DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales. Deia. 40 urteDeia. 40 urte

Saltar al Contenido

Períodico de Deia

Joseph Losey-ri buruzko atzera begirakoak 65. Donostia Zinemaldian bere film luze guztiak ikusteko aukera emango du

EUROPA PRESS - 2017(e)ko abuztuaren 12a, larunbata - 20:57etan eguneratua

votos | ¡comenta!
  • Mail
El estadounidense Joseph Losey, durante el rodaje de una de sus películas. Fotos: N.G.

El estadounidense Joseph Losey, durante el rodaje de una de sus películas. Fotos: N.G.

Galería Noticia

Joseph Losey-ri buruzko atzera begirakoak 65. Donostia Zinemaldian  (irailaren 22tik 30ra) beraren 32 film luzeak eta 6 film labur  ikusteko aukera emango du. Joseph Losey egile-zinema edota arte- eta  entsegu-zinema izenez ezagutzen denaren ordezkari gorena izan zen  60ko hamarkadan, besteak beste "The Servant" (1963), "King and  Country" (1964), "Accident" (1967) eta "The Go-Between" (1971)  bezalako filmei esker. Aipatutakoen artean bigarrena salbu, Harold  Pinter dramaturgoak idatzi zituen horiek guztiak.

DONOSTIA. Baina, Europako zinemaren ordezkari nagusietako bat bihurtu  aurretik, Joseph Losey zuzendariak eragozpenak izan zituen bere  jaioterrian, 1947tik aurrera Hollywooden Joseph McCarthy senatariak  hasitako "sorgin-ehizaren" biktima izan baitzen, beste profesional  asko bezala.

Donostiar lehiaketak gogoratu duen bezala, Loseyren obra hiru aldi  ezberdinetan banatzen da. Lehendabizikoa 50eko hamarkadaren hasierara  arte luzatzen da, eta AEBetako zinemagintzari lotuta dago. Bigarrena,  berriz, Ingalaterran garatu zuen, 60ko eta 70eko hamarkadetan,  prestigio handia eskuratuz. Azkenik, etapa ibiltariago bat izan zuen  Loseyk, Italiako, Frantziako eta Espainiako produkzioetan lan egitera  eraman zuena.

Losey 1909an jaio zen Wisconsineko La Crosse hirian, eta  kazetaritza idatzian zein irratigintzan jardun zuen gaztetan; gero,  antzerkigintzara bideratu zuen bere ibilbidea. Politikoki,  ezkertiartzat jotzen zuen bere burua Loseyk. Horrek bultzatuta,  hainbat lanetan Bertold Brecht antzerkigile alemaniarrarekin aritu  zen, eta denboraldi bat eman zuen Sobietar Batasunean,  antzerkigintzako kontzeptu berriak ikasten.

30eko hamarkadaren amaiera aldera, Losey film laburrak zuzentzen  hasi zen Metro Goldwyn Mayer etxearentzat, eta 1948an bere lehen film  luzea zuzentzeko aukera izan zuen, RKO ekoiztetxearen eskutik, "The  Boy with Green Hair", "gerraren, totalitarismoaren eta  ezberdintasunaren aurreko intrantsigentziaren aurkako alegoria bat".

ZERRENDA BELTZA

Kostu baxuko eta osagai sozial argiko hainbat lan egiteko aukera  izan zuen jarraian; adibidez, "The Lawless" (1950), "The Prowler"  (1951) eta "The Big Night" (1951), hirurak Amerikaren Aurkako  Ekintzen Batzordeak errepresaliatutako gidoilariek idatzitakoak:  Daniel Mainwaring, Dalton Trumbo eta Ring Lardner Jr idazleek,  zehazki. Loseyren izena Hollywoodeko "zerrenda beltzetan" ezarri zen,  bere lehen filmen orientazio sozialagatik. Ez hori bakarrik; Loseyri  AEBetako Alderdi Komunistako kide izatea ere egotzi zioten.

Amerikaren Aurkako Ekintzen Batzordearen aurrean deklaratzeko deia  jaso zuenean, Italian zen Losey, "Imbarco a mezzanotte" ("Stranger on  the Prowl") (1952) lana filmatzen. Sorterrira ez itzultzea eta  Ingalaterran bizitzen geratzea erabaki zuen. Italian egiten ari zen  filma Andrea Forzano izengoitiarekin estreinatu zuen Loseyk, eta  Ingalaterran egin zituen lehenengo bi lanak ere ez zituen bere  benetako izenarekin kaleratu, arrazoi sindikalengatik. Hala, "The  Sleeping Tiger" (1954) Victor Hanbury izengoitiarekin sinatu zuen,  eta "The Intimate Stranger" (1956) Joseph Walton ezizenez. Film  horietako lehenengoan, bere aktore kuttunetako bat bilakatuko zen  Dirk Bogarderekin aurrenekoz aritu zen lanean.

Melina Mercourik antzeztutako Rank konpainiaren 1958ko "The Gypsy  and the Gentleman" (1958) lanarekin Losey Erresuma Batuko  zinema-industria nagusian bete-betean sartuko zela bazirudien ere,  bere ibilbideak beste norabide bat hartu zuen ordutik aurrera. Hala,  "Blind Date" (1959) intrigazko filmarekin eta espetxe batean  girotutako "The Criminal" (1961) dramarekin, bere obrak bide ezberdin  eta benetan interesgarria hartu zuen.

