Horrela, uztailaren 25ean Galdakaoko Andra Mari Elkarteak antolatutako Nazioarteko Dantza Topaketa egingo da. Aurten, Sopelako Udaletxeko Enparantzan ikusi ahal izango dira Daguestan (Errusia) eta Txiletik etorritako dantza taldeen ikuskizunak, euren dantza eta folklorea erakutsiz. Kultur aniztasunaz eta aberastasunaz gozatzeko aukera izango da, dantzaren, musikaren eta janzkera tradizionalen bidez. Bestalde, uztailaren 26tik 30era arte Udako Musika Zikloa ospatuko da herri bizkaitarreko San Pedro Elizan. Victor de la Rosak (klarinetea) eta Tim Lissimorek (pianoa) hasiko dute aurtengo edizioa. Bigarren emanaldian Elene Orcoyen sopranoaren ahotsa entzuteko aukera izango da, Joseba Candaudap pianistaren laguntzaz.
Uztailaren 28an, Isabel Vilanuevaren (biola) eta Pedro Jose Rodriguezen (pianoa) txanda izango da. Hurrengo egunean Joao Meirelen (txirula) eta Christine Hilleren (pianoa) doinuak entzungo dira, eta Arsis laukoteak amaituko du zikloa, uztailaren 30ean. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.