DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales.Deia. 40 urteDeia. 40 urte

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
EIDER RODRIGUEZ idazlea

“Bizitzako gauza potoloenak azkazalak mozten ari garenean gertatzen dira”

Sei ipuinek osatzen dute Rodriguezen ‘Bihotz handiegia’ lan berria (Susa). Arina eta egunerokoa zein sakona eta transzendentala nahasita aurkituko ditu irakurleak kontakizun labur horietan

Jonebati Zabala - 2017(e)ko azaroaren 25a, larunbata - 17:54etan eguneratua

votos |¡comenta!
Aurretik beste hiru narrazio liburu ditu kalean Eider Rodriguezek: ‘Eta handik gutxira gaur’ (2004), ‘Haragia’ (2007) eta ‘Katu jendea’ (2010). RUBEN PLAZA

Aurretik beste hiru narrazio liburu ditu kalean Eider Rodriguezek: ‘Eta handik gutxira gaur’ (2004), ‘Haragia’ (2007) eta ‘Katu jendea’ (2010). (RUBEN PLAZA)

Galería Noticia

  • Aurretik beste hiru narrazio liburu ditu kalean Eider Rodriguezek: ‘Eta handik gutxira gaur’ (2004), ‘Haragia’ (2007) eta ‘Katu jendea’ (2010). RUBEN PLAZA

Mugako istorioak ekarri ditu paperera Eider Rodriguezek (Errenteria, 1977), transzendentala eta egunerokotasunaren artean dantzan daudenak. Liburuko sei narrazioetako protagonistek arroztasun sentipena dute eta horren garrantzia nabarmendu du Rodriguezek, bizitzari beste ertz batetik begiratu eta “deserosotasun pixka bat” ekartzearena. “Idazteko plazera berriro aurkitu” du idazleak Bihotz handiegia lanarekin, “presarik gabe eta lasai” idatzi baitu. Laugarrenez narrazioak sortu ditu, izan ere, “horietan zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta bihurgune eta aukera gehiago” aurkitzen dituela dio.

Pasa den astean egin zenuen liburuaren aurkezpena. Ze harrera espero duzu lan honekin? Zure lana jendaurrean ‘defendatu’ behar izateak urduritzen zaitu ala ‘feedback’ delakoaren zale zara?

Egia esan, ez dakit inor gogoratuko den nitaz, hainbeste urte pasa igaro dira azken liburua atera nuenetik! Normalean baino lasaiago eta harkorrago nago, nahiz eta gustatu, ez zaidan gustatzen liburua “defendatu” beharra. Baina ez dakit, oraingo honetan badut halako jakin-min bat irakurleari zer irudituko zaion jakiteko, liburua partekatzeko.

‘Eta handik gutxira gaur’, ‘Haragia’, ‘Katu jendea’ eta ‘Bihotz handiegia’. Ipuin liburuak argitaratu dituzu orain arte, eta oraingoan ere bai. Gustura sentitzen zara genero horretan?

Ez dakit hitza “gustura” den. Gustatzen zaidan generoa da, bai, zenbat eta gehiago sakondu orduan eta bihurgune gehiago aurkitzen dizkiot, orduan eta aukera gehiago... Eta gainera, kontatu nahi izan ditudan istorioek espazio hori eskatzen zuten, ez gehiago eta ezta gutxiago ere. Badago jendearengan nobelarekiko pasio moduko bat... baina ipuin on izan zitekeen nobela txar asko dago.

Hainbat istorio biltzen ditu ‘Bihotz handiegia’k. Badago guztiak harilkatzen dituen zerbait?

Uste dut mugako istorioak direla, ez bakarrik muga geografiko edo kulturalari loturikoak, baizik eta bestelako mugei ere: burua eta gorputza, egunerokotasuna eta transzendentala, heriotza eta bizitza, zerua eta lurra, natura eta zibilizazioa, emozioak eta arrazoia, arroztasuna eta egunerokotasuna...

Mugak marra zuriak bezala imajinatzen ditut, bi aldeen konexio posible bezala. Bi komunitate, espazio, izateko manera, mundu bereizten ditu baina, paradoxikoki, bereizteko balio duen horrek ez ote du balio betiko batzeko? Ezberdin direnak bereizteko nola elkartzeko balio badute mugek, kontraesanek muga horietan habia jar dezakete. Habia horretako arrautzei erreparatu diet, kontraesanei. Eta arrautza horiek kraskatzen saiatu naiz, nahiko mantso, baita errespetuz.

Arroztasun sentipena dute sei ipuinetako pertsonaiek: nolakoa izaten ari da bikote bizitza hau, zein desio ote ditu auzokide perfektuak, nor bihurtu gara sute ikaragarriaren ondoren, ginekologoak erakutsiko al dit nolakoa naizen barrutik, zer espero zuten izango nintzela, norenak dira esku hauek...

Baina era berean egunerokoa den horri lotuta eta askatu ezinda bizi dira. Arroztasun printza horiek ateratzen ditu haien lo-lekutik, astindu egiten ditu, haien identitatea zalantzan jartzen, eta beharbada, horietako batzuk ez dira lehenago ziren berberak izango. Edo bai. Baina arroztasuna inportantea da, tarteka beste ertz batetik begiratu behar zaio gure bizitzari edo aldamenekoaren bizi-tzari, begiradari mugimendua erantsi, begirada aberastu, deserosotasun pixka bat ekarri, inportantea da.

