Lehiaketaren finala 15.000 lagunek zuzenean jarraitzea espero da, BBK-k kutxazain automatikoen bidez banatu dituen doako sarrerak jaso baitituzte. Bertara joaten diren guztiek saioan zehar egingo diren hainbat zozketatan esku hartuko dute. Finalera iritsi diren taldeei, garaikurrak ezeze, ekipaia osoa emango diete, gizonezkoei eta emakumezkoei. Sariak banatzen Bizkaiko Foru Aldundiko, Bilbo eta Leioako udaletako, ASMUL elkarteko, Athletic Clubeko eta BBK-ko orezkariak izango dira. Hain zuzen ere, emakumezkoen lehiaketa zortzi jokalariz osaturiko taldeen artekoa izan denez, ezinezkoa izan da San Mames futbol zelaia baldintza horietara moldatu eta finala Bilbon jokatzea. Horregatik, emakumezkoen BBK Mundialtxoko finalak joan den ekainaren 28an jokatu ziren, Lamiakon bertan. Eurolatinas taldea izan zen garaile, Boliviako Cruceñas taldeari 3 eta 1 irabazita. Real America Club eta Ekuadorreko selekzioak izan ziren hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren.
San Mames 16:00etan zabalduko da bihar aulkia hartu nahi dutenentzat. Finalera iritsi diren bi taldeak, Bolivia eta Brasil, 16:30etan zelairatuko dira, jantzi berriekin, eta neska-mutil talde baten laguntzaz. Han egingo dituzte finaleko argazki ofizialak. Herrialde bietako ereserkiak entzun ondoren, Pichichiri lore eskaintza egingo diete, futbol zelai hau lehen aldiz zapaltzen duten talde guztiek egin ohi dutenez.
Ohorezko sakea Andoni Zubizarreta atezain ohiak egingo du, eta BBK Mundialtxoko finala jokatzen 17:00etan hasiko dira. Irauten duen 90 minutuetan, Boliviako "txaranga" batek girotuko ditu harmailak. Atsedenaldian Kolonbia eta Brasilgo dantza eta musika taldeen ikuskizunekin ere gozatu ahal izango da.
Lehiaketaren amaieran, eta BBK Mundialtxoko irabazleei, golegileei eta atezain onenei sariak eman aurretik -gizon zein emakume-, datorren denboraldian Athleticek San Mamesen jokatuko dituen partida denak ikusteko hiru bonu bikoitz zozkatuko dituzte antolatzaileek ikusleen artean, bai eta Bilbao BBK Live 08 kontzertura igandean joateko hiru sarrera bikoitz ere.