DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales.Deia. 40 urteDeia. 40 urte

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
JON MAIA BERTSOLARIA ETA IDAZLEA

“Ni zer naizen ulertzeko, nire aurrekoak zer izan diren ulertu behar izan dut”

80ko eta 90eko hamarkadetan lehenengo pertsonan bizi izan zuen bertsolaritzaren eraberritze sakonaren argazki pertsonala egin du urretxuarrak ‘Berriak jaio ginen’ lan autobiografikoan

DABI PIEDRA - 2017(e)ko uztailaren 16a, igandea - 11:23etan eguneratua

votos |¡comenta!
Jon Maia, liburuaren aurkezpenean, Bilboko Kafe Antzokian.

Jon Maia, liburuaren aurkezpenean, Bilboko Kafe Antzokian. (OSKAR MARTINEZ)

Galería Noticia

  • Jon Maia, liburuaren aurkezpenean, Bilboko Kafe Antzokian.

Barru-barrutik idatzitako liburua da Berriak jaio ginen (Lanku). Jon Maia Soriak (Urretxu, 1972) errealitate berri bat agerian utzi zuen 1997ko abenduaren 14an Donostiako Belodromoan. Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko azken agurrean Extremaduratik eta Zamoratik etorritako guraso eta aitona-amonei kantatu zien Maiak, aurrenekoz jendaurrean harro agertu zen bere jatorriaz eta identitateaz. Belaunaldi berri batek lekua hartu zuen: Bertso eskolan hazitako gazteak ziren bertsolari in-vitro haiek. Haiekin zekartzaten erreferente kultural berriak, jarrera berriak. Belodromoko bertso hura ardatz, belaunaldi apur-tzaile baten jaiotzaren kronika eta bidaia intimo baten kontakizuna da Berriak jaio ginen. Pasadizo xelebreak eta gogoeta sakonak tartekatuta, bere burua onartzeko egin behar izan zuen borroka azaltzen du Maiak.

1997ko Txapelketa Nagusiko agurreko bertsoa da liburuaren abiapuntua. Zergatik da hain garrantzitsua une hura?

Inflexio puntu intimoa izan zen. Nik baneukan barne gatazka bat, nire familiaren jatorriagatik. Kanpotik etorriak ziren nire gurasoak eta bertsolaritzaren mundu euskaldunean arazo bat nuen barnean. Egun hartan armairutik atera nintzen. Horregatik, liburua bertso horretatik hasten dut eta, ondoren, galdera bat planteatzen dut: Nola iristen da ni bezalako tipo bat bertso hura botatzera Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko final batean? Alegia, zein da ni bertso hori botatzera eraman nauen prozesua. Errepaso handi bat egiten dut, arbasoen inguruko hausnarketekin hasita.

Finaleko hura ‘zure bizitzaren bertsoa’ dela diozu liburuan. Baina bada, era berean, zuk esandakoekin identifikatuta sentitu zen beste jende askorena ere, ezta?

Nabaritu nuen final hartan ziklo intimo bat itxi nuela. Hain bertsolari handiek kantatu duten lekuan ni egon nintzen. Etorkinen familia baten integrazioaren historia luze bat, balioen historia bat, biribildu nuen. Egia da bertsoa familiari zuzendua zela. Baina berehala konturatu nintzen jende askok ikusi zuela bere burua bertso hartan. Hizkuntzaren tenplu hartan, ez zen ohikoa norbaitek halako aldarrikapen bat egitea, nolabaiteko sorpresa izan zen. Jende gehienak ez zekien ni mantxurriano, belarrimotz edo koreano familia batekoa nintzenik. Gaur egunera arte iraun duen esker oneko erretorno bat eman dit. Bere ibilbidea egin du bertsoak, eskoletako testu-liburuetan agertzen da, batzuetan gurasoek eta umeek esaten didate integraziorako eredu gisa ezagutzen dutela.

Bertso eskoletan hazitako belaunaldikook leku nabarmena hartu zenuten 1997ko finalean. Zer berritasun ekarri zenuten?

