DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales.Deia. 40 urteDeia. 40 urte

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
TXELU ANGOITIA ARGAZKILARIA

“Errealitatearen eta ametsen arteko muga nahasten da Tanger Dream proiektuan”

Hainbat urtez Marokoko Tanger hirirako bidaietan egindako argazkiekin osatu du ‘Tanger Dream’ liburua argazkilari bizkaitarrak. Hiri hura inspirazio hartzen duten literatura-lanen pasarteak ere bildu ditu bertan

KATTALIN BARBER - 2017(e)ko ekainaren 11a, igandea - 13:02etan eguneratua

votos |¡comenta!
TXELU ANGOITIA ARGAZKILARIA

(Argazkia: Oskar Martínez)

Galería Noticia

  • TXELU ANGOITIA ARGAZKILARIA

Hiria arriskutsua da, amets batean bazeunde bezala harrapatzen zaitu, eta ez dago ihes egiterik, ezin duzu, ez duzu utzi nahi”, dio Txelu Angoitiak (Durango, 1960) Tanger Dream liburuaren pasarte batean. Bizipen eta esperientzia intentsuak bizi izan ditu argazkilariak Marokoko hirian, eta han jazotako guztia bildu du orain argazki liburu batean. Argazkiak eta bere idatziak ez ezik, munduko hainbat idazleren pasarteak ere bildu ditu, hango argazki ilunak laguntzeko, hango amets apurtuak gogora ekartzeko.



Zer aurkituko du ikusleak ‘Tanger Dream’ proiektuan?

Liburuak 130 orri ditu eta 90 argazki inguru. Hainbat idazleren testuak ere azaltzen dira. 40 eta 50eko hamarkadetan Tangerren egondako idazleen testuetatik abiatuta, haiek isla-tzen dituzten atmosferen bidez, istorio bat eraiki dut. Bertan, ametsek garrantzi handia dute. Zehazki, amets apurtuek. Idazle asko pasa ziren Tangerretik urte horietan: William Borroughs, Paul Bowles, Mohamed Chukri, Eduardo Haro Tecglen eta Tahar Ben Jelloum, adibidez. Marokoko hirira joaten ziren amets batzuekin, eta horietako asko, amets gaizto bihurtzen ziren. Horietatik abiatuta, nire emozioak eta sentsazioak islatu ditut argazkien bidez.



Nolakoa zen hiria garai horretan?

Kultura-aniztasun handiko hiria zen. Intelektual asko bertan egon ziren, eta idazleek Tangerreko giro berezi hori islatu zuten beraien lanetan. Hainbat herrialdek gobernatzen zuten Tanger urte horietan, eta horrek hiri askea egin zuen, baita libertinajea zabaltzeko hiria ere. Tolerantzia handia zegoen, eta espekulatzaileak, proxenetak, aristokratak eta intelektualak erakarri zituen hiriak. Glamour handiko hiria zen, berezia. Montecarlorekin konparatzen zuten askok.



Idazle haientzat Tanger inspirazio iturri izan zen. Zuretzako ere horrela izan da?

Idazleak bezala, ni ere hiriak harrapatu egin nau. Hasieran gutxi nekien Tangerri buruz, eta gutxiago aipaturiko garai horretan bertan egon ziren idazleei buruz. Baina hiriak badu energia eta magia berezi bat, eta iritsi nintzen lehen unetik maitemindu nintzen. Maitemintze horretatik hasi nintzen dena deskubritzen. Esan dezaket hiriak berak esan zidala hasieratik toki berezia zela, zerbait gertatzen zela han.



Gaur egun, nolakoa da Tanger?

Marokok independentzia lortu zuenetik asko aldatu da hiria, eta birkonkistatu zuenetik marokonizazio prozesu bat bizi izan du. Iraganaren aztarnak eta arrasto guztiak ezaba-tzen saiatu dira, baina oraindik sumatzen dira zenbait tokitan. Bertako zaharrek oraindik gaiaz hitz egiten dute, haiek bete-betean bizi zutelako. Eta haien aurpegia ikusten duzunean, zerbait berezia eta garrantzitsua izan zela garbi geratzen da. Idazleen liburuak irakurtzen nituen heinean aurkitzen nituen hirian haiek tabernei eta lekuei egindako erreferentziak. Dena den, eraldatze prozesu batean dago Tanger. Diru asko inbertitzen ari dira eta izan zuen ospe eta distira hori itzuli nahi diote.



Tanger entzun, eta askori hiri kaotiko, misteriotsu, ilun, baina era berean bizi eta dinamikoaren irudia datorkio burura askori.

Eta halaxe da. Oso hiri dinamikoa da, oso azkar hazten ari da eta atzerritar enpresa asko bertan eraikitzen ari dira modu oso kaotikoan. Biztanleriak ere gora egin du. Baina, hiri handi horren barnean, beste hiri txiki bat dago, eta bertan oraindik gordetzen du iraganeko zaporea.



Zer dela eta joan zinen Tangerrera lehen aldiz?

Tangerren egona nintzen, baina azal-azaletik ikusi nuen. 2013an, berriz, argazkilaritza ikastaro bat egitera joan nintzen. Astebete pasa nuen, eta erabat maitemindu nintzen. Hortaz, urte hauetan guztietan maitasun harreman bat bezala bizi izan dut nik. Momentu batean, hiriak berak esan zidan bukatu behar genuela, honaino iritsi ginela. 2016an egin nuen azken bidaia.



