DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales. Deia. 40 urteDeia. 40 urte

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
Urtarrilaren 18tik 24ra bitartean

Baztango Irakurle Taldeak Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatu du

Liburu aurkezpenak, ipuin-kontaketak, mahai-inguruak, irakurketa musikatuak eta beste hainbat ekintza izango dira

JULENE LARRAÑAGA - 2016(e)ko urtarrilaren 19a, asteartea - 12:56etan eguneratua

votos | ¡comenta!
  • Mail
Baztango Irakurle Taldeak Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatu du

Baztango Irakurle Taldeak Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatu du

Galería Noticia

INOIZ baino ilunagoa izango da aurtengo ilbeltza Baztanen, astelehenean abiatuko den Nobela Beltzaren Astea dela-eta. Iaz aurreneko aldiz ospatu zen ekimen honek izandako harrera ona ikusita, bigarren edizioa izango da aurtengoa, eta hilaren 24ra bitartean luzatuko da. Baztango Idazleekin Solasean ekimenean parte hartzen duten irakurzale batzuen artean sortu zen Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatzeko ideia, Ane Cuesta Irakurle Taldeko kideak jakitera eman duenez. “Taldeko batzuk gure artean biltzen hasi ginen genero beltzaren inguruan genekienaz hausnartzeko, liburuak aztertzeko, iritziak partekatzeko...

Elkartze horietan erein genuen Euskal Nobela Beltzaren Astearen hazia”, kontatu du. Cuestari nobela beltza definitzea “zaila” egiten bazaio ere, ekimena antolatzerakoan eleberri beltza “bere zentzurik zabalenean” hartu dutela argitu du, eta adierazi du astean zehar izango diren ekintzekin “zerbait gehiago zehaztea” dela asmoa. “Batez ere, nobela beltza gaur egungo jendartearen alde ilunena erakusteko tresna baliogarri gisa ikusten dugu eta baita kritika soziala egiteko bitarteko gisa ere”, gaineratu du.

Nobela beltzak euskal literaturan duen presentziari dagokionez, “uste baino handiagoa” dela dio irakurle taldeko kideak. “Iaz, lehen edizioa prestatzen genbiltzala, ohartu ginen euskarazko eleberri beltzak ugariak direla eta genero honek osasun ona duela euskarazko literaturan. Igaro berri den 2015. urtean, adibidez, 6-7 eleberri beltz kaleratu dira euskaraz.

Kopuru polita da gurea bezalako hizkuntza batentzat”, azpimarratu du. Horrez gain, euskal nobela beltzak “publiko fidela” duela ere iritzi dio Cuestak. Bada, topaketa hau genero honetako “irakurleen eta idazleen arteko elkargune” izatea nahi dute antolatzaileek. “Idazle eta irakurleak batu eta literaturaz gozatzea da helburua –jakinarazi du Cuestak–; ikustea literaturaz gozatu daitekeela, ez soilik bakarka, baita taldean ere. Gainera, elkartze horien ondorioz beste gauza batzuk ematen dira: hausnartzen da, iritziak partekatzen dira, ikasi egiten da eta aurrera begira lantzeko ideiak ere sortzen dira”, gehitu du.

EKIMEN UGARI Aurtengo Euskal Nobela Beltzaren Astea proiektu berri baten aurkezpenarekin abiatuko da, (H)ilbeltza beltzaz webgune berriaren aurkezpenarekin, hain justu. Iazko edizioan sortu zen informazio guztia biltzeko sortu duten webgunea da honakoa, generoa bera ardatz duena. “Astean zehar jasoko ditugun ekarpenak ez ezik, hala nahi duen idazle, itzultzaile, kazetari edota norbanakoen gogoetek ere izango dute lekua. Finean, euskal nobela beltzaren inguruan sor daitekeen guztia partekatzeko atari digital bat da”, dio Cuestak. “Jende askoren babesa izan dugu eta kontent gaude erantzunarekin. Honek erakusten du nobela beltz zale anitz dela gure artean”, gehitu du. Asteartean, Idazleekin Solasean ekimena izango da Xabier eta Martin Etxeberria anaiekin, Gizon gogorraren sekretua liburuari buruz. Urtarrilaren 21ean, ostegunarekin, Jose Antonio Loidi, Angelita arrebaren begietatik izeneko solasaldia izango da, Hamabost egun Urgainen polizia-eleberri klasikoaren egilearen arrebaren eskutik.

