DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales.Deia. 40 urteDeia. 40 urte

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
ISMAEL MANTEROLA ARTE HISTORIALARIA

“Sistemaren normalizazioak artearen espezializazioa ekarri du”

‘Maite ditut maite’ bere liburu berrian, XX. mendeko euskal artearen errepaso sakon eta kritikoa egin du zumaiarrak

MIKEL ONANDIA GARATE - 2017(e)ko ekainaren 18a, igandea - 12:13etan eguneratua

votos |¡comenta!
Artea da liburuaren ardatza, baina transmisioaren ikuspuntutik landu du gai hori Ismael Manterolak. BORJA GUERRERO

Artea da liburuaren ardatza, baina transmisioaren ikuspuntutik landu du gai hori Ismael Manterolak. (BORJA GUERRERO)

Galería Noticia

  • Artea da liburuaren ardatza, baina transmisioaren ikuspuntutik landu du gai hori Ismael Manterolak. BORJA GUERRERO

Artearen historiako esku-liburuaren eta entsegu mamitsuaren artean mugitzen da Maite ditut maite. Transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean (Edo! argitaletxea). Irakurleak lan bakarrean aurkituko ditu iragan mendearen -eta hasi berriaren- azterketa dokumentatua eta historiografiak bazterrean lagatako ekarpen eta begirada kritikoz ondutako gogoeta finak. Laino artean ezkutuan diren euskal artearen bazterrak argitu guran, Ismael Manterolak ehun urte luzetan garaturiko modernitatea, tradizioa eta identitatea, artearen fun-tzio etiko eta estetikoa zein sistemaren agenteak tratatzen ditu, transmititu ez direnak -emakumezko artistak, ibilbide pertsonaleko sortzaileak, euskararen presentzia- errelato ofizialetatik kanpo geratzearen zergatiak ere jomugan hartuz.



Euskal Herriko artean transmititu diren balioen artean funtsezkoak dira tradizioa eta modernitatea, modu ezberdinetan ulertu direnak. XX. mende hasieran eta 60-70eko hamarkadan ikus daiteke hau hoberen, ezta?

Modernitatea belaunaldi guztien kezka izaki, batez ere kanpora begiratuz berrikuntzak jasotzea zen asmoa. Mende hasieran modernitate frantsesetik zetorren ia guztia, inpresionismoaren ondorengo mugimenduetatik, bai formalki, bai kontzeptualki. 60ko hamarkadan antzera izan zen, nahiz eta erreferente nagusia abangoardia izan eta berrikuntza modernoak erreferente historiko lez ulertu. Parisetik eta neurri batean Ameriketatik zetorrena aintzat hartu zuten. Tradizioari dagokionean, modu ezberdinean enfoka-tzen da. Lehen une batean eskola espainiarra izango dute jomugan, eta bigarren bultzaldian tradizio klasiko greko-erromatarra;60eko hamarkadan tradizioa folklorearekin, herriarekin ere identifikatuko da.

Biak ala biak zuzenean erlazionatu dira bertakoarekin, identitatearen kontzeptuarekin. Zein zentzutan?

Abangoardiako artearen kontzepzio internazionalistaren aurrean, XX. mendearen hasieran artea erro batzuei lotuta egon behar dela ulertzen da. Modernoak izanik ere, tokiarekin zuten lotura funtsezkoa zen, arteak gizarte konkretu bati erantzun behar baitzion. 60ko hamarkadan antzeko ildoa jarraitu arren, tradizioa eta lokala elkartuz doaz, tradizionala den hori bertakoa balitz bezala ulertuko da. Kontziente dira abangoardien artearen kon-tzepzio unibertsalistak ez zuela utopia hura lortu, eta orduan beste aukerak aztertzen dira, sarri ohitura eta tradizioekin lotzeraino. Gizarte eta gizaki berriarentzako oinarriak bertan aurkitzeko nahia dago.



Zein da identitatearen garrantzia posmodernitatean, euskal artisten artean?

