DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales.Deia. 40 urteDeia. 40 urte

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
iDAZLEA

Asier Osinalde: “Kasualitateek eramaten gaituzte askotan espero ez dugun horretara”

Bere lehen ipuin-liburua argitaratu du donostiarrak, ‘Baina ez lukete han egon behar’ izenburupean. Konfort gunetik at, orekari eusten saiatzen dira pertsonaiak, azaletik muinerako bidaia eginez

Jonebati Zabala - 2017(e)ko uztailaren 30a, igandea - 12:01etan eguneratua

votos |¡comenta!
Lanbidez irakaslea da Osinalde.

Lanbidez irakaslea da Osinalde. (RUBEN PLAZA)

Galería Noticia

  • Lanbidez irakaslea da Osinalde.

Atzerritik etxera itzuli beharra dutenak, krisiak eraginda edota bestelako arrazoiren bat medio etxeratu behar dutenak, dauden tokitik ihes egin nahian dabiltzanak, argazkilari bat, jostun bat… Era askotako pertsonaiak sortu ditu Asier Osinaldek (Donostia, 1975) bere ipuinetan, eta kontakizunak independenteak diren arren, elkarren artean ere harilkatzen dira horietako asko. Hamabi ipuinek osatzen dute Osinalderen lehen lana: Baina ez lukete han egon behar (Erein)

Munduko leku asko agertzen dira ipuinetan, bidaiak… baita pertsonaiek kanpoko mundutik barruko mundura egiten duten bidaia ere.

Niri inporta zitzaidana hori zen, ikusten dugunetik, itxuratik, kanpoko mundutik barrurako bidaia hori, azaletik muinerakoa. Ezagutzea pertsonaren alde intimo edo ezkutuagoak.

Alde horiek ez ditugu hainbeste erakusten.

Norberaren araberakoa izaten da hori, baina nik uste dut bene-benetan guk bakarrik dakigula nola sentitzen garen eta nola pentsatzen dugun. Azken finean, hitzez adierazi ezin daitekeen zerbait da. Intimitate horretan guretzat gordetzen ditugu gauzak.

Zure ipuinetan hiru elementu ager-tzen dira, batez ere: argazkiak, ispiluak eta begiradak. Esan daiteke horiek badirela kanpoko eta barruko munduen arteko zubiak edo.

Hortaz ohartu naiz liburuaren aurkezpena egin aurretik berriro irakurri nuenean. Banuen errezeloa, baina orduan jabetu naiz besteen artean hiru elementu horiek errepikatzen direla. Agian kanpoko eta barruko munduen arteko muga direlako eta era berean, zubi.

Azalean hainbat argazki marko huts ageri dira. Zergatik daude hutsik?

Askotan gertatzen zait, taberna batean sartu eta hor hainbat argazki egoten dira paretetan. Nire buruari galdetzen diot: nor da pertsona hau? Jakingo al du hemen dagoela? Nor zen argazkia atera zioten egunean? Zein zen bere testuingurua? Muga hori markoak jartzen du, neurri batean. Horregatik eraman ditut liburuaren azalera markoak.

Ipuinak bildu dituzu liburuan. Euren artean independenteak diren arren, sare antzekoa ehuntzen doaz, konektaturik daude. Lotura horiek ipuinak idatzi ahala sortu dituzu ala ostean?

Hasieran ez nuen loturarik jarri, baina hortik aurrera pentsatu nuen ipuinak euren artean lotzeko modu bat izan zitekeela pertsonaiak errepikatzea, nahiz eta ipuin batzuetan protagonistak izan eta besteetan bigarren mailakoak.

Lekuak ere errepikatu dituzu hainbat ipuinetan, bat bereziki, Ibar izeneko fikziozko herria.

Hor kokatuta lotura handiagoa lortu dut, bildumari kohesio bat eman nahi izan diot. Ez nekien zein herritan kokatu pertsonaiak, eta askoz erosoagoa zitzaidan fikziozko herri bat sortzea eta ipuinek aurrera egin ahala, elementuak gehitzen joatea: taberna, futbol zelaia… Bestalde, saiatu naiz ipuinen kokapenari garrantzia ez ematen, horiei unibertsaltasuna emanez. Leku asko azaltzen dira: Florentzia, Menorca, Alemania, Ingalaterra… Horiek lo-tzeko modu bat Ibar zen. Ibar ez da existitzen, baina era berean leku asko izan daitezke.

Protagonistak jatorri eta izaera ezberdinetakoak dira, baina denak orekari eusten saiatzen dira, konfort eremutik at. Eta patua ere aipatzen duzu.

Bi kontu daude: orekarena eta patuarena. Uste izaten dugu egunerokoan gure errealitatearen oinarriak oso solidoak edo indartsuak direla. Baina sarritan nahikoa izaten da pentsatu ez dugun zerbait gertatzea guztia kolokan jartzeko. Pertsonaiak, ahal duten moduan, orekari eusten saiatzen dira. Ba-tzuetan uste dugu asko hausnartutako erabakiek markatzen dutela nora joko dugun, baina askotan kasualitateek eta erabaki txikiek eramaten gaituzte egoera jakin batera. Patuak edo inkontzienteak eragin handia du, baina, sarritan, har-tzen ditugun eta ez ditugun erabakiek eramaten gaituzte espero edo aldez aurretik pentsatu ezin genuen egoera batera.

Horri egiten dio erreferentzia izenburuak ere.

Bai. Askotan uste ez genuen egoera batean harrapatuta sentitzen dugu gure burua, eta horrelakoetan aurrera egin behar dugu. Aurrera egiteko modu oso ezberdinak daude. Hori saiatu naiz islatzen ipuinetan, zure izaeraren arabera modu batean edo bestean egingo duzu aurrera. Ez dago beste erremediorik.

Kontaketa modu bakarra baino gehiago erabili duzu. Gehienak hirugarren pertsonan, baina lehen eta bigarren pertsonan idatzitako ipuinak ere badaude.

Askotan, ipuinaren egiturak berak eman dit erosoago sentitzeko aukera kontaketa modu batean edo bestean. Istorioaren arabera ere, irakurlearengana gehiago gertura-tzeko, bata edo bestea aukeratu dut

Amonari dedikatu diozu liburua: ‘Zuk erakutsi zenidan ohetik mugitu gabe bidaiatzen’, diozu. Umetatik datorkizu ipuin zaletasun hau?

Amonak istorio asko kontatzen zizkigun haurrak ginenean. Gogoratzen dut anaia eta biok udan bere etxera joaten ginela egun batzuk pasatzera. Hor ibiltzen ginen borrokan ea nork egingo zuen lo amonarekin, berak lokartu aurretik bere gazte garaiko istorioak kontatzen zizkigulako. Zorte handia izan dut, etxean beti entzun izan ditudalako era guztietako istorioak.

votos |¡comenta!

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120