DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales.Deia. 40 urteDeia. 40 urte

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
antzerkia

Barre egiteko boterea

Dario Fo eta Franca Rame antzerkigileen azalean jarri eta ‘Biba Voi!’ ikuskizuna sortu dute Irati Agirreazkuenagak eta Mikel Martinezek.

Urriaren 22an Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan arituko dira

Ainhoa Lores - 2017(e)ko irailaren 24a, igandea - 12:51etan eguneratua

votos |¡comenta!
Irati Agirreazkuenaga eta Mikel Martinez aktoreak, zuzeneko emanaldi batean. david herranz - loraldia

Irati Agirreazkuenaga eta Mikel Martinez aktoreak, zuzeneko emanaldi batean. ( david herranz - loraldia)

Galería Noticia

  • Irati Agirreazkuenaga eta Mikel Martinez aktoreak, zuzeneko emanaldi batean. david herranz - loraldia

Pasa den urtean zendu zen Dario Fo an-tzerkigile eta idazle italiarra. Une horretan konturatu zen Mikel Martinez aktorea Fo eta Franca Rameren lanek, “ezin ederragoak” izateaz gain, garrantzi handia izan dutela euskarazko antzerkian eta, konkretuki, Martinezek berak egin dituen lanetan. Senar-emazte horien lana gogoraraztea eta goraipatzea pentsatu zuen berehala. Tartean Teatroaren eta Loraldiaren oniritzia lortu bezain laster, Irati Agirreazkuenagari proposatu zion egile hauen testuak taularatzeko ideia. Aurretik, aktore biek antzerkiaren mundutik ezagutzen zuten elkar. Bata Tartean Teatro konpainiaren kide da eta bestea Alanbikekoa.

Proiektua hau antzerkigile italiarrei egindako omenaldia dela dio bikoak. Hala, euren antzezlanetako batzuk irakurrita eta beste batzuk antzeztuta betetzen dute 45 minutuko iraupena duen ikuskizuna. Pistolaren Begi Zuri Beltzak, Anarkista baten ezusteko heriotza, Misterio Bufo, Andrea bere bakardadean, Emakume guztiok daukagu historia bera eta Adan eta Eva dira bi euskal aktoreek oholtza gainean dramatizatzea erabaki zuten testuetako batzuk. Fo eta Rame antzerkigileen obrak dira denak eta horietatik zatiak aukeratu zituzten aurrena. “Gehienak komedia sozialak dira, oso parodikoak, haiek gehien maite zuten antzerki modua”, azpimarratu du Martinezek. Eszenara eraman dituzten testuek ez dutela gaurkotasunik galdu uste dute bi aktoreek. Gainera, testuok “boterea salatu” egiten dutela azaldu du Martinezek, nola eta botere politikoari, erlijiosoari eta ekonomikoari iseka eginez. “Botere horrek hor jarraitzen du gaur egun eta komeni zaigu kontzienteak izatea, apur bat libreagoak eta zoriontsuagoak izan nahi badugu”, gaineratu du.

ALDE PEDAGOKIKOA Agirreazkuenagak dioenez, Fo eta Rameren filosofia ezagutarazi eta zabaldu nahi izan dute Biba Voi! obrarekin. “Euren filosofia, ideologia edo bizitzeko era transmititzea da asmoa, betiere umorearen bitartez”. Izan ere, aktorearen ustez, “tristurak momentu batean eragina izan dezake, baina barreak ahoa irekiarazten digu eta honekin batera burmuina ere zabaltzen digu, modu horretan, arrazoiaren iltzeak hobeto iltza-tzen dira gure burmuinean”. Martinezek eta Agirreazkuenagak sortutako ikuskizunean ere gauza bera transmititzen saiatzen dira, “erabiltzen dugun tonua, oro har, berbera delako”, diote. Era berean, Biba Voi!-ren “alde dokumentalista eta pedagogikoa” ere nabarmendu nahi izan dute, hain zuzen ere, antzezten dituzten lan eta egileei buruzko argibideak ematen dituztelako: ibilbidea, pertsonalitatea, ideologia, etab.

Martinezek aukeratu eta moldatu zituen an-tzezlan zatiak eta gero, Agirreazkuenagarekin batera, forma eman zioten obrari. Sortze prozesuan ez dira bakarrik egon, ordea. Patxo Telleriak euren arteko harremanaren dramaturgia idatzi zuen, esaterako. “Oso sinplea baina brillantea eta eraginkorra da”, dio Martinezek. Telleriaren ekarpenak ikuskizunari “balio erantsia” eman diola gaineratu du Agirreazkuenagak, bere aldetik. Itzultzaileen lana ere goraipatu nahi izan dute bi aktoreek. Izan ere, testu batzuk aurretik eginda zeuden baina beste batzuk ikuskizun honetarako propio euskaratuak izan dira. Itzultzaile lanetan aritu direnen artean daude Telleria eta Martinez bera, Jon Aurre, Julia Marin, Xabi Paia, Jose Ramon Urrutxua Utretx eta Joxemari Carrere, besteak beste.

Agirreazkuenagarentzat “izugarrizko esperientzia” bihurtu da ikuskizun honetan parte hartzea, “oso aberasgarria”, gaineratu du. Izan ere, Martinezen aldean, antzerkiaren munduan “hasiberria” dela onartzen du aktore gazteak. Irratian eta telebistan egin izan du lan batez ere, eta duela urte batzuk Getxoko Antzerki Eskolan ere aritu zen ikasketak egiten. 2011n berriz, Alanbike Teatro konpainia sortu zuen lagun batzuekin. “Oso interesgarria iruditu zait Mikelekin lan egitea eta bera zuzendari izatea;pertsonaiak beste modu batera landu ditut, eta nire aktore estrategia edo baliabide diferente eta berriak ateratzeko aukera eman dit”, kontatu du.

Biba Voi! aurtengo Loraldia jaialdian aurkeztu zuten eta Eako poesia egunetan ere izan ziren. Publikoak “gozatu” egin duela dio Martinezek, izan ere “ikuskizunean testu ederrak erabiltzen dira eta alde dokumentalista interesgarria ere badauka. Hori guztia, gainera, oso era sinplean, artifizio gutxirekin eta hurbilean eskaintzen da, eta jendeak beti eskertzen du hori”, uste du Martinezek. Hurrengo emanaldia Euskaltzaindiaren egoitzan izango dute, Bilbon, urriaren 22an, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako emanaldian.

votos |¡comenta!

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120