DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales.Deia. 40 urteDeia. 40 urte

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
IÑAKI MARTIARENA ‘MATTIN’ MARRAZKILARIA

“Jolasa berreskuratu behar dugu”

Hitza eta jolasa izaten ditu ardatz bere lanetan. 25 urteko ibilbide oparoan alor desberdinak landu ditu: komikia, ilustrazioa, umore grafikoa... Urte oparoak izaten ari direla dio, baina, baita, ahalegin handia egin duela dagoen lekura iristeko

KATTALIN BARBER - 2017(e)ko uztailaren 2a, igandea - 11:09etan eguneratua

votos |¡comenta!
Abuztuan, Usurbilgo Artzabal jatetxean izango dira ikusgai Mattinen zenbait lan. IKER AZURMENDI

Abuztuan, Usurbilgo Artzabal jatetxean izango dira ikusgai Mattinen zenbait lan. (IKER AZURMENDI)

Galería Noticia

  • Abuztuan, Usurbilgo Artzabal jatetxean izango dira ikusgai Mattinen zenbait lan. IKER AZURMENDI

Ibilbide luzeko marrazkilaria da Iñaki Martiarena Mattin (Donostia, 1967). 25 urte baino gehiago daramatza, besteak beste, irudiak, umore zintak eta ilustrazioak egiten. Azken lana du Zarrakamalda (Txalaparta), iaz argitara eman zuen bere lehen eleberri grafikoa. Bere bilakaera pertsonal eta profesionalean jauzi bat dela dio, are gehiago, “ahalduntze grafiko” bat izan dela. Berriki Portugalete Uri Urena komiki lehiaketako lehen saria ere irabazi du marrazkilariak, Lore denda lanarekin. Errefuxiatuen afera ardatz hartuta, grafismo berritzailea erabili du.



‘Zarrakamalda’ zure lehen komiki luzea da. Zer dela eta eman zenuen jauzia?

Bi gauzengatik da berezia lan hau: formatuagatik eta nik sortutakoa delako. Enkarguak egitean gustura aritzen naiz, baina kasu honetan nik sortutako lana izan da eta bertan sumatzen da ahots propio bat izateko ahalegina. Era berean, ahalduntze grafiko bat nabaritzen dela uste dut. Joan den urtean aurkeztu nuen eta dagoeneko bere bidea egin du komikiak. Balorazio ona egin dugu.



Beharrezkoa zenuen zure barrenak gidatutako zerbait egitea?

Lan asko argitaratu ditut eta pozik egin dut orain arteko bidea, baina horrelako zerbait nahi nuen, barrenak eskatzen zidan horrela lan egitea. Hainbat gauza nituen gordeta nire baitan eta ezinezkoa nuen beste tankera batean adieraztea. Urteetako lana izan da, ahalegin handia egin dut, baina gustura nago.



Zure ilustrazioak eta komikiak koloretsuak izan ohi dira, baina azken honetan, berriz, zuri-beltza erabili duzu. Zergatik hautu hori?

Istorioak berak eskatzen zidalako. Arriskua nuen koloreen mundu horretan galtzeko, eta ez nuen nahi gauza polit bat egin. Istorioari garrantzia eman nion eta zintzoa izan naiz barrenak eskatzen zidanarekin. Bitxia da, baina proiektua bukatu eta gero beste muturrera joan naiz eta orain dela gutxi egin dudan erakusketan publikoak kolorearen erabilerarengatik zoriondu nau. Baina, Zarrakamalda-ren kasuan, argi nuen zuri-beltzez izan behar zuela. Hortaz, saiatu naiz hitza eta irudiaren arteko oreka bilatzen, irakurleak arnasa hartzeko isiluneak daude eta baita ere marrazki atseginagoak ere, nik neuk ere marrazkiarekin goza-tzeko. Tonuarekin ere jolastu dut. Hasieran tonua tristeagoa zela ohartu nintzen eta bizi-tzaren aldeko jarrera hartu nuen komikian ere.



Orain zer nolako proiektuak dituzu esku artean?

Momentu honetan, ilustrazio lan bat lantzen ari naiz Kristina Enea Fundaziorako. Orain dela gutxi Musika Musuka erakusketa egon da Tabakaleran eta ostatu batean jarriko dut hemendik gutxira. Bitartean, beti bezala, formazioarekin, ikasten, enkarguak egiten, marrazten, koloreak lantzen ari naiz.



