DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales.Deia. 40 urteDeia. 40 urte

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
musika

Mende laurden alaitasuna hedatzen

Une gozoa bizi du Gozategi taldeak. 25 urteko iraganera baino, etorkizunera begira bizi da taldea, gogoz, ilusioz, amets berriekin eta, noski, lehengo eta oraingo zaleen berotasunarekin

Olatz Prat - 2017(e)ko uztailaren 30a, igandea - 12:06etan eguneratua

votos |¡comenta!
Gozategi, Amorotoko jaietanVER VÍDEOReproducir img

(Youtube/José Murueta-Goiena)

Galería Noticia

  • Gozategi, Amorotoko jaietanReproducir
  • Taldeak oraintsu eskainiko kontzertu bat.

Eguerdia jotzearekin batera eguzkia lainoak zulatzen hasi da. Orioko Boga Boga jatetxean egin dugu zita, itsasoko brisa sentitzen da. Jatetxeko bozgorailuetatik kanta ezagun bat dator belarrietara, (baldintza ta subjuntibo, joder, baldintza badakigu...). Eta kalkulatuta balego bezala, kanta hasierako konpasekin batera agertu dira gaurko bi elkarrizketatuak: Asier Gozategi (soinua eta ahotsa) eta Iñigo Goikoetxea (baxua eta ahotsa). Ebakia batak, kafesnea besteak, atariko mahaitxo batean hasi gara berriketan, argazkilaria lekuko dugula.

Joan den uztailaren 6an Iruñeko Gaztelu plazan emandako kontzertua burutik kendu ezinik dabiltza oraindik. “Berezia eta hunkigarria” izan zela diote, “hainbeste urte eta gero oraindik neurri horretan hunkitzea izugarria da”, onartu du Gozategik. Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Xabi Solano, Garikoitz Mendizabal eta Jon Maia izan zituzten eurekin oholtzan egun horretan. Kontzertu berezia inondik inora, eta urtemuga berezi batean kokatu beharrekoa, gainera, aurten 25 urte bete baitira Asier eta Ainhoa anai-arrebek Gozategi taldea sortu zutela.

Mende laurden betetzeak, nahitaez, iraganera begiratzea dakar. Zazpi disko, ehunetik gora kantu eta milatik dezente gora kontzertu dituzte bizkarrean, eta emariaren kantitatea izugarria bada ere, are garrantzitsuagoa da euskal herritar asko eta askoren bizitzako kantutegian barru-barruraino sartu izana. Horrek guztiak Gozategi taldea euskal musika modernoaren altxorreko harribitxietako bat bihur-tzen du.

Izan ere, Gozategiren sorrerak ekarri zuen inflexio puntu bat euskal musikaren historian. Euren hasierako urteetako arrakastari jarraituz, denbora gutxira sortu ziren Alaitz eta Maider, Maixa ta Ixiar edo Etzakit bezalako taldeak eta horrek trikiboom bezala ezagutu izan dena ekarri zuen. Trikitiak galdua zuen fun-tzioa errekuperatu zuen 90eko hamarkadan: erromeriekin plazak bete eta jendea dantza batean jartzekoa.

Hainbat gora-behera Gozategik hasieran bat-bateko gorakada handia izan zuen arren, euren ibilbideak gora-beherak ere izan dituela onartzen dute, eta urterik onenak 2010etik gaur egunera artekoak izan direla aitortzen dute. “Gora-behera horiek izanda ere, plaza hutsik ez dugu inoiz izan, zorte hori izan dugu -azaltzen du Gozategik-. Eta azken urte hauetan berriz, izugarria da plaza berean jende berria eta lehengoa, denak batera ikustea. Gogoan dut nola esaten genuen hasierako elkarrizketetan gure helburua zela, handik 15 urtera Gozategi taldea talde izaten jarraitzea. Eta pentsa non gelditu diren 15 urte haiek”.

1994ko maketan aurkeztu zuten Nor-nori-nork kantuak mende laurden bete du ia, eta oraindik funtzionatzen du. “Egia da ez dakigula zein den sekretua eta jakingo bagenu ez genukeela esango, baina beste talde batzuek urtetik urtera kontratazioak izaten jarraitzeko disko berriak atera behar dituzten bezala, guk ez dugu beharrik sentitzen. Zorte hori badaukagu, kanta berriekin egin genuen azken diskoa 2010ean egin genuen”, kontatu du trikitilariak.

