DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales.Deia. 40 urteDeia. 40 urte

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
dantza

Ez dadila festa amaitu

Tio Teronen Semeak dantza taldeak herri guztietako plazak zapaldu ditu, ‘Freshcool’ emanaldiarekin sekulako giroa sortuz. 2015eko maiatzean Donostian aurkeztu zuten proposamen original eta berritzailea, eta aurten ehungarren saiora iritsiko dira;ez dago dantzari kuadrilla honen oinak gelditzerik

Ane Urrutikoetxea - 2017(e)ko ekainaren 25a, igandea - 12:06etan eguneratua

votos |¡comenta!
Tio Teronen Semeak, Kaldearte jaialdiaren baitan Gasteizko Andre Mari Zuriaren Plazan eskainitako emanaldian.

Tio Teronen Semeak, Kaldearte jaialdiaren baitan Gasteizko Andre Mari Zuriaren Plazan eskainitako emanaldian. (BORJA AGINAGALDE)

Galería Noticia

  • Tio Teronen Semeak, Kaldearte jaialdiaren baitan Gasteizko Andre Mari Zuriaren Plazan eskainitako emanaldian.

Oraindik Tio Teronen Semeen zuzenekoa ikusi ez duenak ziur aski Interneten milaka ikustaldi izan dituzten bideoetako batean ezagutu du dantzari talde honen proposamen arrakastatsua. Euskal dantza tradizionaletik datorren lagun kuadrillak osatzen du Tio Teronen Semeak, eta Freshcool emanaldia 2015eko maiatzean Donostiako Olatu Talkan urduritasun handiarekin aurkeztu zutenetik, ez ditu inork gelditu. Aurten ehungarren emanaldira iritsiko dira, eta uda hasiera honetan agenda erabat betea dute dagoeneko .

Hogei bat dantzarik eta lau musikarik osatzen dute dantza kuadrilla bitxi hau. Aritz Salamanka taldeko dantzari eta zuzendariaren esanetan, Tio Teronen Semeek kuadrilla baten moduan funtzionatzen dute, bai taula gainean zein fokoen atzean: “Denok dantzan ezagutu dugu elkar, eta ordu asko igaro ditugu batera. Horrela sortu zen Freshcool-en ideia, eta geroztik, dantzaren eta musikaren bitartez kuadrilla baten istorioa kontatu diogu jendeari;lagun talde baten moduan egiten dugu lan, proiektua kudeatuz eta erabakiak denon artean hartuz”.

Errotazio sistema Dantzari eta musikari guztiek proiektuan aktiboki parte hartzeaz gain, taldearen izenean hitz egitea gustuko dute. Emanaldia behin baino gehiagotan ikusita, segituan sumatu daiteke ez daudela bi saio berdin, eta ez direla beti taldekide berdinak igotzen eszenatokira. Salamankaren arabera, errelebo sistema bati esker dute horrenbeste emanaldi eskain-tzeko indarra. “Plazan hamabost dantzari ibili ohi gara, baina askotan errotazio sistema bati esker irauten dugu, batez ere orain, uztaila-abuztua aldera. Aste batean zazpi emanaldi jarraian izatera iristen gara, eta egun horietan bizpahiru dantzari txandakatzen ibiltzen dira;ez ditugu ordezko moduan hartzen, guztiok taldekideak garelako, eta hori da azkenean arrakastaren gakoa, maite dugun zerbaitekin ondo pasatzen gabiltzan lagunak garela”.

Rollo ona, lagun giroa, parranda eta umorea segituan antzematen dira Freshcool emanaldian. Herrietako plazak dira beren eszenatokiak, eta noiz edo noiz leku itxiren batean ere dantzatu duten arren, kalean ezin gusturago sentitzen dira. “Guzti honen helburu nagusia guretzat ondo pasatzea da, eta horregatik, herriko plazan emanaldia hasi bezain laster gure arteko pikeak eta txantxak tartekatzen ditugu dantzarekin. Publikoarekin tratu zuzena izatea gusta-tzen zaigu, haiek ere espektakuluaren parte bilakatu eta ondo pasa dezatela. Guk giro paregabean egiten dugu hau, eta emanaldia ikustera datozenek segituan nabaritzen dute hori”.

Tradizio dibertigarria Tio Teronen Semeek euskal dantza tradizionala dute beren ikuskizunaren oinarritzat, baina hortik aurrerako guztia elkarrekin igarotako orduen fruitu da. Herriko festetara parrandan ateratzen den edozein kuadrillaren istorioa kontatzen dute, eta umorez Agurra, basoaren dantza eta bestelako dantza tradizionalak parodiatzen dituzte, txikitero kuadrilla bat imitatuz.Musikak garrantzi handia dauka Freshcool-en, eta horregatik, zuzeneko musikarekin lan egiten dute Tio Teronen Semeek. Dantzen pausoetara moldatutako musika erabiltzen dute, eta musikariak dantzariak bezain taldekide direnez, erabat pertsonalizatutako saioa egiten dute. “Musikariak ikuskizunaren parte dira, dantzariak bezala. Gainera, haiek ere egiten dute dantza zenbaitetan”. Musikariek jotzen ez dutenean, baina, bestelako doinu parranderoagoak ere dantzatzen dituzte Tio Teronen Semeek. “Oraindik ez gara Despacito abestiarekin saiatu, estilo hori ez dugu landu, baina nork daki!”, dio Salamankak.

