DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales.Deia. 40 urteDeia. 40 urte

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
dantza

Sagarra, dantzan

Umorez, alaitasunez eta bizi-bizi, sagarrak historian zehar izan dituen esanahi guztiak plazaratuko ditu Oinkari dantza taldearen eta Hika konpainiaren diziplina anitzeko ‘Sagartu’ kaleko ikuskizunak. Gaur, Zarautzen estreinatuko dute, 22:00etan

Kattalin Barber - 2017(e)ko uztailaren 9a, igandea - 12:33etan eguneratua

votos |¡comenta!
Oinkari taldeko hamabost dantzari airtuko dira oholtzan dantzan.

Oinkari taldeko hamabost dantzari airtuko dira oholtzan dantzan. (Otxabi Studioa)

Galería Noticia

  • Oinkari taldeko hamabost dantzari airtuko dira oholtzan dantzan.

Sagarra hartu, sagarrarekin eta sagarrari dantzatu. Sagarraz mintzatu, sagarrarekin kantatu, sagarra dastatu, sagarra eragin, sagarrarekin jolastu eta erotu. Sagarrak dantza egiten du Hika teatroa eta Oinkari dantza taldearen ikuskizun berrian. Sagarra da, finean, zuzeneko musika, dantza eta antzerkia uztartzen dituen diziplina anitzeko protagonista. Euskal Herriko tradizioan ez ezik, munduan zehar sagarrak izan duen garrantzia errepasatuko dute Sagartu ikuskizunean: sagar perfektua, bekatuzko sagarra, sagar usteldua.... Hamaika esanahi dituelako frutak. “Bestalde, sagarra bere horretan, oso elementu dantzagarria da. Borobiltasun horrek mugimendurako gonbita egiten du, erakargarria da begi bistarako, koloretsua eta oso eramangarria: eskuetan, poltsikoan. Hitz batean, oso elementu teatrala da”, dio Agurtzane Intxaurraga ikuskizunaren zuzendariak.

Paradisuko garaietatik dator sagarrarekiko lotura. Jainkoak sagarraren ederra bekatu bihurtu nahi izan zuenetik, alegia. “Hortxe agertzen zen Eva sagarra dastatzen, eta gero ere, Evaren antzera, Edurnezurik ere kosk egin zion sagarrari -kontatu du zuzendariak-. Azkenaldian asko irakurri dut sagarrari buruz, ez bakarrik Euskal Herriko tradizioan, baizik eta sagarraren esanahi desberdinen inguruan. Betidanik erakarri nau kontakizun horietan emakume bat egon dela sagarraren atzean”. Izan ere, konpainiaren antzezlan eta lan guztietan emakumearen begirada, izaera eta izana oso presente dago. Honakoan, testua, Arantxa Iturberekin batera idatzi du Intxaurragak.

Aitortu duenez, Intxaurraga bera sagarzale “amorratua” da. Horrez gain, sagarraren esanahi desberdin eta kontakizunetan interesa izan du beti. Ez da gaia lantzen duen lehen aldia, aurrekariak ditu Sagartu-k. Alde batetik, Oinkariko gazte dantzariei interpretazio klaseak eman zizkien iaz Intxaurragak, eta sagarra hautatu zuen haiekin lantzeko elementu bezala. “Orduan izan nuen aukera sagarraren inguruan pentsatzeko, sagarra aireratzeko, dantzatzeko eta dantzarazteko”, gogoratu du. Bestetik, orain dela urte eta erdi ikuskizun labur bat prestatu zuen Sagardogileen Elkarteak eskatuta, eta bertan ere protagonista izan zen fruta.