Hitza da giltza Nor-nori-nork kantuarena bezala, Gozategiren hainbat kanturen letrak hasieratik bukaerara buruz dakizkiten pertsonak milaka izango dira. Abesti horien arrakastaren gakoa kantuen letrak izan daitezke, Goikoetxearen iritziz: “ Kantu bat ona izateko musikak eta letrak bat egin behar dute. Adibide bat jartzeko: duela urtebete inguru, kon-tzertu bat ematen ari ginen eta aurrealdean jarri zen tipo bat, txima luze batzuekin eta porro bat egiten, eta gure letra guzti-guztiak kantatzen zituen. Guri iruditzen zitzaigun, zuen itxuragatik, ez zela musika han aurrean kantuan egotearen arrazoia, baizik kantuen letrekin eta mezuekin identifikatuta sentitzen zela. Eta uste dut gure kantek hori daukatela, gazteek nahiz helduek mezuekin bat egiten dutela”. Letra asko norberaren interpretazioaren arabera, modu batera edo bestera uler-tzeko modukoak dira, gainera, eta modu horretan “askoz ere jende gehiagorengana” iristen direla uste dute Gozategiko kideek. “Iruñeko kontzertuan, adibidez, 16 urteko gazte pila bat zeuden aurrealdean, eta atzerantz zoazela, jende helduagoa zegoen, baina den-denak kantuan eta dantzan”.

Letrek sentimenduen inguruan hitz egiten dute kasu askotan;maitasunaz, laguntasunaz bakardadeaz edo alaitasunaz, besteak beste;umoreak ere badu bere pisua Gozategiren kantutegian. Baina inguruari begira ikusitakoak ere garrantzia hartzen du letretan, Euskal Herriko eta beste herri batzuetako errealitateen argazkiak jasotzen baitituzte kontakizun horiek. “Disko guztietan daude garaiko egoerari buruz hitz egiten duten letrak, herri honen historiaz ez dakienak nekez ulertuko dituenak. Eta ikusten duguna da, 25 urte pasata, hasierako diskoetan jaso genituen aldarrikapen batzuek ez dutela gaurkotasunik galdu, zoritxarrez”, azaltzen du trikitilariak. Hain zuzen ere, letrak egiteko lanetan izan dituzte kolaborazio ugarienak eta, batez ere, bertsolariak izan dira zeregin horretan: Jon Maia, Jon Sarasua, Iñaki Gurrutxaga, Xabier Sukia edo Aitor Sarriegi, besteak beste.

Gozategik kaleratu dituen zazpi diskoetan bildutako kantekin Euskal Herriko ia plaza guztiak zapaldu dituzte eta baita euskal mugez gaindiko eta atzerriko zenbait txoko ere: Argentina (lau bider), Brusela, Anberes, Finlandia, Uruguai, Katalunia, Extremadura, Salamanca, Galizia, Madril edo Valentzia, besteak beste. Azken hauetara “alaitasuna” eraman dutela esan izan diete sarri. Beraiei, berriz, besteen kultura ez ezik, norberaren kultura gehiago maitatzeko balio izan die bidaiatzeak, desberdintasuna zein aberatsa den ohartzeko.

Bidaia horietatik batez ere umiltasunaren garrantziaren kontzientzia ekarri dutela azaltzen du baxu-jotzaileak: “Zerbait senti-tzeko garaian umiltasuna oso inportantea da, eta tamaina horretako musikariak entzuten dituzunean, ikasten duzu zure mugak defini-tzen. Bizitza bera hori da, umiltasunaren eta harrotasunaren arteko borroka bat;oreka hori topatzea. Zenbat eta harrotasun handiagoa izan, gauzak sentitzeko gaitasuna txikiagoa izango da”. Trikitilariaren ustez, “egia da anbizioa eta aurrera egiteko gogoa behar duzula, baina umiltasunetik beti”.

Begiak etorkizunean Atzera begiratzeko aitzakia ematen du halako urteurren biribil batek, baina Gozategi aurrera begira bizi da, inoiz baino gehiago gainera, trikitilariak dioenaren arabera: “25. urteurrena ospatzen ari gara, baina hau ez da ez ziklo baten amaiera, ez beste ezeren amaiera. Hau ilusioz bizi badugu, hori da aurrera egiteko daukagun indarragatik eta taldearen izpirituagatik;taldeko guztiok bizi dugu ilusioz”. Oso une gozoak ari dira bizitzen azken boladan eta momentu horietako bakoitzari eman nahi diote garrantzia: “Guk momentua bizi dugu -dio Goikoetxeak-, eta kontzertuetan transmititu behar duzuna da momentua bizitzeak dakarren magia hori”. Eta lortzen dute, an-tza, negarrez ere etorri izan baitzaie jendea eskerrak ematen. “Guraso batzuk etorri izan zaizkigu esanez zer ilusio egiten dien kon-tzertu bat gozatzen egotea eta beren hamasei urteko seme edo alaba lehen lerroetan dantzan eta abesten ikustea”, kontatu dute. Bistan da, belaunaldiak zeharkatzen dituen fenomenoa da Gozategi.

Jada hezurmamitzen hasiak diren kanta berriek argi eta garbi adierazten dute aurrera begira bizi direla. Urte hau eta hurrengoa kontzertuak ematen igaroko dute, baina aterako dituzte tartetxoak ere datorren urtearen amaieran atera nahi duten diskoa prestatzeko ere. Etorkizunari eskatzen diotena, orain arte izan dutena: eurak musika egiteko gogoa duten bitartean, jendeak jarrai dezala Gozategi entzuteko gogoarekin.

votos |¡comenta!

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120