Pedro de Yrizar Barnoya 1910eko abuztuaren 11n jaio zen, Azkoitian. Bi urte zituela, Madrilera eraman zuten gurasoek eta han hil zen, 2004ko urtarrilaren 10ean, 93 urte zituela. Madrilen bizi bazen ere, euskal gaiak ez zituen inoiz baztertu eta euskarari buruzko ikerlan ugari argitara eman zuen bere bizitzan. Euskal aditza eta euskalkiak dira, hain zuzen ere, gehien jorratu zituen gaiak. Beti ere Louis-Lucien Bonaparteri jarraikiz, euskalki guztietako aditz laguntzailearen morfologia oso-osorik aztertu zuen eta liburu zehatzak osatu zituen, mapa ugariz hornituak. Liburu horiek guztiak Euskaltzaindiak argitaratu ditu.
Horiek horrela, euskal aditz laguntzailearen morfologiaren bilketa sistematikoa egin duen bakarra da Pedro de Yrizar eta kontsultarako erreferentzia bihurtu da bere lana. "Morfología del verbo auxiliar" liburu sorta honetan, Yrizarrek Koldo Artola ohorezko euskaltzaina izen zuen laguntzaile.
Sorta horrenh azken liburuaren aurkezpena ostegunean izango da, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, eta han izango dira Andres Urrutia euskaltzainburua, Jose Luis Lizundia diruzaina, Koldo Artola ohorezko euskaltzaina eta Iñigo Yrizar Pedro de Yrizarren semea. Ekitaldia 12:30etan hasiko da.