Tanger zuretzat amets bat izan dela diozu liburuan.

Askoren ametsak gordetzen ditu Tangerrek. Alde batetik, europarren ametsak, eta bestetik, marokoar eta Sahara hegoaldeko pertsonen ametsak. Europara salto egiteko eta haien ametsak betetzeko Tanger erabiltzen dute.



Niri, bertan gauza arraroak gertatzen direnaren sentsazioa eman zidan hiriak, batzuetan ez dakizu errealitatean edo amets batean zauden. Hemen, Euskal Herrian, ametsa eta errealitatearen arteko muga oso bereizita dago, baina bertan erabat nahasten dira. Hala bizi izan dut nik.

Begirada horrekin atera dituzu argazkiak?

Idazleek islatutako atmosfera horiekin. Izan ere, bertan ondu zen literatura oso berezia zen, galtzailea zela esan dezakegu. Eleberri gehienek amaiera txarra dute. Sentsazioa ematen du hiriak harrapatu dituela eta ez dakitela nola ihes egin, nola atera amesgaizto horietatik. Giro horiekin atera nintzen kalera ni, bereziki gauetan.



Argi-itzalekin, kontrastearekin eta iluntasunarekin jokatzen duzu argazkietan. Giro horien seinale dira?

Bai. Egia esan, liburua nahiko iluna da. Argazkilaritzarekin hasi nintzenean saiatzen nintzen lekuak ziren bezala erretratatzen. Azkenaldian, berriz, errealitatea baliatzen dut nik barnean dudana kontatzeko. Errealitatea deskribatzea baino, momentu zehatz batean nola nagoen adierazteko erabiltzen dut. Giro iluna, goibela eta aztoratzailea agertzen dira argazkietan. Nire barruan dudana garatzeko eszenatoki bat da, nire sentsazioak eta emozioak adierazteko modua.



Amaitzeko beharra ere sentitu zenuen.

Aurrekoan galdetu zidaten ea Tangerren nengoelarik noizbait sentitu nuen bertan betirako gelditzeko sentsazioa. Baietz erantzun nion, hasieratik hori sentitu nuelako. Eroso sentitzen nintzen han, batzuetan Durangon baino integratuago. Sentsazio arraroa zen. Hiria oso eskuzabala izan da nirekin, baina azken bidaian sentitu nuen amaitu behar zela, utzi behar nuela.



Argazki liburua ez ezik, erakusketa ere prestatu duzu. Euskal Herrira ekarriko duzu?

Hasieran ez nuen liburuaren ideia buruan, ezta erakusketarena ere. Gutxika-gutxika konturatzen hasi nintzen forma hartzen zuela proiektuak. Orain mugitzen ari naiz, eta Zornotzan eta Elorrion egongo da urte amaieran eta 2018ko hasieran.



Tangerren atera dituzun argazki guztietatik, zeintzuk dira zuretzat berezienak edo konplexuenak?

Konplexuak baino, badaude argazki batzuk nitaz hitz egiten dutenak zuzenean. Batzuk kaleko eszenak dira, eta bertako jendea ager-tzen da. Beste batzuk, ordea, nire egoeraz min-tzo dira. Horiek ikusten ditudanean tripak mugitzen zaizkit. Oso iradokitzaileak eta pertsonalak dira. Ia-ia autorretratuak dira niretzako.



‘Tanger Dream’ ez da argitaratzen duzun argazki liburu bakarra. Ildo beretik doaz besteak?

Inventario 90eko hamarkadan argitaratu nuen eta Durangoko saltoki tradizionalen bilketa bat da. Paralelo 21, berriz, bidaia liburu bat da, nostalgikoa baina puntu argi-tsuekin. Angst eta Tanger Dream ildo beretik doazela esan dezaket. Ilunak dira. Azken finean, argazkietan islatzen duzunak, konturatu gabe, zure bizitzako etapak islatzen ditu.



Dokumentalismo subjektiboaren inguruan mugitzen zara orain?

Badago jende asko oso ongi kontatzen duena errealitatea. Ni momentu batean introspektiboagoa bihurtu nintzen, barrura begirakoagoa. Nik mundua nola ikusten dudan adierazten dut argazkien bidez. Hori da nire begirada.



Horrek ere esperimentatzeko aukera ematen dizu, ezta?

Askatasun handia ematen dizu. Nik orain nahi ditudan argazkiak egiten ditut, nahi ditudan bezala. Tanger Dream ez da enkargu bat izan, nik abiatutako proiektua baizik. Horregatik, oso pertsonala eta oso nirea da. Txiroa izateak, modu batean, libre egiten zaitu.



Hurrengo proiekturako ideiarik baduzu?

Ideia asko ditut buruan, baina energia eta indar gutxi. Proiektu honekin oso nekatuta amaitu dut, eta sentitzen dut berreskuratu beharra dudala, maitasun harreman batean bezala. Lan honek asko xurgatu nau, lehor nago, eta denbora behar dut. Hala ere, beste zerbait etorriko da, behar dut zerbaitek ni harrapatzea horrelako beste proiektu bat garatzeko. Beti daude gauzak hobetzeko, baina esan behar dut oso gustura gelditu naizela proiektu honekin, lehen aldia da horrela sentitzen naizela.

votos |¡comenta!

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120