Egunerokotasuneko gaiak eraman dituzu paperera.

Bai, baina ez horiek bakarrik. Arina eta egunerokoa dena sakona eta transzendentala denarekin nahasita dago, eta ipuin hauetan ere horrela gertatzen dela esango nuke. Adibidez, lehenengoa, heriotza bezalako gai pisutsu bati buruzkoa da, baina heriotzak egunerokotasun diskretuenean duen inpaktuari buruzkoa da ipuina. Hala gertatzen dira bizi-tzako gauza potoloenak ere, azkazalak mozten ari garen bitartean.

Istorioetan bizitza arruntak kontatzen dituzu, baina pertsonaiak konplexuak dira euren barrenean.

Ez dago pertsona sinplerik, edo nik behintzat ez dut oraino ezagutu. Itxuraz izan daiteke norbait sinplea, baina behin hazka eginez gero, hamaika ñabardura eta kolore aurkituko ditugu bizitza sinpleenaren atzean. Edo beste modura esanda, oso konplexua da sinple izatea.

Lehen ipuinaren izenburua eraman duzu azalera, liburua izendatzeko.

Bai, hala egin dut aurreko ipuin liburuetan ere, ipuin batek eman dio izenburua bilduma osoari. Uste dut kasu honetan Bihotz handiegia-k bilduman dauden gainontzeko ipuinen kolore asko jasotzen dituela: gorputza, -egia horrek ezegokitasuna markatzen du, inoiz ez baikara egoki... bihotzak gure kulturak maitasunaren ideiara garamatza zuzenean, baina bihotza handiegi izatea ere gaitz bat da... hor joko bat dago, maitasunaren eta gaitzaren arteko solas bat...

Ixabel da lehen ipuineko protagonista: senar ohia gaixorik dago, hil egingo da, eta alabak hura zaintzeko eskatuko dio. Hogei urte elkar ikusi gabe eta hasieran ezezkoa ematen dion arren, gero zalantzan jarriko da Ixabel. Sentimendu kontrajarriak sortuko zaizkio prozesu horretan, gainera.

Sentimenduak ez dira ia inoiz garbiak izaten, gehiago datoz mordoilo batean, eta Ixabeli ere halaxe gertatzen zaio: indiferentzia, kariñoa, higuina, errukia, pasioa, asperdura, gorrotoa, maitasuna, amorrua... denak nahasian etorri zaizkio, eta ez bakarrik gertatu zaionarekin, gertatu zaion horrek dakarkion nahastearen kontra ere egin beharko du borrokan.

‘Paisaiak’ pasartean, ginekologoarenera doa protagonista eta mioma bat duela esaten diote. Amaiera nahiko kuriosoa du ipuinak, egia esan.

Nik uste dut gorputzak barrutik oso kuriosoak direla, edo hala dirudi... Paisaiak-ek barne paisaia horiei, geure barrunbeei egiten die aipamen. Ekografoak egiten du, kasu honetan, paisajista lana, umetokian. Eta umetokiaren jabeak harreman berezi bat sortuko du paisaia horiekin, eta bai, amaiera kuriosoa du, baina umetokian gertatzen diren gauzak ez dira gutxiagorako, ezta?

‘Niregandik espero zena’ ipuinean, neskato baten bizitzako pasarteetan barrena egiten du irakurleak: sexualitatea, familia, lagunak, drogak...

Bai, urtekari moduko bat da. Neskato baten identitatearen eraikuntza nola eratzen den ikus daiteke, baina neskatoarena ez ezik belaunaldi baten eta are neskato hori bizi den herriaren identitate puska baten berri jaso nahi da.

Esan izan duzu ez duzula bereziki disfrutatzen idaztean duzunean. Nolakoa izan da liburuaren sortze prozesua?

Horretan ere ezberdina izan da liburu hau. Lasai idatzitako liburua izan da, presarik gabe. Ipuin guzti-guztiekin disfrutatu dut, ez bakarrik sormen prozesuan baizik eta baita idazketa prozesuan ere. Okerrena agian azken fasea izan da, berridazketarena, polita baina gogorra ere bai. Ordura arte, ordea, idazketaren plazera berraurkitu izan banu bezala sentitu naiz, oso libre, lasai eta jolasti.

Behin liburua idatzita, ahaztu egiten zara ala jarraipena egiten diozu? Dela kritikak begiratuz, irakurleekin kontaktuan jarriz...

Ahaztu ez;nahita ere badira jazartzen zaituzten liburuak! Hori bai, behin aurkezpena eginda, saiatzen naiz askatzen. Hori lortu nahi nuke, baina ez da beti erraza izaten, gaur egun, batez ere, beti iristen zaizulako handik edo hemendik esandakoen berri... Begi bat itxita eta bestea zabalik hartu izan ditut orain arte, onak zein txarrak erlatibizatuz. Ez dakit liburu honekin gauza bera gertatuko zaidan.

Baduzu beste literatur proiekturik? Deskantsua dator orain ala baduzu oharrez beteriko koadernorik?

Oharrez beteriko koadernoak beti dabiltza hortik, eta gutxien espero duzunean harrapa-tzen zaitu ohar txiki batek, kasu gehiago egiteko eskatuz... Baina bai, orain atseden beharra daukat, patxadaz idatzitako liburua izan da hau, eta probatu eta gero, hurrengoa ere hala izatea nahi nuke.

votos |¡comenta!

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120