Esan dezakegu zure ibilbide osoan denetarik egin duzula: umore zintak, kartelak, ilustrazioak, ikastaroak, liburuak, zuzeneko saioak.... Zer falta zaio Mattini egiteko?

Egia esan, Zarrakamalda argitaratu eta gero ezer gutxi! Beharbada sakontzea eta dakidana hobetzea da falta zaidana. Azken erakusketan publikoak gehien estimatu duena kolorearen erabilera da eta formatu handikoa izatea, eta hain zuzen ere, hori zen nik faltan nuena. Baina guztiak du bilakaera, eta nirea bide naturala izaten ari da. Beti daude gauza berriak egiteko, eta genero batetik bestera aritzea ere gustatzen zait. Urteak eman ditut karikaturak egin gabe eta azkenaldian berriro ari naiz egiten, adibidez. Azken finean, oreka bilatu behar dugu ditxosozko merkatua eta norberaren bulkadaren artean.

Zaila da oreka hori bilatzea?

Oso zaila, baina horretan aritzen gara. Egia da, gaur egun mediatikoki komikigintza badirudi berriro agertzen ari dela, oso bazterreko munduan jardun izan baikara. Hain zuzen ere, Zarrakamalda-k hori adierazten du. Bazterretik idatzitako eta egindako lana da.



Nola ikusten duzu egoera Euskal Herrian?

Nire esperientziatik hitz egin dezaket. Galdera horri erantzutea zaila da, ni egilea naiz, eta kritikoek egin beharko lukete balorazioa. Bolada batean komikigintza utzi nuen eta ilustraziora jo nuen, eta orain Zarrakamalda-k berriro komikigintzara ekarri nau. Nik soilik esanen nizuke euskarazko komikia ez dagoela oso loraldi handian, bazterreko kontu bat izaten jarraitzen du, lanak argitaratzen diren arren.



Horrez gain, publikoa dagoela uste dut. Zarrakamalda lantzen hasi nintzenean, gogoan dut helduentzako istorio bat egin nahi nuela. Izan ere, oraindik aurreiritzi asko ditu komikiak, eta horiek apurtzeko bidean argitaratu nuen: liburu sendo bat, istorio sakon batekin publikoak ikusteko komikia beste edozein medioren adinekoa dela. Beharbada, gure lana eta gure ahalegina izan beharko litzateke aurreiritzi horiek gainditzea. Publikoa ohartu behar da komikiaren bidez edozein gauza kontatu ahal dela.



Irudigintzaren munduan bizi gara egun. Nola eragiten dio horrek komikiari?

Kezka dut, ez ote ditugun irudi gehiegi, ez ote dugun gainestimulazio gehiegi. Horregatik aritu nintzen hainbat urtez ia ezer argitaratu gabe, irudien gainprodukzioa dagoelako. Azken finean neka-neka eginda amaitzen duzu. Irudiez ari naiz;komikigintzan, zorionez, bazterrekoa denez, ez da hau gertatu. Komiki zalea ere banaiz eta azken lanarekin gustura gelditu naiz.

Zer-nolako komikiak irakurtzen dituzu zuk?

Denbora faltagatik gutxi irakurtzen ari naiz momentu honetan. Bestetik, sormen prozesurako ez dut apenas estimulurik behar, ez ditut jaso nahi, eta besteen lanak ez ditut asko jarraitzen. Horrela, nire barruko ahotsari kasu egiten saiatzen naiz. Jakina, ez naiz nire munduan bakarrik aritzen. Adibidez, orain dela gutxi egon naiz Sarako biltzarrean eta gauza politak egiten ari dira. Pozgarria da oso.



Nola sortzen dituzu zure pertsonaiak eta istorioak?

Bizipenetan oinarritzen naiz, batik bat nire gogoetak dira. Komikiak irakurtzeko denbora gutxi izateak ez du esan nahi, adibidez, literaturarik ez dudala irakurtzen. Azkenaldian poesia asko irakurri dut, eta proiektu polita egin dut Ainara Maiarekin. Berak Musuak liburu proiektuaren poemak irakurri, eta nik ilustrazioekin lagundu dut.

Zer ematen dizu zuri marrazkiak?

