DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales.Deia. 40 urteDeia. 40 urte

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
MUSIKA

Mikel Laboa, elektronikaren espektroan

Delorean taldeak ‘Mikel Laboa’ izeneko diskoa kaleratu du, abeslariaren omenez. Elektronikaren alde esperimentalena landu dute zarauztarrek eta “ezin libreago” sentitu dira proiektu berri honekin

ANE URRUTIKOETXEA - 2017(e)ko azaroaren 20a, astelehena - 12:56etan eguneratua

votos |¡comenta!
Gaur egun taldea osatzen duen laukotea. ALBA YRUELA

Gaur egun taldea osatzen duen laukotea. ( ALBA YRUELA)

Galería Noticia

  • Gaur egun taldea osatzen duen laukotea. ALBA YRUELA

Errepidetik atera eta bide berriak esploratzea erabaki du Delorean talde zarauztarrak. Dagoeneko 15 urte igaro dira teklatu eta sintetizadoreekin oholtzara igo zirenetik, eta Muzik beren azken diskoa argitaratu zutenetik urtebete bakarrik igaro den arren, disko berria kaleratu berri dute.

BILBAO. Orain arte taldeak egin duen lanik berezi eta ezberdinena da labetik atera berri dena. Mikel Laboa izenburupean, abeslari ezagunari eskainitako omenaldia da lan berria, eta bertan bildu dituzten abesti guztiak Laboaren kantuetan oinarritu dituzte.

Asko dira disko berri honek dakartzan berritasunak. Batetik, euskaraz eginda dago bere osotasunean, eta ez dute abesti propiorik gehitu;aldiz, Laboaren kantuak maisuki landu dituzte musika elektronikoarekin nahastuz. Ekhi Lopetegi taldeko abeslari eta baxu-jo-tzailearen esanetan, Laboaren kantu ezagun zein ezezagunak aukeratu dituzte: “Gure benta, Denbora galduaren bila, Orreaga edota Kantuz bezalako abestiak aukeratu ditugu, eta baita Laboaren hainbat Lekeitio ere. Oso artista ausarta izan zen Laboa, eta bere musikaren eta gurearen arteko zubia eraikitzen saiatu gara, bion alde esperimentalenean sakonduz”.

Lopetegiren esanetan, taldeak orain arte ez du halakorik landu, eta erabat berria zaien bide bat hasi dute disko honekin. “Laboaren kantuek bide berri bat ireki digute, gure orain arteko estiloarekin esperimentatzeko aukera emanez. Normalean, gure abestiak konposatzeko orduan beti ditugu hainbat parametro buruan, irizpide minimo batzuk, baina oraingoan ez;Laboa izan da gure erreferentzia bakarra”, jakinarazi du Lopeteg

Musika elektronikoak eta abeslari donostiarraren kantuek uste baino hobeto egiten dute bat Deloreanen lanari esker, Kantuz lehen single-arekin erakutsi duten moduan. Taldekideen ustetan, Laboaren musikak badu elektronika ingelesaren kutsua hainbatetan, eta bien arteko fusioak estilo berri bat erakutsi die. “Laboaren kantuak landuz, gure bidetik atera gara erabat, eta espero ez genuen paraje berri batean murgildu gara. Delorean ezagu-tzen dutenentzat, disko honetan nabarituko dute ez dugula gure ibilbide naturaletik jo, baina benetan gustura gelditu gara emaitzarekin”, kontatu du abeslariak.

 Erabat aske BIME Bilboko musika jaialdian aurkeztu zituzten disko berriko abestiak, urriko azken asteburuan. Publikoak aurretik ezagutzen dituen abestiak jotzeak baditu abantailak, eta baita arriskuak ere, baina publikoak primeran hartu zuen talde zarauztarraren proposamen berria: “Harrera oso ona izan genuen -dio Lopetegik-. Gure zalantzak bagenituen aurretik, ez genekien nola erreakzionatuko zuen publikoak proiektu honekin, esan bezala, ez delako ohiko Delorean. Gainera, disko honetako kantuek hobeto janzten dute areto bat jaialdi bat baino, gure ustetan. Horregatik, sekulako sorpresa eraman genuen BIMEn publikoak erakutsitako zirrararekin;jendearen irrika sentitu genuen, publikoari asko gustatu zitzaion”.

