Saltar al Contenido

Períodico de Deia
andres urrutia euskaltzainburua

Andres Urrutia: "Kontuz, Euskaltzaindia ahultzen bada euskara bera ahultzen da"

Iñaki Mendizabal Elordi - Sábado, 20 de Octubre de 2012 - Actualizado a las 10:57h

  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti
2005ean izendatu zuten, eta orain beste lau urte egingo ditu Urrutiak euskaltzainburu lanetan.

2005ean izendatu zuten, eta orain beste lau urte egingo ditu Urrutiak euskaltzainburu lanetan. (José Mari Martínez)

Galería Noticia

2005etik Jean Haritschelarren lanari jarraipena eman dio Andres Urrutiak (Bilbo, 1954). Halaz ere, euskaltzainburuak ez du indarrik galdu, eta gogotsu

BILBO. Zuhurra, zorrotza, atsegina, berbakoa... Ondo ezagutzen dutenek horrela deskribatzen dute Andres Urrutia, baina laudorioak bazter utzi eta euskaltzainburuak gurago du beharraz aritu ("argazki gutxiago eta lan gehiago"). Bere burua promozionatzeko afanik ez beharrik ez duen notario eta maisuak ("ez naiz batere presidentzialista") hauspo berria eman dio Akademiari azken urteotan, XXI. mendeak eskatzen duen erritmoari erantzunez. Orain, Euskaltzaindiak beste lau urterako agintaldia eman dio, 2005ean hasitako bidea berretsi eta zabaltzeko erabiliko duena.
Zazpi urte daramatzazu euskal-tzainburu lanetan. Zein da zure balantzea?
Balantzean aktiboak eta pasiboak daude. Uste dut kudeaketa lana ona izan dela. Jakina, bide hori hobetu beharra dago. Bagabiltza zeregin horretan eta beste batzuetan ere bai. Esaterako, Akademiaren zereginak ezagutarazten, eta gizarteak berak ulertu eta estimatzen dituen gauzak egiten, hau da, hiztegiak, atlasak, jardunaldiak... Beste alde batetik, instituzioekin harremanak findu eta areagotu ditugu. Erakunde publikoek jakin behar dute Euskaltzaindia euskararen zaindari nagusia dela. Beraz, kontuz: Euskaltzaindia ahultzen bada euskara ahultzen da.
Aldi bat itxi zen 2005ean. Aro berri baten aurrean gaude orain?
Haritschelarrek egindako lana sendotzera heldu nintzen Euskaltzaindira, sekulako lana egin zuelako berak, garaian garaikoa. Eta gu ere horretan gabiltza, garaian garaiko lana egiten. XXI. mendera egokitu behar dugu Akademia, eta horretan funtsezkoa izango da abian jarri dugun Plan Estrategikoa. Komunikazioa erraztu behar dugu, bai, baina alde bietatik, hau da: gu gizartearentzat eta gizartea guretzat. Horretan webgunea dugu tresnarik eraginkorrena. Gaur, etorkizuneko Euskaltzaindia dugu buruan.
Plan Estrategikoa aipatu duzu. Zertan lagunduko dizue horrek?
Urte gogorrak datoz. Krisialdia bazter guztietara hedatu da, eta gure lana eta ardura da Euskaltzaindia gero eta hobeto kudeatzea, euro bakoitza zertan inbertitzen dugun ondo neurtzea. Horretan lagunduko digu 2011n abiatu genuen Plan Estrategikoak, hau da, Akademia dinamizatzen, gestioa doitzen, zerbitzuak arintzen. Zorrotz ibili behar dugu eta ahaleginduko gara orain arteko bideari eusten.
Haritschalarren agintaldian hasitako proiektu batzuk ere gauzatu dira.
Bai. Orotariko Euskal Hiztegia eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa gauzatu dira, eta orain aberastu egin behar ditugu, eta jendeari eskaini, egungo teknologiak baliatuz. Horreek ez baditugu erabiltzen jai daukagu. Hiztegigintzan ere pauso galanta eman dugu Euskaltzaindiaren Hiztegiarekin. Ez da azken pausoa, jakina, baina garrantzitsua izan da. Zentzu horretan Lexikoaren Behatokia ere aberasten gabiltza. Eta Iker sailean egiten diren publikazioak beste Akademia batzuetan egiten direnekin konpara daitezke.
Euskararen normalizazioan ere badu zeresanik Euskaltzaindiak.
Izango ez du ba! Normalkuntzan berebiziko ardura eta erantzukizuna du Akademiak. EAEn, Nafarroan zein Iparraldean. Eta hor erakutsi behar dugu badagoela erakunde bat euskararen bandera baino ez daukana, eta ideologia guztien gainetik defendatzen duela bandera hori. Ba-tzuk ez dute hori ondo ulertzen, baina saiatuko gara konbentzitzen.
Euskaltzaindiaren aspaldiko irudi sepia 'astindu' duzue?