KALEA ETA ELKARLANA Umorez, alaitasunez eta bizi-bizi ondu dute ikuskizuna. Dantzak, zuzeneko musikak eta antzerkiak bat egingo dute kalean uda honetan. “Sagartu-rekin kalera atera nahi genuen. Izan ere, Oinkariren toki naturalena plaza da eta Hika teatroaren abiapuntua ere kale antzerkia izan da. Horregatik bat egin dugu”. Bi taldeen arteko elkarlana ohiko bihurtzen ari da. 2013ko uztailean Itsasoaren emazteak ikuskizuna sortu zuten elkarrekin. Ikuskizun horrek, euskal dantza tradizionala oinarri hartuta, Euskal Herriko kostaldeko arrantzaleen emazteen bizipenak kontatzen ditu. Berrogeita hamar dantzari, lau musikari eta bi aktore bildu ziren taula gainean olatuaren joan etorrian, josi eta josi saretan barrena, historia bizi eta hunkigarria harilkatuz. “Izpiritu bera dute bi ikuskizunek, baina oso desberdinak dira energia eta dinamika aldetik”, dio Intxaurragak.

Honakoan, bi aktore egon beharrean, aktore bakarra egonen da. Miren Gojenola aktoreari egokitu zaio lan hori eta “dantzari eta ikusleen arteko zubi lana” eginen du. Euskal Herriko edozein sagardotegitan lanean ari den edozein emakumeren pertsonaia irudikatuko du Gojenolak. Sagarditik hasi eta sagardoa egiteraino jardungo du kaleko eszenatokian;eszena bat hurrengoarekin harilkatzen joanen den aktorea izanen da. “Oso dastagarria egingo zaio publikoari, eta gure helburua hori ere bada: sagarra eta sagardoa dastatzeko gogoarekin gelditzea ikuskizuna amaitzean”.

Ikuskizuna “berezia” dela dio Intxaurragak eta ikusleek gozatzeko eta hunkitzeko aukera izango dutela ez du dudarik. “Beharbada sagarrak berak dantzatuko duelako, eta ez garelako bakarrik gure ondarean edo tradizioan geratu, harago joan gara eta sagarraren esanahiekin jolastu egin dugu”, aurreratu du. Plaza bat, hamabost aulki eta dozenaka sagar baino ez dituzte behar obra aurrera eramateko. “Jendea gure inguruan eseriko da, eta erronka handia izan da gure-tzat etengabe alde guztietara begira lan egitea, inor bizkarra emanda dagoela ez sentitzeko”, gaineratu du Gojenolak.

SAGARREZ JOSITA Amasa-Villabonako Oinkari dantza taldeak izanen da sagarra dantzan jarriko duena. Taldeko hamabost dantzarik jolastuko dute sagarrarekin eta dantzarazi egingo dute. Ohi duten moduan, euskal dantza tradizionala eta dantza garaikidea nahastuko dituzte ikuskizunean, Eneko Arteaga arduradunak adierazi duenez. “Sagarrez josita egongo da plaza, eta ezkerretik eskuinera agertuko dira”. Euskal dantza tradizionala oinarri hartuta, forma eta modu garaikideagotan murgilduko da ikuskizuna, etengabe.

Eneko Gil dantzariarekin prestatu dituzte koreografiak, eta, kasu honetan, Itsasoaren Emazteak antzezlanean bezala, interpretazioak garran-tzi handia du. “Interpretazioak dan-tzak adina garrantzia izan du, lan asko egin behar izan dugu, baina emaitza polita da”, dio Arteagak. Adierazi duenez, Oinkari dantza taldean, gaur egun, euskal dantzak, dantza garaikidea eta interpretazioa berebiziko garrantzia duten hiru arlo dira, eta hirurak lantzen dituzte ikastaroetan. Azken urte hauetan konpromiso handia erakutsi du horretan Oinkari dantza taldeak eta horrek aldi berean ate asko ireki ditu eta elkarlan ugari egitera bultzatu du. “Oso aberasgarria da guretzat”.

