DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales.Deia. 40 urteDeia. 40 urte

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
Musikaria

Jabier Muguruza: “Nire lana bestelako soinu-paisaia batera eramaten saiatu naiz”

‘Leiho bat zabalik’ da Jabier Muguruzaren disko berria. 15. lana du kantautore gisa, eta aldaketa nabaria dakar: gitarra elektrikoetara eta elektronikara jo du Irungo musikariak, bere oinarria galdu gabe

Kattalin Barber - 2017(e)ko azaroaren 12a, igandea - 12:04etan eguneratua

votos |¡comenta!
Beran (Nafarroa) eta Zaragozan grabatu du bere azken lana Jabier Muguruzak. Ezkerrean, musikaria estudioan. Goian, diskoaren azala.

Beran (Nafarroa) eta Zaragozan grabatu du bere azken lana Jabier Muguruzak. Ezkerrean, musikaria estudioan. Goian, diskoaren azala. (Joseba Apaolaza)

Galería Noticia

  • Beran (Nafarroa) eta Zaragozan grabatu du bere azken lana Jabier Muguruzak. Ezkerrean, musikaria estudioan. Goian, diskoaren azala.

Soinu-paisaia berria landu du Jabier Muguruzak bere azken diskoan. Leiho bat zabalik izenburupean, eta aldaketak aldaketa, bere ohiko estiloa eta nortasuna ere mantentzen dira: tempo lasaiak, hitz intimistak belarrira xuxurlatuak, dotorezia melodietan, emozioen alkimia... Gustura gelditu da emaitzarekin Irungo musikaria eta leihoa parez pare zabaltzeko ordua iritsi da orain: abenduaren 10ean Durangon ariko da, urtarrilaren 18an Bilbon, otsailaren 2an Bartzelonan, eta martxoaren 12an Elgoibarren.

Urte luzez lagun izan duzun oinarri akustikoa alde batera utzi, eta instrumentazio aldetik aldaketa nabaria dakar disko berriak. Zer dela eta aldaketa hau?

Aldaketa nabaria da, bai, orain arte jaso ditudan iritziek ere hala diote. Jendeak harridura agertu du eta aldaketa handia egon dela esan didate. Aldi berean, esaten didate “betiko Jabier” ere badagoela diskoan. Hau da, nire esentzia, doinua, interpretazioa...

Erabaki kontzientea izan da aldaketarena?

Nik asko sinesten dut kontzientean eta inkon-tzientean. Erabaki bat hartzerako orduan iruditzen zait bi indar horiek beti egoten direla presente. Jakina, guk gehiago erreparatzen diogu kontzienteari;kontzienteak eraman gaituelako erabakiak hartzera, baina bestelako faktoreak ere egoten dira. Gainera, erabaki bat hartzerako orduan, aldez aurretik prozesu inkontziente samarra egon ohi da, erabaki hori mamitzen duena pixkanaka-pixkanaka, nahiz eta guri iruditu momentu jakin batean hartu dugula erabakia.

Eta zer moduz sentitu zara zu aldaketa honekin?

Horrelako proiektu berri batean, bai musikan eta bai bizitzako edozein arlotan ere, alde batetik ilusioa, gogoa eta indarra egoten dira eta, bestalde, bertigoa. Aldaketak beti dakar beldurra eta bertigoa. Eta hori da niri gertatu zaidana. Orain, lana entzunda, pozik nago, eta jasotzen ari naizen lehenengo iritziak oso baliagarriak dira niretzat. Konfiantzazko eta gertuko pertsonak dira, eta kritika onak dira. Diskoa oso gustura entzuten dela eta asmatu dudala esan didate. Horrekin lasaiago nago, arindu bat izan da niretzat. Harrera ona izan du diskoak, kaleratu berri dugun arren.

Aldaketaz mintzo gara, baina zure nortasun marka ere badago diskoan.

Giro intimista eta tempo lasaiak, adibidez, hor daude. Egia esan, lan honetan urte asko daramazunean zaila da erabat aldentzea zure betiko ardatz nagusia izan den horretatik. Konposaketak, estiloa interpretatzerako orduan, hi-tzak belarrira xuxurlatua... Konstante horiek mantentzen dira nire lan guztietan. Kanten janzkera da, eta saiatu naiz nire lana bestelako soinu-paisaia batera eramaten.

Horretarako, gitarra elektrikoa eta elektronika erabili dituzu. Argi zenuen pausu hori eman nahi zenuela?