Laboaren abestiak jotzeak badu abantailarik, abeslariaren esanetan: “jendearentzat ez dira arrotzak, eta segituan identifikatzen dituzte;baina disko hau ez da erraza, eta kontzertua ere ez”, nabarmendu du Lopetegik. Entzuteko guztiz erraza ez den arren, taldekideen gertukoei ere asko gustatu zaie diskoa, abeslariaren hitzetan: “Familiak entzun du, eta gozatu dute. Erraza ez izateak ez du esan nahi arraroa edo arrotza denik, alderantziz;gure alde esperimentalena loratu dugu disko honetan, erabat askatu gara”.

Proiektu honen jatorria ezagutzeko duela hiru urteko Adarra Sarietara jo beharra dago. Dagoeneko joana zen arren, Mikel Laboari eskaini zioten saria orduan. Ekitaldia borobiltzeko, Deloreani zuzeneko bat egiteko eskatu zioten sariaren antolatzaileek. “Proposamena konplexua eta aldi berean interesgarria iruditu zitzaigun, eta baiezkoa eman genuen. Ekitaldiaren ondoren konturatu ginen bertan sekulako materiala genuela, baina une horretan ez genuen denborarik horri behar bezala heltzeko, eta kaxoi batean utzi genuen, une aproposean berreskuratzeko helburuarekin”.

Beraz, Deloreanen bederatzigarren lanak hiru urte itxaron ditu argia ikusteko. Dena den, unerik onenean osatu dute lana, Lopetegiren hitzetan: “Denborak errespetatu ditugu, eta prest ginenean ekin diogu esperimentu honi. Gure musika ibilbidean presio handiko uneak bizi izan ditugu, baina une honetan oso lasai gaude, eta asko disfrutatu dugu proiektu honekin”.

Bukaerarik gabe Delorean-en ibilbidea hiru etapatan bereizten du Lopetegik: “Lehen etapa 2004 eta 2008 urteen bitartekoa litzateke, gure hasierako pausoak ematen hasi ginenekoa, hain zuzen;ondoren, 2008-2016 artekoa;2013 inguruan ardura eta presio pila genituen gainean, eta lanez gainezka ibili gara pasa den urtera arte;hain zuzen, Muzik diskoa argitaratu eta birarekin amaitzean hasi ginen arnasa hartzen”. Urte guzti horietan, taldeak mundua puntatik puntara zeharkatu du, txoko guztietako hirietan zuzenekoak eskainiz: Asia, Europa, Estatu Batuak, Latinoamerika...

Erritmo hori ere baretu dute, eta jatorrietara bueltatzeko irrikaz daude, Euskal Herriko txokoak bisitatzeko desiratzen. Hala, abenduan hasiko dira diskoaren promozioarekin, Hernanin: “Euskal Herrian zein Espainian hasiko dugu diskoaren aurkezpen bira, eta desiatzen gaude etxe inguruan jotzeko. Jaialdietan asko ibilitako taldea gara, baina abesti berriek ezin hobeto emango dute aretoetan, eta jendeak entzun ditzan irrikaz gaude”, dio Lopetegik.

Musika elektronikoak Euskal Herrian bere txokoa egin duela sinetsita daude Delorean taldeko kideak, eta jendearen berotasuna oso gogoan dute. “Kontziente gara Euskal Herrian gure musika estiloa ez dela nagusiena, ezta famatuena edota entzunena ere, baina beti ikusi dugu interesa eta jarraikortasuna. Izan ditugu hainbat elementu gure aurka;orokorrean, ingelesezko abestiak egin izan ditugu, eta hemen beti izan da nagusi rock-a edo pop-a;jendeak ez ditu gure abestiak ikasi, baina badugu gure publikoa”, agertu du Lopetegik.

