Zelaietako kaleetako mugikortasunean egingo diren aldaketak Abadiñoko biztanleek aukeratuko dituzte. Udalak herri-kontsulta bat egingo du maiatzaren 6tik 12ra bitartean, eta bertan auzoan ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa zelan antolatu behar den galdetuko zaie herritarrei.

Datozen egunetan prozesuaren xehetasun guztiak azaltzeko eta botoa emateko ere balioko duen informazio liburuxka banatuko da udalerriko postontzietan. Horrela, Abadiñon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako guztiek eman ahal izango dute botoa. Maiatzaren 6tik 10era Traña-Matienako eta Zelaietako udal bulegoetan eta Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan ere bozkatu ahal izango da; maiatzaren 11n Errota Kultur Etxean eta hilaren 12an Txanportan. Bozketa loteslea izango da Abadiñon erroldatutako biztanleriaren % 10ak edo Zelaieta auzoan erroldatutako biztanleriaren % 20k parte hartzen badu.

“Herri-kontsulta hori herritarren parte-hartze zuzenaren bidez Abadiño hobetzeko ariketa demokratikoa izango da, eta, modu berean, parte-hartze sozialean, adostasunean eta gobernantza irekiaren estiloan sakontzeko tresna izango da” nabarmendu du Mikel Urrutia alkateak.

Informazio guztia udal webgunean dago eskuragarri (Zerbitzuak - Gobernantza eta Herritarren Partaidetza - Herri-kontsulta/Zelaieta Mugikortasuna). Bertan prozesuaren deskribapena, kronograma eta ordutegiak daude. Gainera, azalpeneko bost bideo argitaratu dira, lan-dinamiketan bozketarako sortu ziren bost proposamenekin. Hautestontziek ematen duten moduan gauzatuko dira.

Hauek dira bost aldaketa-proposamenak: 1) N-636 errepidearen tarte batean beste biribilgune bat eraikitzea, norabide guztietara joatea ahalbidetuz; 2) Iturritxoko hegoaldea noranzko bikoitzeko bide bihurtzea, barruko trafikoa ahalbidetzeko; 3) bizikletan edo patinetean ibiltzeko espazio segurua izatea, baina ordu jakin batzuetan ibilgailuen zirkulazioa baimenduz; 4) Trinketeko aparkalekua antolatzea eta trafikoa berrantolatzea oinezkoentzako eremuak eta ibilgailuen zirkulazio-bideak argi eta garbi seinaleztatuz; eta 5) Ferialekutik Trinketera jaisten den kalean noranzko bikoitza baimentzea, Solozabaletik Ferialekura doan kalea trafikoari itxiz.

Bost proposamenetako bakoitza bere aldetik bozkatu ahal izango da, alde edo kontra, eta ez da derrigorrezkoa izango bostak bozkatzea. Hau da, pertsona bakoitzak erabaki ahal izango du guztietan edo batzuetan bakarrik bozkatzen duen.

“Uste osoa dugu abadiñar guztiek dutela gure udalerriko auzoak hobetzeko proiektuetan modu aktiboan parte hartzeko eskubidea, eta hau aukera paregabea izango da hori egiten hasteko”, azaldu du Edurne Maguregi alkateordeak.

Datozen egunetan informaziorako karpak instalatuko dira udalerriko hainbat lekutan, eta, gainera, zalantzak aurrez aurre argituko dira eguaztenetan udaletxean eta barikuetan Errota Kultur Etxean, 11:00etatik 12:00etara. Kontsultak haz@abadiano.eus​ helbide elektronikora ere bidali daitezke.