Barrenak ordenatzeko eta adierazteko modu bat da niretzat, gerora bihurtu nuen ogibide. Nik uste dut berezkoa dugula gizakiok marrazteko bulkada, kontua da gero batzuek gara-tzen dugula edota baldintzak ditugula hori ateratzeko eta beste batzuek ez. Nire kasuan, bulkada horri kasu egin nion, nahiz eta inolako tradiziorik ez egon nire inguruan. Gainera, egia esan, ez nituen baldintza egokiegiak izan, baina aurrera atera nintzen eta egun ogibide dut. Hazi batekin alderatzen dut nik. Zuk izan dezakezu hazi indartsua, baina inguruan porlana baldin badago alferrekoa izanen da haztea. Nik uste dut gure ogibidean hori gertatzen dela, eta iruditzen zait, baldintzak, egun, akaso hobeak direla.

 

Nola ikusten duzu zuk izandako bilakaera?

Urte batzuk baditut dagoeneko eta edukian zein marrazteko moduan ikaragarrizko aldea ikusten dut. Dena den, une honetan ez dut nire burua estilo batean kaiolatu nahi eta horrek ez nau kezkatzen. Nire lanetan aniztasuna dagoela ikusten dut, baina ez dagokit niri horretaz hitz egitea. Anitza izaten eta goza-tzen saiatzen naiz ni. Jolastea ere bilatzen dut. Tamalez, jolasaren ideia guztiz ahaztuta dugu gure gizartean, eta nik uste dut berreskuratu behar dugula alor eta esparru guztietan. Pin-tzela edo dena delakoa hartu eta jolastu. Askotan iruditzen zait agian prestigio gehiegi ematen diogula geure buruari, eta gorputza alde batera uzten dugula, zokoratuta. Baina digitalizazioaren aurretik eskuak zikintzen genituen lan egiteko eta, hain zuzen ere, nik neuk eskuz egiten ditudan lanetan gehiago gozatzen dut, fisikoagoa delako.



Biak uztartzen dituzu?

Biak baliagarriak dira eta biak uztartzen ditut. Digitalizazioak ikaragarrizko aukerak ekarri ditu eta zoragarria da hori, baina eskuz egiten ahalegintzen naiz.



Haur eta gazteentzat liburu ugari ilustratu dituzu, baina azkena helduentzakoa duzu. Alde handia dago bata eta bestearen artean ilustra-tzerako orduan?

Orain konturatu naiz, denborarekin, genuen arduraz. Ardura handia da testu bat hartu eta irudi bihurtzea, eta beti saiatu naiz horrek ni ez blokeatzea. Adinaren kontua uste dut merkatuaren legea dela, merkatuak egiten du zatiketa hori. Belardoren kasuan, adibidez, makina bat heldu etortzen zaizkit esatera asko gustatzen zaiela pertsonaia. Gaiaren arabera saiatzen naiz grafismoa aldatzen, egitasmo bakoitzak bere grafismoa izateko.



Hitzekin jolastea ere gustatzen zaizu eta ezagunak dira zure hitz-jokoak ilustrazioetan. Beharrezkoak dituzu?

Nonbait irakurri nuen autodefentsa egin behar dugula, eta umorea autodefentsa tresna bat da. Nire kasuan, dudarik gabe, autodefentsa bezala erabiltzen dut umorea. Arkatzak mina du eta min horretarik jarduten gara. Bizitzaren aldeko apustua neketsua da zenbaitetan eta jolasa behar dugu.



Azken finean, bakoitzak bere lekua bilatu behar du mundu honetan?

Bai, eta Zarrakamalda-n horretan sakondu dut. Lan autobiografikoa ez izan arren, prekarietate emozional eta ekonomikoari buruzko hausnarketa egiten du. Lokatzak -liburuko protagonistak- bere lekua bilatu behar du, eta nik neuk ere nire lekua bilatu behar izan dut urte hauetan guztietan. Ibilbide guztia baliatu dut norberaren lekua eraikitzeko eta ahalegin handia egin dut nire lekua topatzeko. Zaila da, batzuetan ez dizute lekurik uzten eta zure burua kokatu behar duzu. Orain ikusi dut ereindakoa biltzen hasi naizela, eta urte oparoak izaten ari dira. Aurkitu dut nire tokia.

votos |¡comenta!

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120