Bageratik azaldu dutenez zenbait tokitan euskara ikasleek ez dute aukera askorik euskaraz berba egiteko. Jarduera honen bidez euskaldun bihurtu nahi duenari euskaraz hitz egiteko duen beldurra kentzen laguntzen zaio baita "hizkuntza ohiturak aldatzen" ere. Ekimen honek bi alde behar ditu, alde batetik, euskalduna, bestetik, euskaldun gaia, euskaldun izateko bidean dagoena. 2008-2009 ikasturteko Mintzalagun programan parte hartzeko, euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi duten euskara ikasleek eta hauei laguntzeko prest dauden mintza laguntzaileek urriaren 25era arte dute epea. Izena emateko eta informazio gehiago nahi duenak 943467181 telefono zenbakira deitu dezake, edo Bagera elkartearen bulegora (Katalina Eleizegi 36, behea) hurreratu daiteke.
Betebeharrei dagokienez, euskara ikasleek parte hartu ahal izateko gutxienez euskaltegietako 5/6 urratsa izan behar dute. Mintza laguntzaile izateko, berriz, nahikoa da euskara erraztasunez hitz egitea. Hiru lagunez osatutako talde txikiak osatzen dira, eta astero ordubeteko mintzapraktika saioa egiten da. Taldeak erabakitzen du non bildu eta zer egin mintzapraktika egiten den bitartean (paseatu, kirola egin, kafe bat hartu.) eta taldea elkartzeko orduan norberaren ordutegia kontuan hartzen da. Adin eta lanbide askotako mintzalagunak izaten dira.