DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales.Deia. 40 urteDeia. 40 urte

Saltar al Contenido

Períodico de Deia

Herriarekin batera hazten

ANA OTADUI - Lunes, 5 de Junio de 2017 - Actualizado a las 16:04h

Ana Otadui.

Ana Otadui, presidenta de las Juntas Generales, en una imagen de archivo. (Deia)

Galería Noticia

  • Ana Otadui.

40 urte bizitza oso bat da, bai behin-tzat 76an jaio ginenontzat. DEIA egunkaria gu baino urtebete beranduago jaio zen. Gure Herriarekin batera hazten joan gara biok.

Gu jaio ginenean dena zegoen egiteko. Sasoi ilunetatik gentozen. Franco diktadorea hil berri zen, gure Herri honi urteetako errepresioa sufritu arazi eta gero. Hortaz, gure nortasuna zaintzen eta mantentzen lan egin zuten gizon eta emakume guztiek beti izango dute nire aitortza eta mirespena.

Dana zegoen eraikitzeko. Gure erakunde egitura egiteke zegoen. Gaur egun ezagutzen ditugun Batzar Nagusiak urte batzuk beranduago sortuko ziren, 1984. urtean hain zuzen ere. Askotan pentsatu izan dut garai hartan herrigintzan aritu ziren gizon eta emakumeei dena zor diegula. Askoz ere baliabide urriagoekin udal demokratikoak martxan jarri zituzten eta pixkanaka-pixkanaka gure herrietako ongizatearen alde gogor lan egin zuten gure ordezkariek.

Zorionez, gu jaio ginenerako gris ilunak argitasun pixka bat hartua zeukan jadanik. Baina gure herria oraindik grisa zen. Garai hartako nire oroitzapenak herri txiki batekoak dira. Elorrion eta Bizkaian ere dena zegoen egiteko, dena zegoen eraikitzeko.

Eskolako oroimenak datozkit burura. Elorrioko herri ikastetxean ikasitakoa naiz. Sasoi hartan, Alejandro Goikoetxea deitzen zen gure eskola. Alejandro Goicoechea Bilboko Burdin hesia egin zuen ingeniaria izan zen. Baina bertako planoak bando frankistari eman zizkion, gudariak eta Agirre Lehendakariaren Gobernua salduz.

Duela urte batzuk izena aldatu zitzaion, guztiok ulertuko dituzuen arrazoiengatik. Gure ikasturtea izan zen eskolak D ereduan jaso zituen lehena Eskola Publikoan. 40 urte hauetan Euskararen erabilera eta Hizkun-tzaren normalizazioan asko egin dugu aurrera. Oraindik gogoan daukat ETBn indio eta bakeroen lehenengo pelikula euskaraz emititu eta hark sortu zituen sentsazioak.

Euskara hizkuntza bizia da. Jaikitzen garenetik oheratu arte, gure harreman guztiak euskaraz egiteko aukera dugu gaur egun. Euskara erabil dezakegu administrazioak eskaintzen dizkigun zerbitzuetan, osasun zentroan, udaletxean, kultur ikuskizunetan, unibertsitatean, garraio publikoan.

Aldaketa nabarmena izan du gure komunikazio sistemak. Orain dela 35 urte herrietatik Bilbora gauza inportanteetarako joaten ginen. Hori da behintzat daukadan oroimena. PESAko autobusa hartu eta ordu eta erdikoa izango zen Bilborainoko egiten genuen txangoa. Ez pentsa orduro autobusa zegoenik. Egunean hiruzpalau zerbitzu egongo ziren eta ordutegi horien arabera antolatu behar izaten genituen gure Bilborako mandatuak.

Gaur, ordea, Bizkaibusek lurraldea egitura-tzen du. Bazter guztietaraino eta ordutegi zabalekin joan gaitezke zerbitzu publikoa erabiliz. Lagun batek “la fiebre amarilla” deitzen zion orain dela urte batzuk Bizkaibusari, gerora, kolorez aldatu eta gure artean hainbeste atsegin dugun orlegiak Bizkaiko txoko guztietara eramaten gaitu. Sarritan ikusten ditut Atxondoko bidegorrira Bizkaibusez hurbiltzen diren txangozaleak.

Orain ez dago herrien eta hiriaren arteko distantziarik. Errepide sareak eskualdeak lotu eta hurbildu ditu. Gerediaga-Elorrio, Txoriherriko errepidea, Super Sur, Avanzadakoa, horiek guzti guztiek geure arteko komunikazioa hobetzea ekarri dute. Eta horrek, nola ez, gure herrian aberastasuna sortzea bultzatu du.

Gure lurraldeak aurrera egin du ingurumenarekiko arduran. Bidegorri sare paregabea zabaltzen da Bizkaiko eskualde guztietatik. Bakoitzak bere xarma du.

Modernitatearen eta betikotasunaren arteko elkarrizketa orekatua lortu da lau hamarkada hauetan. Gure hiriburua kosmopolita eta modernoa da. Horren guztiaren ikur, Gugennheim museoa. Erdigune horretatik Anbotoko magalpean dagoen “Suitza Txikira” ordu erdi eskasean. Hori ere aurrerapena da.

Egunerokotasunak aktore berriak bereganatu ditu eta hori da niretzat aurrerabiderik aipagarriena. Duela 40 urteko portadetako protagonista nagusiak gizonezkoak ziren. Egunerokotasuna gizonek idatzi dute hamarkada hauetan, hori ukaezina da. Ukaezina den bezala emakumeek gure tartea eskuratu dugula esparruz esparru. Nire ustez, gakoa hezkuntza da. Hezkuntzak ekarri du eta ekarriko du gizarte berdintsuagoa lortzea. Oraindik asko daukagu egiteko, baina bidean goaz.

Aldaketa guztien berrikuste eragiketa honetan, badago pozez eta itxaropenez betetzen nauen bat: gure herrian, orain dela gutxi arte, ideia politikoengatik inor hiltzeko prest zeuden batzuk. Desberdin pentsatzeagatik, zure auzokidea arerio bilakatzen zen. Zenbat sufrimendu ez ote dute ezagutu herri honetako amek arrazoi horregatik?

Badago ordea bizitza oso honetan aldatu ez den zerbait: herri baten nortasuna eta askatasun egarria adierazten duen ikurra. Euskaldun guztiak batzen dituen ikurra. Nola ez, Gernikako Arbolaz ari naiz. Iparragirrek arbolaren fruituak zabaltzeko DEIA egin zuen. Hori ere bada gure Lurraren Deia.

* Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria


Herramientas de Contenido


Más sobre Deia 40 urte

ir a Deia 40 urte »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120