Gitarra elektrikoa eta elektronika dira janzkera berria. Egia esan, hasieran ez nuen oso argi zer nolako pausoak eman. Argi nuen aldaketa behar nuela, baina gero kontua zen aldaketak zertan gauzatu. Gitarra elektrikoa nahi nuen, baina ez gitarra elektriko leuna eta goxoa, baizik eta momentu batzuetan gogorra eta lakarra dena. Napoka Hiria taldea ezagu-tzen nuen. Orain dela bi urte egin genuen kolaborazio bat Imanol Larzabalen omenezko kontzertuan eta fitxatuta nituen. Oso gustura aritu ginen eta taldeko Ander Mujikarekin harremanetan jarri nintzen. Bestetik, elektronikarako Javi Carasueño izan dut bidaide. En-tzuna nuen bere lana, bereziki Tulsa taldearekin. Pop taldea da Tulsa eta Miren Iza da abeslaria. Abestiak entzunda, asko gustatu zi-tzaidan Carasueñoren soinua, lortzen duen giroa ederra da. Pentsatu nuen nire lanean izan lezakeela tarte bat elektronikak.

Zuzenekoetan kolaboratzaileak izango dituzu?

Mujika egongo da nirekin zuzenekoetan. Gaur egun zaila da talde handiak mugitzea. Tonetti anaiak aurreko diskoarekin, bi formatu eskaintzen genituen: bata txikia -ni eta pianista- eta bestea banda osoarekin. Bost kontzertu soilik eman genituen banda osoarekin. Gaur egun gauzak dauden bezala, zaila da.

Carasueño eta Mujikaren kolaborazioez gain, bidaide gehiago izan dituzu diskoan, bai letrak idaztean eta bai ahotsetan.

Letrak idazterako orduan, beti izan dut talde moduko bat nire inguruan, aspaldiko ezagun eta lagunez osatzen dena. Nire sintonian idazten dute eta badugu konplizitate bat idazterako eta gaiak jorratzerako orduan. Aurreko diskoetan, normalean, nire hitzak egon izan dira beti, baina disko honetan ez. Guztiak kolaborazioak dira. Ohiko kolaboratzaileak hor dira: Iñaki Irazu, Gerardo Markuleta, Lourdes Oñederra, Jose Luis Padron eta Harkaitz Cano. Iban Zalduak eta Angel Errok ere idatzi dute oraingoan, eta, aurreneko aldiz, Iñigo Astiz ere izan dut bidelagun. Abestietan, Mireia Otzerinjauregiren ahotsa dago eta, gonbidatu gisa, Tulsako Miren Iza kantaria.

Hain zuzen ere, diskoari izenburua ematen dion abestia Iñigo Astizena da. Zergatik erabaki duzu horrela izatea?

Leiho bat zabalik ongi dago diskorako titulu gisa. Argitasuna eta optimismorako bidea ematen du izenburuak. Kontua da, lehen kantua entzunda, ez dela hain abesti alaia... Kontraesan txikia dago hor, bizitzan ere egon ohi dena.

Are gehiago: esan duzu abesti batzuen hitzak ilunak ere badirela.

Bai, egia da ilunak direla. Dena den, momentuz jasotzen ari naizena da, hitzak ilunak izan arren, abestiak ez direla hain ilunak. Hau da, kantua entzunda azkeneko emaitza ez dela hain iluna, nahiz eta egia den kantu gehienak oso alaiak ez direla. Eta trataerarekin eta konposizioarekin uste dut lortu dudala beste eremu leunago batera eramatea. Esango nuke diskoa esperimentalagoa dela.

Bi estudiotan grabatu duzu diskoa: Berako Atalan eta Zaragozan Carasueñorekin. Zer-nolako esperientzia izan da?

Diskoaren prozesu osoa zortzi hilabetekoa izan da eta grabaketa Beran eta Zaragozan egin dugu, gutxi gorabehera bi aste eman dugu leku bakoitzean. Estudio asko ezagutzen ditut, baina bi hauek ez nituen ezagutzen, berriak ziren niretzat. Ander Mujikak oso argi zuen Atala estudioan grabatu nahi zuela, Iñigo Irazokirekin. Egia esan, oso lan txukuna egin du eta gustura aritu ginen. Carasueñoren esperientzia ona izan da. Oso teknikari onak dira biak ala biak.

Zer moduzkoa izan da elkarlana Ander Mujika eta Carasueñorekin?