FILM OSO PERTSONALAK

70eko hamarkadaren erdialdera bitartean, Loseyk bi lan mota oso  ezberdin uztartu zituen: "gizonen eta erakundeen arteko  botere-harremanez hausnartzeko aukera eman zioten sinboloz betetako  film oso pertsonalak (ispilu-irudien erabilera bereziarekin), eta  garaiko izar handiekin egindako film komertzialagoak, literatura-lan  oso ezagun eta prestigiotsuetan oinarritutakoak".

Lehen talde horretakoa da "The Servant", Loseyren obra ondoen  definitzen duen filma. Pinterren idazkera zorrotza, eta Bogarde eta  James Foxen arteko aktore-duelua ditu oinarri. Talde horretakotzat jo  daitezke Canneseko Zinema Jaialdian Epaimahairen Sari Nagusia jaso  zuen "Accident", Cannesen bertan Urrezko Palmorria jaso zuen "The  Go-Between", eta gerraren aurkako alegatua den "King and Country"  ere.

Bigarren taldean, berriz, honako lan hauek sar daitezke: "Eve"  (1962) -James Hadley Chaseren eleberri baten egokitzapena, Jeanne  Moreauk antzeztua-; "Modesty Blaise" (1966) -Peter O'Donnell eta Jim  Holdawayren espioitza-komikiaren bertsio ikonoklasta, Monica Vittik  antzeztua-; "Boom" (1968) -Tennessee Williams antzerkigilearen lan  batean oinarritua, eta Elizabeth Taylor eta Richard Burtonek  osatutako bikote apartak antzeztua-.

Halaber, "Secret Ceremony" (1968) -Elizabeth Taylorrek, Robert  Mitchumek eta Mia Farrowek antzeztutako drama "psikologiko  klaustrofobikoa"-; "A Doll's House" (1973) -Henrik Ibsen  antzerkigilearen izen bereko lanean oinarritua, eta Jane Fonda, David  Warner eta Trevor Howard antzezle dituena- eta "A Romantic  Englishwoman" (1975) -Loseyren obra definitzen duen beste lanetako  bat, Stoppardek idatzitako eta Glenda Jackson, Michael Caine eta  Helmut Bergerrek antzeztutako joko triangeluar bizi eta gaiztoa  oinarri duena-.

Loseyk oso film abstraktuak ere egin zituen bere ibilbideko aldi  oparo horretan. Horren adibide da "Figures in a Landscape" (1970),  espetxetik ihes egin duten eta helikoptero misteriotsu batek  jazartzen dituen bi presoren ihesaldia kontatzen duena -gidoia Robert  Shaw aktoreak idatzi zuen, eta bera da filmeko protagonista, Malcolm  McDowellekin batera-. Aipatutakoaren adibide da, bestalde, "Mr.  Klein" (1976), Alain Delon protagonista duena.

Loseyk "kutsu politiko gardeneko" filmak ere egin zituen bere  ibilbidean; adibidez, "The Assassination of Trotsky" (1972). Bertan,  Alain Delonek egin zuen Ramon Mercaderren papera, eta Richard  Burtonek Leon Trotskirena. Alain Resnais zuzendariaren "La guerre est  finie" (1966) lanaren jarraipena den "Les routes du sud" (1978) filma  ere erabat politikoa da. Resnaisen filmean bezala, bertan ere Jorge  Semprúnek idatzi zuen gidoia, eta Yves Montand izan zen gatazka  ideologiko etengabean bizi den erbesteratu espainiarraren papera antzeztu zuena.

ESPAINIAK ESTREINATU GABEAK

Horrez gain, Espainian estreinatu ez ziren bi lan ere egin zituen  bere bizitzaren azken urteetan: Frantzian egindako "La Truite" (1982)  -Isabelle Huppert aktoreak zuzendariaren obran hain ohikoak diren  emakumezko pertsonaia konplexu horietako bat antzeztu zuen- eta bere  filmetan azkena, "Steaming" (1985), antzerkian oinarritutako filma.  Loseyk ez zuen filmaren azken muntaketa ikusterik izan, 1984ko  ekainean hil baitzen, bere lana Cannesen aurkeztu baino ia urtebete  lehenago.

Loseyk harreman zaila izan zuen beti Donostia Zinemaldiarekin,  erregimen frankistaren eraginez. "Figures in a Landscape" lanaz gain,  "The Sleeping Tiger", "Boom" eta "The Go-Between" filmak ere aurkeztu  ziren Donostian; azken hori, informazio-sail batean. Horrez gain,  "The Romantic Englishwoman" filma ere Donostian lehiatzeko aukeratua  izan zen, baina zuzendariak eta Glenda Jackson aktoreak Zinemaldira  ez etortzea erabaki zuten, Francok sinatu berri zituen  heriotza-zigorren aurkako protesta-ekintza gisa.

Ziklo hau Espainiako Zinematekarekin batera dago antolatuta, San  Telmo Museoaren, Euskadiko Filmategiaren eta CulturArts-IVACen  lankidetzarekin. Zikloa zuzendariari buruzko liburu baten  argitalpenarekin osatuko da; Quim Casas-ek koordinatua, Espainiako  eta Erresuma Batuko hainbat egilek parte hartuko du bertan. Donostian  izan ostean, Madrilgo Espainiako Zinematekan ere ikusi ahal izango da  Joseph Loseyren atzera begirako zikloa.

votos | ¡comenta!
  • Mail

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Cultura

ir a Cultura »

Últimas Noticias Multimedia

Encuestas

ver listado completo »

Publicidad

  • © Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120