Liburuaren izenburuak dioenez, gu berriak jaio ginen. Horrekin esan nahi dut gutako asko tradiziorik gabe heldu ginela bertsolaritzara, ohiko kanaletatik kanpo jaso genuen bertsoa: Ikastolatik, bertso eskolatik... Ate handia zabaldu zen. Xabier Amurizak esaten zuen zu ere bertsolari eta hor dago gakoa. Edonor izan daiteke bertsolari, ikasi egin daiteke. Edozein egoera kultural edo sozialetatik sortu ziren bertsolariak, baserritik zein hirietako auzoetatik. Beraz, guk bertsolaritzan txertatu genituen gurekin genekartzan ezaugarriak, gure eragin guztiak... Euskal Telebista ikusten genuen, komikiak irakurri… gainera, euskal rock&rollaren kulturan hazitakoak ginen. Autogestioaren giroa ere hurbilekoa genuen. Horrek bertsolaritzaren unibertso imaginarioa zabaldu zuen eta guk bezalako interesak dituen publiko bat erakartzen ere hasi ginen.

Zuen belaunaldiaren haize freskoak lagundu zuen bertsolaritza gaur egungo sasoietara egokitzen?

Bai, eta, gainera, uste dut modu naturalean gertatu zela. Ohiko adar-jotze eta marmar ba-tzuk tarteko, esan behar da gu hazi gintuztenak tradiziotik zetozen irakasleak zirela. Laboratoriotik gentozen bertsolarion aldeko apustua egin zuten, handik zer aterako zen batere ziurtasunik gabe. Hainbeste borondate eta pazientzia jarri zuten haiek tradiziozko bertsolaritzatik zetozen. Horregatik, konturatu naiz gu ere kate luze baten katebegiak garela. Apurtzaileak izan ginen, baina garena zor diegu gure aurretik apustu hura egin zutenei.

Tradizionalenek esaten omen zuten zuen belaunaldikoak denak berdinak zinetela. Baina liburuan ikusten denez, nortasun handiko bertsolariak agertu ziren 1990eko hamarkadan.

Bertsokera berri bat agertzen denean, nahikoa antzekoa iruditzen zaio bertsozaleari, belarria beste gauza batzuetarako hezi duelako urte askoan. Guk ezaugarri batzuk konpartitzen genituen;gure joskerak, errimak, esateko moduak eta abarrak berdinak ziren, eta horrek eraman zituen, beharbada, denok antzeko egiten genuela esatera. Baina elkarren artean konparatuz gero, nik uste dut matiz asko dauzkagula. Gainera, gaztea zarenean oraindik garatu gabe dituzu hainbat ezaugarri eta, urteak pasa ahala, errazagoa da nortasun bat izatea.

‘Kanpokoak baino, barnekoak izan dira igo ditudan mendiak: Hizkuntzarenak, pedigri faltarenak, urduritasunarenak’, diozu. Zuk zeure buruari ezarritako trabek zenbateraino baldintzatu zaituzte?

Etengabe trabak gainditzen joan den mutiko baten ibilbide bezala ikusten dut nire ibilbidea. Hizkuntzaren mugak, gaitasun tekniko eskasa eta abar hobetzen aritu naiz beti. Gero, muga intimoagoak ere badaude;esaterako, ni oso desberdin sentitzen nintzen, nire antzeko jenderik ez nuen aurkitzen bertsolaritzan. Ba-tzuk jaiotzen dira bertsolari peto-peto, bertsolari izatea naturala da beraientzat eta gero hori landu egiten dute. Nire kasuan, hasiera-hasieratik dena lanketa izan da, askotan sentitzen dut harri handi bat dudala aurrean eta zizelkatu eta zizelkatu ari naizela forma egokia emateko.

Gaztetan izan zenituen zalantzak eta urduritasunak ikusita, nola eutsi zenion bertsotan segi-tzeko gogoari?

