Datorren astelehena, apirilak 29, Dantzaren Nazioarteko Eguna izango da, baina Bizkaiko Foru Aldundiak ospakizuna aurreratu nahi izan du. Hortaz, igande honetan, ekitaldi berezi bat antolatuko du Bilboko Areatzan. Dantza alfonbra gorrian-Danza en la alfombra roja lemapean, Bizkaiko 15 dantza-eskolako 250 ikasle baino gehiago bilduko ditu itsaadarraren ertzean jarritako 250 metroko alfombra gorriaren gainean.

Jardunaldia 11.30etan hasiko da, berotze-ariketekin, Areatzako pasealekuan. Beroketak egin ondoren, doako bi masterclass emango dira Arriaga Antzokiaren zabalgunean: euskal dantzak eta dantza lerroan. Azkenik, 12:40an, lan koreografikoak aurkeztuko dira karpa batean.

Dantza alfonbra gorrian-Danza en la alfombra roja ekimenaren bederatzigarren edizio honekin, Aldundiak dantzak diziplina artistiko gisa duen garrantzia eta bereziki, dantzako irakasleek diziplina hori garatzeko egiten duten lana nabarmendu nahi du.

Parte hartuko duten eskolak honako hauek dira: Biarte Dantza Eskola; CDART Bilbao Dance Center; Ana Rosa Tercero; Ballet Roser Carrés eskola; Dantzerti; Andoni Aresti Dantza Eskola; Ballet Tamara Blanco eskola; Estudio de Ballet Clásico Teresa Gónzalez Ardanaz; Igor Yebra Dantza Eskola; Olaeta Ballet Elkartea; All Dance akademia; Sara Etxebarri dantza-eskola; Ross dantza-eskola; Estudio de Ballet Saioa Ibáñez Romero; Danza Libre y Attitude dantza-eskola.