Haur eta gaztetxoek hainbat aukera izango dituzte eskura datozen asteetan Gabonetako jai egunak ahalik eta ondoen pasatzeko. Izan ere, Izarra Kultur elkarteko Atxutxiamaika eta Gaz-T Aisialdi Taldeek "Gabonetako Aisialdia" egitasmoa antolatu dute Udala, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Programa hau hilaren 24an jarriko da abian Maalako parkean, 10:45ean Olentzeroari egingo zaion ongietorriarekin. Honen ondoren, Haur Hezkuntzako umeei zuzendutako "Negulekuak" izango dira Herri Eskolan abenduaren 27, 28, 29 eta 30ean, eta urtarrilaren 3, 4 eta 7an. Bertan, eskulanak, jolasak, Eibarko Txiki Parkera irteera eta beste hainbat ekimen burutuko dituzte partehartzaileek, goizeko 10:00etatik 13:00era bitartean. Izena emateko epea zabalik dago hilaren 17ra arte eta matrikularen prezioa 25 eurokoa da.
Bestalde, Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako ikasleentzat tailerrak egingo dira abenduaren 27an, 10:30etik 12:30era, plaza Txikian. Aldi berean, adin honetako gaztetxoek Eibarko Txiki Park-era irteera egingo dute hilaren 28an. Bi ekimen hauetan parte hartzeko 10 euro ordaindu behar dira. Honetaz gain, LHko 3. eta 4. mailetakoentzat ere tailerrak egongo dira urtarrilaren 3an Plaza Txikian, eta Bilboko Itsas Museoa ezagutzeko irteera bat urtarrilaren 4an. LHko 5. eta 6. mailetakoentzat tailerrak eta Bilboko PIN parkera irteera izango dira urtarrilaren 3 eta 4ean. |