Saioak 11:00etan hasiko dira, eta ordu erdiro ipuin ezberdin bat izango da zelaiaren leku ezberdin batean, azkena 13:30etan. Euria ari balu, baserriaren barnean izango da. Museo hernaniarreko iturriek azaldu dutenez, aurtengo Museoen Nazioarteko Egunerako ICOM erakundeak proposatu duen gaia integrazioari buruz mintzatzen da, eta Chillida-Leku Museoak "komunikazio modurik oinarrizkoena" eskaini nahi dio bisitariari: ipuina, herri guztietan erabiltzen den ahozko tradizioa.
Ipuinak beste garrantzi bat ere dauka museoan: narrazio mota honek kontaketa xumeak hartzen ditu abiapuntu, bizia eta unibertsoa kontatzeko. Horregatik, museoko arduradunei iruditu zaie Chillidarekin bat egiten duela, hark ere oinarrizko pentsamenduak baitzituen bere unibertsoaren sustrai.
Igandean, beraz, "Konta dezagun" ikuskizuna izango da Oihulari Klown taldeak eskainita. Virginia Imaz, Maider Galarza eta Anduriña Zurutuza ibiliko dira kontaketan, eta Txefo Rodriguez, aldiz, baxuarekin. Horrela, Oihulari Klown taldeak guztien gustuko istorioak kontatuko ditu, Chillidaren artelanekin eta museoko espazio naturalarekin elkarrizketan.