Posmodernitateak identitate berrien agerpena dakar. Identitate nazionala indarra galduz doa;gizakia toki batekoa bakarrik ez, era askotakoa izan daitekeela konturatzen dira, eta genero identitatea edo identitate sozial ezberdinak indartsu sartuko dira. Irakurketa ironikoekin batera -pentsa Ameztoy edo Roscubas anaiengan-, hierarkien apurketak artistei bide ezberdinak eskainiko dizkie, eta artea konfiguratu beharrean, identitatea bera ikertzeko beste gai bat bihurtzen da.



Nolako harrera eta trataera izan du abangoardiak?

Abangoardiaren araberako kanona nagusitu bada ere, errealitatean abangoardia elitista eta minoritarioa zen. Euskal Herrira berandu ailegatu zen, leku gehienetan bezala, Espainiara legez, 20ko hamarkadaren erdi-bukaera horretan. Abangoardiaren onarpen handiena 30eko hamarkadan eman zen. Gerra Zibilak zeharo moztuta, hainbat urte itxaron beharko dira berriz zerbait sumatu arte.



Autonomia estetikoaren kontra, taldeetan elkartu eta gizartean eragiteko nahiak zein garran-tzia izan du?

Beti egon da taldeetan elkartzeko nahia. XIX. mende bukaerako autonomia estetikoari aurre egingo diote jarrera novecentistek;esparru estetikora mugatutako artea baino, gizartean zabaldu beharreko artearen aldeko apustua garbia da. Beraien aukera minoritarioa zela ulertuta, gizartearen aurrean azaltzeko elkar-tzea erabaki zuten;aldizkariak argitaratu, arte publikoa babestu eta arte modernoko museo bat bultzatuko dute Bilbon. Gero, 60ko hamarkadan, diktadura betean Euskal Herriko proiektu bat bultzatu nahian taldeetan antolatzeko beharra oso inportantea izango da.



Zein izan da erakundeek artearekiko erakutsi duten babes maila?

Gorabehera esanguratsuak egon dira. XX. mende hasieran inplikazio handi samarra zegoen, instituzioek nola edo hala artea babestu behar zela ulertu zuten. Baziren artistak kanpora ikastera bidaltzeko diru-laguntzak, edo museoen sorrera bera. 60ko hamarkadan halakoak ezinbestean murriztu ziren, nahiz eta salbuespenak izan, enpresa pribatuen eta mezenasgoaren bidez, kasu. Garai demokratikoan halakoak derrigorrean behar direla suposatu zen, eta egia da beste erkidego askorekin konparatuta egoera ona dela gurea. Arazoa instituzioek artea beste erabilpen batzuetarako bideratu dutenean sortzen da, Guggenheim museoaren kasuan legez.



Transmisioaren baitan hezkuntza elementu garran-tzitsua dugu. Oteiza eta Arte Ederren Fakultatea dira giltzarri inportanteenetakoak. Zein paper jokatu dute?

Hezkuntza funtsezkoa da transmisioan. Beti egon da artearen heziketarako gogoa. Mende hasieran arte eskolak baziren. Eta Oteizaren proiektua brillantea zen;hankaz gora jarri zuen akademia tradizionalaren eredua. Konbentzituta zegoen -eta garaiko beste asko konbentzitu zituen- umeen heziketak gizaki berri bat ekarriko zuela, horretarako ekimen ugari eta esanguratsuak gauzatu zituelarik. Arte Ederren Fakultatea osatzeak artearen hezkuntza espezializatu eta profesionalizatu egin du, gizartearen onarpenarekin, nahiz eta une batzuetan bestelako ereduak ere proposatu diren, funtzio oso interesgarria bete zuen Arteleku, adibidez.



70eko hamarkadan pitzatzen hasi eta 80koan gizartearen eta artisten arteko eten erabatekoa eman zen. Zeintzuk izan ziren arrazoi nagusiak?