Oinkarik berrogei urte baino gehiagoko ibilbidea egin du herriko plazetan, eta Hika Teatroarekin lan egiteak euskal dantzari begirada ezberdinez begiratzeko aukera emateaz gain, Euskal Herriko antzoki sarean lan egiteko parada eskaini dio. Arteagaren irudiko, Sagartu an-tzezlana Hika Teatroarekin aurretik egin zutena baino “osoagoa” da: “Ez dute zerikusik bata bestearekin;aurrekoa antzokirako prestatu genuen eta hau kalerako;gainera, bilakaera ikusten da taldean eta an-tzerki eta dantza uztarketa hobetu dugula esango nuke”.

POESIA ETA MUSIKA Umorez josita dagoen arren, Intxaurragak ziurtatu du obrak “momentu poetikoagoak” dituela eta ez direla soilik dantzaldira mugatu: “Oso ikuspuntu desberdinetatik lantzen dugu sagarra, sagastia eta sagardoa”. Azken finean, sagarretik sagardora eta sagardotik bueltan sagastietara, festa batean hasi eta festa batean amaitzeko moduan ibiliko dira sagarrak. Euskal Herrian ez ezik, paradisuko garaietatik hona izan dituen hainbat esanahi plazaratuz, ikuskizunari “ikuspuntu aberatsagoa eta zabalagoa” eskainiz. Zuzeneko musikak, gainera, “plus” bat ematen dio ikuskizunari. “Aukera emango dio emanaldi bakoitzari bere taupada propioa izateko. Jendearen eta ikuskizunaren arteko lotura egoki egiteko, eta inprobisazioari ere tartea uzteko”, dio Intxaurragak. Musika herrikoia, musika klasikoa, jazz erakoa, intzidentala... Musikak aktoreak adina hitz egiteko balioko du. Iñaki Dieguez akordeoi-jotzailea eta Iker Telleria perkusio-jotzailea dira musikaren arduradunak. “Plazera izan da haiekin lan egitea”, dio zuzendariak. “Maisuak dira, eta nik nahi nuena ederki harrapatu dute hasieratik. Buruan nuen hori musika bihurtu du Dieguezek eta ikuskizunaren parte da musika”.

Intxaurragak adierazi duenez, aktore, musikari eta dantzariekin “etengabeko elkarlana” izan da, eta emai-tzarekin gustura gelditu dela dio, publikoaren erantzuna gaur ezagu-tzeko irrikaz dagoen arren. “Bizi-biziak” izan dira azken hilabeteak Sagartu-ren talde osoarentzat, hilabete gutxi izan baitituzte entseguetarako eta hainbeste jenderen artean ordutegiak moldatzea zaila izan delako. “Elementu asko kontrolatu behar izan ditut eta intentsua izan da, sormen lan osoa eskuz-eskuz egin dugu”, dio Intxaurragak.

Gaurtik hasita, Euskal Herriko plazak dituzte helburu. Obrak bi urteko bizitza izatea gustatuko litzaioke Intxaurragari, eta ez du baztertzen etorkizunean areto barruko obra izateko egokitzea. Antzezlana aurrera eramateko Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearekin eta hainbat sagardotegirekin egon da Intxaurraga, informazio bila eta hango familien ohituren eta tradizioen berri izateko. “Oinarria izan da haiei entzutea, eta horrek asko lagundu dit nondik nora joan nahi nuen jakiteko”.

Izan ere, sagarra Euskal Herriaren historiaren parte da. “Sagardoari esker iritsi dira baserriak gaur egunera arte, dolarearen inguruan eraikitako eraikinak dira”, dio Agurtzane Intxaurragak. “Ez da gure asmoa sagar edota sagardoari buruzko ikuskizun historiko bat egitea, baina ezin dugu ukatu ere, sagarra, bizi-tzeko modu bat dela Euskal Herriko eta batez ere Gipuzkoako familia asko eta askorentzat”, gehitu du. Sagarrek, orain, Euskal Herriko hamaika txoko bisitatuko dituzte, dantzatzeko eta gozatzeko.

votos |¡comenta!

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120