Horrekin batera, Gobernu Batzordeak baimena eman dio Kultura Sailari egun Amerika eta Europako beste zazpi unibertsitateetan (Mexikoko UNAM-en, Mexiko eta Pueblako Unibertsitate Iberoamerikarretan, Monterreyko Teknologia eta Goi Ikasketetako Institutuan, Berlingo Frei Unibertsitatean, Moskuko Unibertsitatean eta Erromako UPTER Unibertsitatean) euskara eta euskal kulturaren ezaguera sustatzeko indarrean diren hitzarmenei jarraipena emateko. Espainiako UNED-en datorren ikasturtetik aurrera eskainiko diren euskara eta euskal kultura ikastaro hauek aukera emango diete Estatu osoko ikasleei hauek jarraitzeko urrutiko irakaskuntzan espezializatutako unibertsitate honetan, kontuan izanda Euskadiko UNED-eko eskoletan eskaintzen zirela hemengo ikasleentzat. Gaur onartutako eskola berri hauekin, dagoeneko 13 herrialdetako 25 unibertsitatetan eskaintzen dira euskara eta euskal kulturaren ikastaro hauek.
Eskola hauek Amerika eta Europako beste hainbat unibertsitatetan Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak bultzaturik eskaintzen diren gisakoak dira eta bere lehen pausuak ematen hasi den Etxepare Euskal Institutuaren garapenaren bidetik doaz.
Ildo berean, Eusko Jaurlaritzak, HABE erakundearen bitartez, abian du Euskal Herritik kanpo helduentzako ematen diren euskara eskolen garapenerako "Euskara-eskolak munduan" egitasmoa.
Ekimen horren baitan, Estatuko hainbat hiriburutan (Madril, Bartzelona, Valentzia, Valladolid) eta Europako (Paris, Londres, Berlin, Frankfurt, Helsinki, Varsovia, Poznan) eta Ameriketako hiri eta herri desberdinetan (Uruguai, Txile, Mexiko eta AEBetako Unibertsitateetan eta Argentina, Uruguai, Txile, Venezuela, Mexiko eta AEBetako 80 herritan) helduentzako ematen diren euskara eskolak arautu eta garatzen dira.
Horretarako, irakasleen trebakuntzari garrantzi berezia eskaini zaio eta eskola horiek materialez hornitu eta autoikaskuntzarako eta urrutiko irakaskuntzarako zein irakasleen trebakuntzarako sistemak ezarri dira.