DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales.Deia. 40 urteDeia. 40 urte

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
XABAT GALLETEBEITIA BERTSOLARIA

“Nire buruarekin zintzoa izatea da biderik onena txapelketan”

Urriaren 14an Tolosan jokatuko den final laurdenetako saioan ekingo dio bere aurreneko Bertsolari Txapelketa Nagusiari bertsolari lekeitiarrak

DABI PIEDRA - 2017(e)ko urriaren 8a, igandea - 13:38etan eguneratua

votos |¡comenta!
Bizkaiko Txapelketan bigarren egin zuen iaz Galletebeitiak. B. GUERRERO

Bizkaiko Txapelketan bigarren egin zuen iaz Galletebeitiak. ( B. GUERRERO)

Galería Noticia

  • Bizkaiko Txapelketan bigarren egin zuen iaz Galletebeitiak. B. GUERRERO

Bizkaiko txapelketan egindako lan bikainak finaleko buruz burukoa jokatzera eraman zuen iaz Xabat Galletebeitia (Lekeitio, 1986). Badaki, ordea, Txapelketa Nagusia desberdina dela. Momentuaz gozatzera eta bere izaerari eustera doala dio.



Ia urtebete pasa da Bizkaiko Txapelketan bigarren izan zinenetik. Gaur egungo perspektibatik nola ikusten duzu lorpen hura?

Egin nuenaz kontziente izateko astia izan dut, baina saiatzen naiz horretan gehiegi ez pentsatzen, orain beste txapelketa bat tokatzen da. Gustura geratu nintzen final hartan, eta finalaurrekoan ere bai.



Lehenengoz hartuko duzu parte Txapelketa Nagusian eta, hala ere, zale asko zuri begira daude iazko lan onagatik. Presio gehiegi da aurreneko aldirako?

Presioa, ardura edo ez dakit zer, baina egia da Bizkaian bigarren egiteak aurrez nituen eskemak apurtu zizkidala. Beharbada jendeak aurreikuspen batzuk ditu, hori da bigarren egitearen alde ez hain on bat. Badakit iaz lortutakoak balio diezadakeela, edo ez. Gustatzen zait gogoratzea lehenengo parte-hartzea dela eta esperientzia berri bat bizitzera noala. Lehenengo aldia da hau niretzat eta badakit azkena ere izan daitekeela, lau urtean gauza asko gertatu daitezke eta. Horregatik, lasai baina gogotsu nago.



Oholtzan nolako Xabat agertzea nahi zenuke?

Ni saiatuko naiz jendeak eskatzen duen hori ematen, baina horretarako bide bakarra naizen bezalakoa agertzea da. Nor naiz, zer bertsolari, zer pertsona? Ba horixe izan nahi nuke txapelketan. Jarrera horrek ekarri nau heldu naizen lekura eta hala sentitzen naiz gustura, neure buruarekin zintzoa izaten.



Bertsotan estilo berezia duzu, freskoa. Txapelketa Nagusian horri eusteko gai izango zara?

Gero eta argiago daukat, zelako pertsona zaren, halako bertsolaria zarela. Ez dut aldatuko bertsotan egiteko modua. Hori bai, txapelketan ez dakit zer aurkituko dudan eta esan berri dudana bete ahal izango dudan. Askotan ez da bakarrik zer nahi duzun, zer ahal duzun ere ikusi behar da. Nahi dudanetik ahalik eta hurbilen egoten saiatuko naiz.



Tolosako saioan Etxahun Lekue ere izango da agertokian, Bizkaiko txapelduna. Zer indar sumatzen diozu Bizkaiko bertsolaritzari txapelketa honetan?

Kuriosoa da, Etxahun aipatu didazunez gero, iazko finalean buruz burukoa jokatu genuenetik ez dugu berriro elkarrekin plazarik egin eta Txapelketa Nagusian berriro kantatuko dugu batera, zelan diren gauzak! Bestetik, Bizkaiko bertsolaritza osasuntsu dago azken urteotan eta Txapelketa Nagusian hori ikusiko dela uste dut. Denok dakigu bertsolaritzaren zentroa, probintziei begiratuta, ez dela Bizkaia, baina bertsolaritza ulertzeko geure modua dugu eta plazan erakusten dugu.



Lea-Artibaitik bi bertsolari zoazte txapelketara, Nerea Ibarzabal eta zu. Badago bertsotarako grina zuen eskualdean?

Berez esanguratsua da Lea-Artibaiko bi egotea, halakorik ez da pasa hogei urtetan, gutxienez. Eskualdeko bertsolaritza oso lotuta dago Markina-Xemein eta Etxebarri ingurura, han beti egon da bertso eskola indartsua eta Nerea da horren adibiderik garbiena. Azken urteotan, Ondarroan, Lekeition... badaude bertso eskolak. Hala ere, ez dakit atzetik umerik datorren, eta horrek pixka bat arduratzen nau. Askotan boladaka datoz gauza hauek.



Zuri nondik datorkizu bertsolari izateko gogoa?

Historia pixka bat xelebrea da, nire familia ez da bereziki bertsozalea izan. Gogoan dudan lehenengo finala 1997koa da. Gero, ikastolan, irakasleren batek gaitasuna ikusi zidan eta Jon Lopategirekin hasi nintzen bertso eskolan;harro esaten dut Lopategiren eskolakoa naizela. Bizkaiko Eskolartekoa irabazi nuen, baina 14 bat urterekin utzi egin nuen. 22 urte izan arte ez nintzen berriro bertsotan hasi, hor zortzi urteko zuloa izan nuen.



Askotan pentsatzen dut ez banuen utzi nora helduko ote nintzen utzi izan ez banu, baina utzi ezean agian orain ez nintzen bertsolari izango. Bertsotik aparte egin nuen denbora hori neure zati da eta bertsoa ulertzeko orain dudan modu hau izateko balio izan dit.



Txapelketaren oihartzuna handia bada ere, gizartean jende askok ez daki bertsolaritza zer den ere.

Aberasgarria da, neurri batean. Euskal Herriaren aniztasunaren isla baino ez da, gizartean duen neurria ez badugu kontuan hartzen bertsoaren beraren zentzua galduko dugu. Txapelketa burbuila bat dela diotenei ez zaie arrazoirik falta. Eta bertsolaritzaren fenomenoa txikia denik ez nabil esaten, ez da gutxietsi behar euskal kulturan duen pisua, baina ez dezagun pentsa ez garena garela.



Hala ere, ni beti egon naiz txapelketen alde. Kritikak egotea normala da, bertsoa beste gauza asko ere badelako: plaza, bertso eskolak... baina ezin da zalantzan jarri txapelketen ekarpena. Bertsolarien jarduna hobetzeko balio du, denok nahi dugu ahalik eta ondoen heldu txapelketara eta horrek bertsogintza bera hobetzera garamatza;presio hori gabe ez dakit geure burua horrenbeste behartuko ote genukeen.

votos |¡comenta!

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120