Nik uste neurri batean lortu dugula. Eta zuzendaritza berriarekin helburu hori gero eta hurbilago daukagu. Jende gaztea eta prestua sartu da zuzendaritzan, eta horrek ekarriko ditu ondorioak. Gizartearen erritmora egokitu behar gara, baina ez da erraza aspaldiko inertziak baztertzea. Edonola ere, horretan gabiltza buru-belarri. Ea kolore tanta batzuk jartzen ditugun gurean, sepia hori ordezkatuz (barreak).
Aktiboak eta pasiboak aipatu dituzu. Gaur egun Euskaltzaindiak ez du zorrik. Hori bada aktibo aparta.
Kostata lortu dugu, eta lortu dugunean hara zer datorren, krisialdia. Azken urteotan kudeaketa sistema aldatu dugu, Akademia profesionalizatuz. Baikorra naiz, eta nik uste gestio berri honek, optimizazio honek krisialdia gainditzen lagunduko digula. Hori bai, minimo ba-tzuk behar ditugu.
Horrekin arduratuta zaudete?
Zelan ez. Murrizketa gogorrak izan ditugu, batez ere Madriletik datorren diru-kopuruan. Hor %50a jaitsi digute. Kezkatuta gaude, baina horrek ez die batzorde ezberdinei eragingo. Langileak mantendu nahi ditugu, proiektu nagusiek aurrera egingo dute, baina funtzionamendua doitu behar dugu, eta proiektuak garai berrietara egokitu.
Murrizketak agindu ostean, zer nolako harremana duzue administrazio publikoekin?
Badakigu administrazio desberdinak egoera zailean daudela, baina gu saiatuko gara behar duguna eskatzen eta eskuratzen. Jaurlari-tzatik etorri zaigun ezustea ez dugu ulertzen, eta errespetu osoz esan diegu hori. Jarraituko dugu lanean, ea konbentzitzen ditugun.
Errekurtso bat jarri diozue Jaurlaritzari, murrizketak direla eta.
Desadostasunak ditugu, baina errespetuarekin jokatu dugu. Aldebakarreko erabaki horren kontra errekurtsoa jartzeko eskubidea daukagu, eta hori baino ez dugu egin momentuz. Hala ere, etengabe negoziatuko dugu, hori baita gure zereginetako bat. Aldiz, Aldundiek ondo baino hobeto ulertu dute Euskaltzaindia funtsezkoa dela, eta beraien laguntzak garrantzitsuak dira oso.
Mezenasgoaren legeak mesede galanta egingo lioke Akademiari...
Duda barik, baina hori motel doanez, bestelako bideak esploratu beharko ditugu. Hori bai, estuasunak pasatuko ditugu ondorengo urteetan. Gizarteak jakin behar du euskara lerro gorritan dagoela, eta erakunde publikoek ere jakin behar dute hori. Euskara lehentasunetako bat izan behar da gure gizartearentzat, eta politikoek erantzunen bat eman beharko diote egoera honi.
Lorpenetara bueltatuz, Tolare baserrian zabaldu duzuen egoitza berria ere ez da nolanahikoa.
Hori aktiboan sartuko dugu, bai. Guretzat garrantzitsua izan da Gipuzkoako ikerketa taldeak zentru horretan biltzea, beraiei azpiegitura duin bat eskainiz. Araba eta Iruñea indartzeko asmoa ere badugu, baina momentu honetan Iparraldeak arduratzen gaitu. Hango egoera larria da, euskara ahul ikusten dugu, baina ikusten dugu baita badirela ekimenak, badela gogoa, eta Euskaltzaindiak badu zeresanik eta zereginik hor. Oso zaila da, baina gure presentzia areagotu behar dugu, batez ere Iparraldean eta Nafarroan. Zentzu horretan, gure-tzako mugak ez dira existitzen.
Beraz, normatibizazioa eta normalkuntza, biak helburu.
Bai, hori da. Euskalgintzako jendearekin batera egin behar dugun lana da normalkuntzarena, eta horretan ahalegindu behar gara.
Nolakoa da beste Akademia ba-tzuekin duzuen erlazioa?
Harreman onak ditugu, ez bakarrik Espainiako, Galiziako edo Kataluniako akademiekin. Nazioarte mailan gero eta gauza gehiago egiten dugu, eta horra jo beharra dago ondorengo urteetan, gu lako errealitate linguistikoak dituztenen arrimura. Kontrastea oso garrantzitsua da guretzat. Esaterako, iaz okzitanoekin izan ginen, oraintsu Holandan izan naiz, frisioekin... Badaukagu zer erakutsi eta zer ikasi.
Bost emakume euskaltzain ditugu. Akademian ere emakumea bere lekua hartzen ari den seinale?
Jakina. Meritu handiko euskaltzainak direlako sartu dira, eta aurrerantzean ere izango da halakorik. Guk ez dugu ezelako kuotarik aplikatu. Formazio handiko emakumeak daude euskalgintzan, eta Euskaltzaindia horren guztiaren ispilu ere bada. Normaltasun osoz ikusi behar dugu hori.

votos comentarios
  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti

Herramientas de Contenido

Cargando comentarios...

Gracias por su comentario


Publicidad


Tu información local

Selecciona tu localidad

Busca las noticias de tu localidad

Twitter-noticiasbizkai
Twiter-athletic+

Publicidad