Dokumentalean Ibon A. Totorika zinegile getxoztarrak Berri Txarrak taldearen 25 hilabete bizienak jasotzen ditu, 'Jaio.Musika.Hil' diskoa grabatzen hasi zirenetik, Europa, Amerika eta Asian zehar egin zuten bira luzea bukatu arte. Horrez gain, Gernikako Astra eraikinean eskainitako kontzertu bat, modu berezian filmatuta, biltzen da dokumentalean. Berri Txarrak taldea azken hamarkadan euskal musikan eta Espainiako rock alternatiboaren barruan izan den talderik garrantzitsuenetako bat da. Bost disko ditu kalean eta ehunka kontzertu eskaini dituzte mundu osoan zehar, oso kritika onak jasoz. Abuztuaren 16an euren 'Jaio.Musika.Hil' bira amaitu zuten Gernikan.
Kontzertu horretan Mikel Lopez 'Rubio' baxu-jotzaileak agur esan zion taldeari (taldean dagoen bigarren formazio aldaketa izan da hau, Aitor Oreja gitarrak ere utzi zuen taldea 'Libre' diskoa grabatu eta gero). Taldeko gainontzeko bi kideak (Gorka Urbizu, ahotsa eta gitarra, eta Aitor Goikoetxea, bateria) kanta berriak prestatzen hasiko dira.