Bertsoak botatzen ere trebeak dira, eta publikoak aktiboki parte hartzen duenean, kuadrillako kideren baten mikrofonoa hartu eta inprobisazioari tartea eskaintzen diete. Behin edo behin, publikotik ere baten bat animatu da emanaldiarekin bat egitera: “Espontaneo asko ateratzen dira gurekin parte hartzera;istorioa publikoari estrapola-tzen diogu;azken finean umorezko emanaldia denez, jendeak oso hurbil sentitzen du, eta denok pasatzen dugu primeran. Guretzat, publikoarekin partekatzen ditugun une magiko horiek altxor txikiak dira, eta horregatik saiatzen gara emanaldi bakoitzari toke berezi bat ematen”.

Plazako xarma Publikoa zirikatuz, probokatuz eta barre algarak sorraraziz, Euskal Herriko zein kanpoko plaza nagusienak konkistatu dituzte. Berdin du hiriburu batetik edo herri txiki batetik deitzen badiete;Tio Teronen Semeek, beti %100 ematen dute beren emanaldietako bakoitzean. “Asko gustatzen zaigu emanaldi bakoitza berezia eta bakarra izatea;espektakulua kalean egiteko aproposa da, kanpoko elementuak lagungarri zaizkigulako, eta, gainera, non kontatu kuadrilla baten istorioa, herriko plazan baino hobeto?”, diote. Herri bakoitzeko eremu naturalera egokitzen saiatzen dira, eta hala, publikoarekin harreman estua garatzen dute. “Noiz edo noiz, eguraldi txarraren ondorioz, frontoi bat bezalako eremu itxi batean dantzatu dugu, baina ez dugu aretoetan sartu nahi. Plazako xarma ez dugu galdu nahi”, diote aho batez.

Azken emanaldia Gasteizen eman zuten, eta beroak ez zituen ikusleak uxatu: “Bi emanaldi egin genituen, eta lehenengoan kristoren beroa egiten zuen arren, 19:30etako emanaldian plaza gainezka aurkitu genuen, gure zain. Hori da plazek duten abantaila: paseatzen zabiltza, eta bat-batean zerbait gertatzen ari dela ikusten duzu, interesa pizten du”. Salamankaren arabera, Gasteizko emanaldia primeran atera zen, eta hiriburuan bizitako esperientzia asimila-tzen dabiltza oraindik: “Sekulakoa izan zen, ikusgarria, jendea izugarri inplikatu zen gurekin”.

Autokudeaketa Maila horretako arrakasta kudeatzea ez da erraza, baina dantzari taldeak argi dauka ez dutela kanpotik inor etor-tzea nahi, eta autogestioan oinarritutako sistema baten bitartez antolatzen dira, taldekide guztien iritzia kontuan hartuta eta denen artean erabakiak hartuz. “Bihar manager bat hurbildu eta New Yorkera eraman nahi gaituela esango baligu, baietz esango genioke, baina proiektuaz gu arduratzen garela argi utzita. Ez dugu pasio hau lanbide bilakatzeko asmorik, eta kanpoko norbait etorri eta egin behar duguna esaten hasterik ere ez dugu nahi. Une gozo honetaz disfrutatzen gabiltza, eta oso gustura gaude guzti hau kudeatzen, guk kontrolatzen dugulako noiz, zer, nola eta zergatik egiten dugun hau guztia. Laguntza, ideiak, eta parte hartzeko prest dauden eskuak ongi etorriak dira, baina argi dugu gu garela gure manager onenak”.

Autogestioak buruhausteren bat ekarri izan die agenda antolatzeko orduan, horrenbeste eskari kudeatzea ez baita erraza. Taldea Freshcool ezagutarazten zentratu den arren, horrenbeste eskari jaso dituztenez, hainbat ezezko ere eman behar izan dituzte. Aurten ez dira gelditu, eta urrira arte 40 bat emanaldi gelditzen zaizkie oraindik emateko.

Euskal Herriko plazak bisitatzeaz gain, uda honetan Mataroko arte eszenikoen jaialdian, Huescan, Levanten eta beste hainbat herritan izango dira Tio Teronen Semeak. Euskal Herrian hainbat plaza bisitatuko dituzte berriz, eta txoko berrietara ere iritsiko dira, esate baterako, Iparraldera: “Plaza berriak beti dira ongi etorriak, eta gure emanaldiak arrakasta izan duten tokietara bueltatzea gusta-tzen zaigun arren, asko disfrutatzen dugu lehen aldiz toki batera iristen garenean”.

Dagoeneko badira behin baino gehiagotan bisitatu dituzten hiriak, eta proiektu berriren bat dutenerako badute interesaturik ere. “Etorkizunean gurekin kontatzen dutela en-tzutea oso polita da, eta badakigu asko direla proiektu berriren bat ateratzen dugunean interesa duten herriak. Dena den, plaza batera beste behin joaten garenean, beti saiatzen gara marko ezberdinean izatea, zerbait berria eta freskoa eskaintzen jarraitzeko. Tokia aldatuz, inguru edo testuinguru ezberdin bat topatuz, emanaldiari buelta bat ematea gustatzen zaigu”. Eta espektakulua amaitzen denean, zer? Lagun taldeak dantzan jarraitzen du, Salamankaren esanetan: “Saio bakoitzaren amaieran, guztiok elkarrekin afaldu edota afari-poteotxo bat egin eta parrandara joaten gara, dantza eta festarekin jarraitzeko prest!”.

Freshcool ikuskizuna urrira arte eskainiko du dantzari taldeak, eta ehun emanalditara iristea espero dute. Ondoren etorriko dena ez daukate batere argi, baina Tio Teronen Semeak hasi dira dagoeneko 2018ra begira. Badakite orain arte bizitakoa “ametsa” izan dela, eta dena ondo badoa, zerbait berria egitera animatuko dira.

votos |¡comenta!

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120