Ostiral iluntzean, Akabaila beltzak zineman izeneko solasaldia gidatuko du Harkaitz Canok. Kasu honetan, genero beltzeko pelikulak eta eleberri beltzak uztartuko ditu idazle lasartearrak.

Topaketa aste osoan zehar luzatuko bada ere, gonbidapena, bereziki, astebururako egin dute antolatzaileek. Larunbat goizean, Beltzean beltz... eta Jim Thompson mahai-ingurua eskainiko dute Xabier Olarrak eta Miel Angel Elustondok. Arratsaldean, liburu aurkezpenek hartuko dute lekukoa. Jon Alonsok Beltzaren koloreak (nobela beltzari buruzko oharrak) saiakera aurkeztuko du primizian.

Baztanen izango dira beraien lan berriak aurkezten Jon Arretxe eta Gotzon Barandiaran ere, Estolda Jolasak eta Gidariaren okerra eleberrien egileak, hurrenez-hurren. Eguna bukatzeko, Columba Palumus laburmetraia aurkeztuko du Koldo Almandoz zinegileak.

Igande iluntzeko irakurraldi musikatuak emango dio amaiera Nobela Beltzaren Asteari. Bertan, literatura eta musika uztartuko dira, eleberri beltzetako pasarteak lan horietan aipatzen diren kantuen letrekin tartekatuz, zuzeneko musikaz lagundurik. Euskal Nobela Beltzaren Astea euskara hutsean izango da, nahiz eta atzerriko literaturatik euskarara ekarritako lanek ere izango duten bere lekua, antolatzaileen esanetan. “Ezin dugu ahaztu azken urteetan argitaletxe batzuek itzulpengintzan eginiko lan handia”, nabarmendu du Cuestak. Hala, Elustondo eta Olarra horretaz ere arituko dira beraien mahai-inguruan. Ekitaldi guztiak irekiak izango dira eta jendeak ekintzetan parte hartzeko deia luzatu dute antolatzaileek: “Topaketa Baztanen egingo bada ere, Euskal Herriko irakurle guztiak gonbidatu nahi ditugu, euskal lurraldeetako letrazaleak elkartu eta herrian sortzen den giroaz gozatzera”.

Gainera, herrira asteburu pasa joateko asmoa dutenentzat Baztango landa-etxeekin eskaintza bereziak adostu dituztela nabarmendu du

votos | ¡comenta!
  • Mail

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

  • Estilo-aniztasuna ikur

    ‘Galera’ diskoa kaleratu zuen Skakeitan taldeak iaz. Besteak beste, Manu Chao eta Fermin  Muguruza bidaide izan dituzte lan horretan. Rocka oinarri duen banda uda honetan kontzertuz kontzertu ibiliko da, eszenatokiak astintzen

  • Aske, zoro bizitzeko

    Hiru urtez Euskal Herriko txokoak bisitatu ditu Dantzaz konpainiaren ‘Txoriak’ekoizpenak. Josu Mujikaren koreografiarekin eta Iñaki Salvadorren aholkularitza musikalarekin, Mikel Laboari egindako omenaldi dantzatuak sekulako ospea izan du, eta urte amaiera bitarte azken emanaldiak eskainiko dituzte

  • Opor solidarioak

    Mediterraneo itsasoan nagusi den drama humanitarioaren aurrean, gero eta herritar gehiagok erabaki du udako oporraldian erreskate operazioetan laguntzea

  • Petrikilo

  • “Ni zer naizen ulertzeko, nire aurrekoak zer izan diren ulertu behar izan dut”

    80ko eta 90eko hamarkadetan lehenengo pertsonan bizi izan zuen bertsolaritzaren eraberritze sakonaren argazki pertsonala egin du urretxuarrak ‘Berriak jaio ginen’ lan autobiografikoan

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

Encuestas

ver listado completo »

Publicidad

  • © Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120