Soziologikoki aldaketa nabarmenak izan ziren, eta baita artearen aldaketak ere. Oso inportantea izan zen artearen profesionalizazioa. Artea gizartean txertatuta zegoenean hain profesionala ez zela zirudien, baina normalkun-tza sistema batean sartu eta besteekin pareka-tzearekin batera, espezializazio bat ematen da;instituzioek babesa, fakultateak hezkun-tza eta artistek artea egiten dute, eta horrela, orokorrean, gizartetik aldenduz joan da arte mundua. Asmo bat zen normalizazioak bere kontraesanak ere bazeuzkan, sistemaren baitan komertzializazioa, instituzionalizazioa eta artista mota bat gailendu baita.



Emakume artistek pairatu behar izan duten alde batera uztea benetan nabarmena izan da. Asunción García Asartaren kasua nabaria da, arrakasta izan arren, ahanzturan geratu baita. Nola joan da aldatzen hauen egoera?

Egia esan, uste dut ez dela aldatzen joan. Oraintsu aldatu da, neurri batean. Egun ere, %85a emakumezkoak dira fakultatean, baina erakusketak egin eta onarpen bat duten artisten zerrenda eginez gero, nekez hurbiltzen gara datu horietara. Asunción García Asartaren kasua errepikatu egiten da 60ko hamarkadan, Maria Paz Jimenezekin eta beste batzuekin. Aldaketa txiki bat eman zen emakumeak jakin izan zuelako hutsune batzuk bete eta arte mota batzuk egiten, denborarekin aldarrikatu direnak. Baina, zerbait hobetu bada ere, egungo egoera ez da ona emakume artisten-tzat, egiaren momentuan zailtasun ugari baitauzkate.



Artearen munduan euskara baztertzeko joera agerikoa izan da, gaur egun ere bai. Nola ikusten duzu etorkizuna?

Nahiko ilun. Ez badugu kontzientzia aldaketa sakon bat egiten, nekez egingo du aurrera. Gaztelania eta ingelesa saritzen dira, euskara oztopo gisa ulertzen da, exigentzia asko dauzka. Zama bat da artean euskaraz lan egin nahi izatea. Sari edo laguntza batera dossier bat euskaraz aurkezteak arazoak dakartza, instituzio askok beren publikazioak ez dituzte euskaraz ateratzen, etab. Ez naiz batere baikorra aspektu honetan, eta pena itzela da, autonomiaren 30 urte pasa baitira.



Zeintzuk izan dira artearen sistemaren ezaugarri nagusiak eta zelan ikusten duzu egungo egoera?

Nahiz eta oztopo dezente egon -gerra izugarri bat tartean-, ematen du arte sistema propio baten nahia eta aukera mantendu dela. Mende hasieran bazegoen, ahula izan arren, bertako sistema bat;60ko hamarkadan sistemak ez du artea laguntzen, baina badago sistema underground moduko bat, eta demokraziaren etorrerarekin arte sistema propio baten aukera mantentzen da. Krisiaren ondoren hori aldatzeko arriskua dago, aginte guneak nazioartean kontzentratzeko bideratuta dagoela baitirudi, eta espainiar sisteman disolbatzeko beldurretik sistema globalean disolbatzeko beldurrera pasako gara.



Nola ikusten duzu euskal arte produkzio garaikidea?

Oso ondo ikusten dut. Gehien baloratzen dudana eskaintzen diren aukera desberdinak dira. Beti egon izan dira joera nagusi batzuk beste batzuk itzalpean utzi dituztenak, eta egun joera eta artisten artean aniztasun esanguratsu bat atzematen da. Galdu da ildo nagusiek egiten dutenetik aparte ibiltzearen beldurra, eta aberastasun hori eskertzekoa da. Egia da instituzio eta merkatu aldetik joera indartsu batzuk beti daudela, baina erakusketa asko daude, baita umilak eta orotarikoak ere. Momentu interesgarria bizi dugu.

votos |¡comenta!

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120