Galdera hauetan beti esaten da dena ondo joan dela, baina, kasu honetan, egia da. Ezin dut besterik esan, bestela gezurretan ariko nin-tzake. Oso ondo joan da prozesua. Nik etxean konposizioak egiten nituen pianoarekin, Anderri pasatzen nizkion eta banan-banan aztertzen zituen, moldaketak egin eta bere girora eramaten zituen nire iradokizunak. Azkenik, Zaragozara bidaltzen genituen Carasueñok nahasteko. Gaur egun teknologiak aukera hauek ematen ditu. Carasueñoren proposamena aztertzen eta berrikusten genuen gero. Hori izan da gure lan prozesua.

Kantautore gisa kaleratzen duzun 15. diskoa da. Nola ikusten duzu zure ibilbidea?

Obrari dagokionez, pozik nago;iruditzen zait lan txukuna egin dugula urte hauetan guztietan eta, esan bezala, ilusioari eusten diot. Musikatik bizitzen jarraitzen dut, gaur egun ia mirari bat da hori, hizkuntza minorizatu batean kantatuta. Aurrera egiteko gogoarekin jarraitzen dut.

Ilusio eta gogoari eusteko apustu kementsua da diskoa?

Ilusioaren aldeko apustua egiten dut nik aspalditik. Azken urteotan kulturaren egoera ez da batere ona, egoera ez da samurra, baina nik apustu hori egiten dut. Ilusioaren alde eta gogoari eustearen alde. Izan ere, ilusio eta gogorik gabe ikusten ditut nire inguruan nahiko lur-jota daudenak. Baina besterik ez zaigu gelditzen, aurrera egitea.

Garapen pertsonala eta profesionala izan duzula esango zenuke urte hauetan guztietan?

Norberak sinetsi behar du baietz. Gero, zenbateraino den egia, hori ez dakit hain seguru. Baina sinetsi behar duzu baietz, garapen bat egon dela, nahiko tristea izango litzateke bestela. Nik uste dut esperientziak gauza asko ematen dizkizula. Urte hauetan guztietan kontzertu asko eman ditugu. Gehienbat Euskal Herrian eta Katalunian ibili gara, baina baita espainiar estatutik kanpo ere: Fran-tzia, AEB, Alemania, Maroko... Jendearekin izaten duzun harremana oso aberasgarria da.

Asmoa duzu disko honekin atzerrira joateko?

Espero dut baietz. Nire helburuetako bat beti izaten da bertako publikoari begira lan egitea, baina gure lana kanporatzea ere gustatzen zait. Uste dut garrantzitsua dela, eta nik argi dut apustu bikoitz horrekin jarraituko dudala.

Beraz, diskoa gehiago zabaltzea baino ez da falta orain, ezta?

Bai, leihoa ederki zabaldu eta egindakoa zabaltzeko unea da orain. Egindako lana zuzenekoen bidez ezagutarazten saiatuko gara, eta indar guztia horretan jarriko dugu. Azken finean, zure obran sinesten baduzu bultzada hori eman behar diozu, egindakoa zabaldu dadin. Diskoaren defentsa tokatzen zaigu orain. Zuzenekoetan, adibidez, esango nuke disko asko saltzen direla oraindik. Salmenta guztien erdia, gutxi gorabehera. Jendeak kontzertua gogoko badu, errazago erosten du diskoa kon-tzertuan bertan. Aldi berean, dendetan gutxiago saltzen da. Bestetik, Ez zait gustatzen poesia abestiaren bideoklipa ere egin dugu. Mercedes Alvarezek filmatu du eta Miren Iza eta biok agertzen gara bertan.

Mara-mara zure diskoetxearekin argitaratu duzu lana. Hor ere aldaketa eman duzu.

Aurreko diskoak Resistencia diskoetxearekin argitaratu nituen. Estatu mailako diskoetxe independente handienetakoa zen, baina urte hasieran itxi egin zuten. Egia esan, ez nuen gogo handirik ate-joka ibiltzeko eta banaketa ongi lotuta izanda, nire kabuz egitea erabaki nuen. Lehen aipatu dudan bezala, panorama ez da batere ona, ez da samurra, ez musikan ezta oro har kulturan ere. Harkaitz Canok esaten duen bezala, “pelukeria globalean” bizi gara: dena dira txutxu-mutxuak, burutazio graziosoak.... Gaur egun beti goaz azkar, oso modu arinean, bizkorregi. Eta kulturak beste tempo bat behar du;kulturak lasaitasuna eta gogoeta behar ditu.

votos |¡comenta!

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120