literatura beti izan da emakumearekiko tresna hurbila eta laguna.
Literaturan kritika feminista baten beharrik al dago?
Jakina. Eskuliburuetan eta garran-tzia handiko sarietan emakumeak ez dauden bitartean kritika literario-feminista beharrezkoa da. Baita emakumezkook sortu dugun literaturaren eta emakume irakurleen aurkako aurreiritziak mantentzen diren bitartean, edota kritika literario feminista unibertsitatean ikasteko aukera ez dagoen bitartean. Dena den, geroz eta kritika literario feminista gehiago dago. Hori da gure egoera kritiko, historiko eta literarioa normalizatzeko prozesuan falta dena. Bide horri jarraitzeko, Sareinak egitasmo literarioan elkartu gara Euskal Herrian aritzen garen kritiko literario feministok.
Literatur kritika feministaren ikuspegitik, alderik ikusten al duzu nazioarte mailan eta Euskal Herrian?
Ez bereziki. Munduko beste hainbat lekutan gertatutako fenomenoa: emakumeena arlo pribatua izan da eta gizonezkoena publikoa.
Bizenta Mogel dugu euskal klasikoen artean gailentzen den emakumea.
Berak lortu du oihartzun handiena, liburu bat sortu zuelako. Salbuespen bat izan zen, bere familia nahiko bitxia baitzen. Mogelek arlo pribatuan ikasteko aukera izan zuen eta liburutegi aberats batera hurbiltzeko aukera izan zuen. Beste literaturetan ere kasu antzekoak aurki ditzakegu. Ikasteko aukerarik ez zutenez, etxeko liburutegia ezinbestekoa izan zen emakumeek literatura sortu ahal izateko mende luzeetan zehar.
Esan daiteke ahozko literaturan emakumeak indar gehiago izan duela?
Mundu osoan emakumezkook gehien jorratu dugun bide literarioa izan da: ipuinak, kondairak, esaera zaharrak, kantak, lo-kantak... gure ahoetan eta ahotsetan egon dira. Zoritxarrez, prestigio gabeko arlo literarioa da. Emakumeok beti izan dugu literaturarenganako maitasun handia eta harreman hurbila. Beti maite izan ditugu literaturak eskaintzen dizkigun baliabideak: hezitzeko, hezkuntzan aritzeko, gure nortasuna adierazteko, gure minak atera ahal izateko... Landu, gorde eta transmititu egin dugu literatura. Literaturaren historian ahozkotasuna izan da %90a. Literatura idatzia azken mendeetakoa da.
Arantxa Urretabizkaia, Mariasun Landa edota Itxaro Bordaz gain, belaunaldi berrietako izenak en-tzuten hasi gara: Eider Rodriguez, Uxue Alberdi, Irati Jimenez...
Ez hori bakarrik. Zorionez, euskal literaturan baditugu, azkenik, emakumeen hiru belaunaldi ezberdin lanean: literatura sortzen, aldatzen, literatura ezberdin bat aurkezten eta proposatzen. Oso poztekoa da, baina aurreko panorama jasanezina zen. Egun dugun egoeraren bitartez emakumeon presentzia normalizatzen hasi da euskal gizartean, baina sekula ez da egon orain dagoen bezalako panorama itxaropentsurik. Maialen Lujanbiok txapela jantzi duenetik edota Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox? klasiko bilakatu denetik ikusiko dugu zer nolako emaitzak lortzen diren.
Zer falta da emakumezkoa eta kanona oztoporik gabe uztartzeko?
Kritikoen sentsibilitatea eta nahia, aipatutako emakumeen belaunaldi horien arteko harreman hurbilago bat, elkarrengandik gehiago ikasteko gogoa...
Azken urteotan komikien ikerketan murgildu zara. Fenomeno berezirik aurkitu al duzu?
Literaturako beste alorretan egondako emakumeen kontrako aurreiritziak errepikatzen ari dira komikiaren munduan, eta kexka handia dugu horretan. Feminismoak argi eta garbi ikusi zituen komikiak gauzak kontatzeko eskaintzen dituen baliabideak, eta aprobetxatu egin zituen lan feminista erakargarriak egiteko. Komiki feminista komiki artean ezezaguna den atal bat da. Tresna feministen bitartez beste irakurketa bat egin daitekeela ikusi dugu. Ohiko kritikak ikusten ez dituen fenomenoak ikusgarriagoak bilakatzen dira komiki feminista horren bitartez, baina autokontsumorako zenez, ez da ezagutzen. Eta ezagutzen ez dena ez ei da existitzen.
Zer behar da feminismo hitzaren kontrako aurreiritziak desegiteko?
Aurreiritziak aldatzeko dagoen pilularik onena horiek aldatzeko gogoa izatea da. Gizonentzako oso erosoa da aurreiritzi horiek mantentzea. Baina minik handiena jasotzen dut aurreiritzi horiek emakumezkoengan aurkitzen ditudanean.
Euskal matriarkaturik ez dela egon esan duzu sarritan.
Ez behintzat normalean deskriba-tzen den bezala. Hori neurtzeko erabili ditudan tresnak literarioak izan dira: emaitzen arabera ez da egon matriarkaturik, euskalduna beste gizarte batzuk bezain matxista eta misoginoa izan baita.

votos comentarios
  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti

Herramientas de Contenido

Cargando comentarios...

Gracias por su comentario


Publicidad


Tu información local

Selecciona tu localidad

Busca las noticias de tu localidad

Twitter-noticiasbizkai
Twiter-athletic+

Publicidad