Nazioartean badira elektronika nagusi diren herrialdeak, eta horietan sarri izan da taldea. “Jendeak uste dezakeenaren aurka, elektronika mundu osoan zehar sakabanatutako estiloa da;pentsa, reggaeton-ak musika elektronikoan du oinarria!” Dena den, elektronikaren paradisua Berlin dela aipatu du: “estilo ugari eskaintzen dituzten diskoteka eta aretoz betea dago hiria, gozada bat da. Estilo hau maite dute Europako herrialde gehienetan, batez ere Ingalaterran, eta berandu sartu bazen ere, AEBetan ere sekulako indarra du egun”.

Nazioartea eta etxea, biak dira taldearentzat garrantzitsuak. Eszenatoki ideala irudikatzeko orduan, zaila zaie bat hautatzea: “Zarautzen edota Donostian oso eroso sentitzen gara, etxean gaude. Esango nuke kontzerturik onenak eman ditugula etxean. Baina guretzat ahaztezina izango da New York-eko esperien-tzia, adibidez;harrituta utzi gintuen bertan izandako harrera beroak. AEBetan, orokorrean, oso kontzertu bereziak eskaini ditugu. Zirrara sortzen du lehen aldiz areto batean aritzeak eta jendeak zu ikusteko sarrera erosi eta lekua bete dutela ikusteak”.

Musika, protagonista bakar Delorean taldea zuzenean inoiz ikusi ez duenak, eta musika elektronikoa lantzen duen talde bat lehen aldiz ikusten duenean, gehien harrituko duena eszenatokia izango da. Bertan ez ditu ohiko hierarkiak aurkituko;ez du ikusiko abeslari bat aurrean, gitarra bat alboan, baxua bestean eta atzean bateria. Horren ordez, teklatu, sintetizadore eta bestelako gailu elektronikoak maneiatzen dituzten musikariak topatuko ditu, denak lerro berean. Abeslariren bat egon daiteke, bateria edota bestelako instrumentu bat jotzen duen musikariren bat ere bai, baina ohiko hierarkiak erabat apurtzen dituzte. Deloreanen kasuan apurketa hori oso argia da, eta taldekideen artean ez dago kategoriarik taula gainera igotzen direnean: “Elektronikak erabat aldatu du eszenatokia”, uste du Lopetegik. “Aurrean ez duzu normalean abeslariak hartzen duen liderraren rolik aurkituko;formatu tradizionalarekin hautsi, eta denok modu berean lerrokatzen gara. Gure kasuan, gainera, ez dugu sentitzen antzezleak garenik;erabat errespetatzen dugun arren, ez zaigu kontzertuak emateko modu hori gusta-tzen, eta hala jokatuko bagenu gezurretan ariko ginateke”.

Atzerantz pauso bat eman, eta musika bera bihurtzen du protagonista Deloreanek, musikariak bigarren plano batera pasatzen diren bitartean. Laboaren abestiak aurkezteko, taldeak argiztapenarekin jolastea erabaki du, ikusleak beren proposamenean erabat murgildu daitezen: “Gure atzean oihal handi bat zintzilikatu, eta jotzen ari garen bitartean argiekin jolasten dugu, margolan baten moduko irudipena sortuz. Musikari asko laguntzen dio horrek, bera baita benetako protagonista”. Azken aldian lehen planora pasa diren DJek ere antzera jokatzen dutela gogoratu du Lopetegik: “Asko ilunpean manten-tzen dira musika entzuten den bitartean, eta gehienez argi batzuek lagunduta egiten dute ikuskizuna;hori bilatzen dugu guk ere”.

Elektronikak urrezko garaia bizi duela argi du Deloreanek, eta etorkizunera begira jarrita, ez diote bukaerarik ikusten duela 15 urte hasitako bideari: “Hasi ginenetik denbora bat pasa dela nabari dugu, baina honek oraingoz luze iraungo duela sentitzen dugu”.

votos |¡comenta!

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120