DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales. Deia. 40 urteDeia. 40 urte

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
musika

Azal bat erantzi, berria janzteko

‘Zure aurrekari penalak’ diskoa itxi eta osatzeko sortu du Anarik ‘Epilogo bat’ bilduma. Oholtzetan 20 urte bete dituenean, “momentu ederra” bizitzen ari dela dio kantariak

Olatz Prat - 2017(e)ko martxoaren 12a, igandea - 11:44etan eguneratua

votos | ¡comenta!
  • Mail

Galería Noticia

EEPILOGO bat izena du Anariren (Azkoitia, 1970) lan berriak, Zure aurrekari penalak diskoaren epilogo gisa sortua izan denak. Bost abesti berri eta intro batez osatu du disko labur hau eta, bere horretan, bi diskoetako bakoitzak osotasuna izan badezakete ere, perspektibarekin “obra bakar bat bezala” har dadin nahiko luke azkoitiarrak. Anarik alboan izan ditu beste behin, Mikel Abrego (bateria), Mariano Hurtado (gitarrak, pianoa, Hammond organoa, Rhodes-a), Borja Iglesias (gitarra) eta Xabier Olazabal Drake (baxua). Garate estudioan grabatu du oraingoan ere diskoa, Martxel Arkarazorekin eta laguntzaile ugari izan ditu: Ruben Garate (eskusoinua), Beñardo Goietxe (ahotsa), Joseba Irazoki (banjoa), Ager Insunza (biolina, biola), Ander Mujika (gitarrak), Karlos Osinaga Txap (gitarrak, ahotsa) eta Joaquin Pascual (Hammond organoa).

Zure aurrekari penalak diskoaren bira amaieran, haren grabazioan solte gelditutako hari bati tiraka hasi zen Anari, Epilogoa kantuari hain zuen. “Kantuak oso irekita eramaten ditugu estudiora –azaltzen du abeslariak–, gauza asko bertan definitu eta erabakitzen ditugu. Eta gertatzen da batzuetan sorpresa onak hartzen dituzula eta beste batzuetan, berriz, txarrak”. Zuzenean grabatzen dituzte abestiak, eta, dioenez, unean uneko aldarteak eragina du emaitzan: “Kanta honekin gertatu zitzaigun motelegi grabatu genuela eta ez zuen inolaz ere indarrik hartzen. Berrogeita hamar gitarra gainetik jarrita ere ez zegoen hura betetzerik”. Bere unearen zain gelditu zen, beraz, abestia.

Epilogoa bezala, Zure aurrekari penalak diskotik kanpo gelditu ziren beste zenbait abesti ere. “Material asko daukazunean kantu batzuk aukeratu eta beste batzuk baztertu behar dituzu. Laugarren azalberritzea, esaterako, kanpoan gelditu zen kantu luzea da, Ametsen eraiste neurtua edo Arquimedes-en antzekoa”. Baina, denak duenez bere arrazoia, eta denak behar duenez bere denbora eta espazioa, “gero gertatu da kantu honek disko txiki honetan sekulako indarra hartu duela, Zure aurrekari penalak diskoan inolaz hartuko ez lukeena”.

Aipatutakoez gain, diskoa osatzen dute Parentesien arteak, Autodefinitua eta Piromania abesti eder eta sendoek. Baina zerbaitek atentzioa ematen badu, introa da hori. Agur Jesusen Ama abesti erlijiosoaren bertsio batek zabaltzen du diskoa. Aspalditik omen zebilen Anari kantu sakroekin zerbait egin nahian, elizako abesti batzuk “izugarri” gustatzen zaizkiola aitortzen baitu musikariak. Ez da kasualitatea diskoa horrela hastea: “Zure aurrekari penalak diskoan jada garatzen nuen ideia eta Epilogoa abestiak guztiz definitu du, erlijioarekin hazi eta hezitako belaunaldi batekoak izanik, gero, zorionez, nola abandonatu dudan erlijioa edo nola abandonatu nauen berak ni. Eta ikusten dut erlijio berriak hartu dituela jendeak, makrobiotika, terapiak, konstelazioak, eta abar. Horregatik nahi nuen diskoa ireki kantu erlijioso batekin eta erlijio berri horiekin itxi”. Hausnarketa bat ikusten du Anarik guztiaren atzean: “Galdera da ez ote diren denak zulo berari tapa jartzeko moduak”.

20 URTE ZALEAK BATZEN 20 urte bete dira Anarik bere lehen diskoa argitara eman zuenetik, eta indarrak gutxitzetik urruti, azkenaldian “oso une ederrean” sentitzen dela eta “oso sentsazio onak” dituela dio. “Ederra da egun batean, Lekeition, ni baino helduagoa den emakume baten ahotik entzutea Anarira nola iritsi den Zure aurrekari penalak diskoarekin eta nola topatu duen disko horretan identifikazio handi bat; eta hurrengo egunean, Zarautzen, 17 urteko mutil bat topatzea lehen lerroan letra guztiak abesten. 17 urteko mutil bat eta 46 urteko andre bat entzuten eta kantatzen, hori izugarria da”, uste du azkoitiarrak. Izan ere, Anarik jakin du lehendik zituen zaleak mantentzen eta, era berean, diskotik diskora jende berria erakartzen. “Nik beti izan dut aurreko lanetatik ihes egin eta leku batetik bestera mugitzen jarduteko joera, eta badirudi jendeak ulertu duela eta etorri egin da leku berri horietara”.

Hala ere, azken urteotan taldearen funtzionatzeko modua ez dela asko aldatu dio. “Egia da asko jotzen dugula, baina asko jotzen dugu Gaztetxe eta leku txikietan, asko jotzen dugu 200 lagunen aurrean, ez dugu ia inoiz jotzen 1000 lagunen aurrean”. Opari bezala bizi du hori Anarik, “urteak pasa arren, publikoaren harreman zuzen eta iraunkor hori mantendu ahal izatea opari bat da”.

20 urteak ospatzeko urtebetez musikan soilik jardutea oparitu dio bere buruari Anarik: “Lana, grabazioak eta kontzertuak, denak egitea, gehiegi izaten da askotan. Orain benetako artistak bezala bizi naiz –dio barrez–, goizean jaiki, pasiera egin, gauean kontzertua jo... Aldea dago horren edo goizero 80 ikaslerekin borrokan jardutearen artean!”

votos | ¡comenta!
  • Mail

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

Encuestas

  • ¿Estás a favor del turismo en Bilbao?
    Vota

ver listado completo »

Publicidad

  • © Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120