Bertso eskolan oso ondo pasatzen nuen. Sor-tzea asko gustatzen zitzaidan, umetan nobelak idazten nituen koadernoetan, mundu fantastikoak asmatzen nituen. Asko irakurtzen nuen. Bertsolaritzan aurkitu nuen nire adierazpide zuzenena. Plazaz plaza kantatu behar nuenean, ordea, sentitzen nuen azterketa handi bat pasatu behar nuela, demostratu behar nuela ni ere izan nintekeela bertsolari. Estuasun handia sentitzen nuen, botaka egiten nuen saioa hasi aurretik, bertigoa ematen zidan. Jolasa zen bitartean ez nuen sufritzen, baina plazan estu sentitzen nintzen. Bertso bakoi-tza, bota baino, erditu egiten nuen. Uste nuen inoiz ez nuela gaindituko hori, baina 1997ko finalak autokofiantza handia eman zidan.

Zeure bidea ekinaren ekinez egin zenuen, baina, era berean, liburuan diozu norberaren ibilbidea zehazteko orduan zoriak zeresana duela.

Mundu honetara iritsi ginenerako banderak, gerrak, gezurrak, egiak... zein ziren ezarrita zegoen. Gu baldintza horietara jaio ginen. Uste dut zoriak dena baldintzatzen duela eta etorkin familiakoa izateak sentsazio hori areagotu dit: Nire familia trenetik hemen jaitsi beharrean Burgosen edo Bordelen jaitsi izan balitz? Zoriak zer pentsatua ematen dit, nongoa zaren ez da meritu bat. Gero, inguruan jasotzen duzunak ere markatzen zaitu. Ni familia abertzale batean jaio naiz, etorkinak izan arren. Horregatik, etorkin izatearena ez nuen erraz onartzen, mundu abertzale batean hazi nintzelako, bi izaerak kontraesanean bizi nituen. Ni zer naizen ulertzeko, nire aurrekoak zer izan diren ulertu behar izan dut. Ez banintz konturatu nire familiak zergatik utzi behar izan zuen bere lurra, zergatik eraman ninduten ikastolara Extremadura eta Zamorako gurasoek, ezin izango nuen jakin ni nor naizen.

Zuk bezala pentsatzen ez duenaren ikuspegia ulertzeko bidea zabaldu dizu gogoeta horrek.

Hemen denok izan gara bakoitza bere bandokoa. Muturreko jarrerak hartu ditugu eta askotan gerra logika batean ibili gara. 1997ko bertso haren ondoren kontzientzia hartzen hasi nintzen, nire familiak hartutako erabakiez harro sentitu behar nuela ikusi nuen. Beste bandoan zeuden haiekiko beste begirada bat lantzen hasi nintzen. Francoren garaian etorri ziren, bere hizkuntza eta kultura adierazpide guztiak zapalduak zituen herri batera. Gaur egun zaila baldin bada oraingo etorkin batentzat euskararainoko bidea egitea, pentsa zer izango zen diktadura militarraren testuinguruan. Iraganeko kontua dirudien arren, oraindik banaketa horren ondorioetan bizi gara, kulturalki eta politikoki. Eta hala ere, familia horietan milaka euskaldun gaude, lehenengo edo bigarren belaunaldikoak, horiei errekonozimendua egin nahi diet liburuan.

Zeure burua biluztu duzu, garai bateko urduritasuna sentitu duzu liburu hau plazaratzeko orduan?

Ingurukoen laguntza handia izan dut. Andoni Egañak asko lagundu dit, oso ondo ezagu-tzen nau eta belaunaldien arteko aldaketa hartan ere protagonista izan zen. Bertsozale Elkartekoak, Unai Iturriagak, Igor Elortzak... denek lagundu didate, prozesu polita izan da, lagunez inguratuta egon naiz. Baina egia da gero oso urduri jarri nintzela. Inprentara sartu zen unetik pentsatzen nuen ea makinak matxuratuko ziren. Behin betikoa dela ikusten duzunetik, bertigoa sartzen zaizu, pentsa-tzen nuen zeinek esan dit niri hainbeste hitz egiteko?. Orain ere aldatuko nituzke gauza batzuk baina, hara, hala atera da eta listo. Zin-tzotasunez idatzi dut, ez dut inoren kontra jo, liburuaren ikuspegia konstruktiboa da. Nik nahi nuen bertsolaritzaren historiaren apaletan era honetako liburu bat egon zedila, gure belaunaldiaren ispilu bat.

votos |¡comenta!

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120