Trikitixako kideek ondo merezitako omenaldi beroa jaso zuten igandean, Zumarragako Udalak eta herriko hainbat trikiti zaleek antolatutako omenaldi egunean.
Goizean herriko trikitilariek Zumarragako kaleak alaitu zituzten trikitixaren soinu alaiaz. Eguerdian, 12:00etan, Javier Ramos akordeoilari eta kazetari urretxuarrak idatzitako "Zumarragako Trikitixa eta bere ingurua (1920-2004)" liburua aurkeztu zen Zumarragako udaletxeko areto nagusian. Ekitaldian, liburuaren egilearekin eta Zumarragako Trikitixako kideekin batera, urte luzetan Zumarragako Trikitixako soinujolea izan zen Joxe Migel Ormazabalen alarguna, Gregoria Otaegi, izan zen.
Zumarragako udaletxeko areto nagusia txiki gelditu zen, bertan taldekideei euren esker ona adierazi nahi zieten eta liburua jaso nahi zuten herritar asko eta asko elkartu baitziren. Tartean, Urretxu eta Zumarragako kultur taldeetako lagun asko, Jose Mari Aleman liburuaren maketatzailea eta Joseba Tapia trikitilari handia izan ziren.
Javier Ramos egileak liburua ilusio handiz idatzi duela esan zuen: «argitaratu dudan lehen liburua delako eta Zumarragako Trikitixari buruzkoa delako». Era berean, egitasmo hau aurrera ateratzen lagundu dioten guztiei eskerrak eman zizkieten, bereziki Angel Cruz Jakari, Iñaki Linazasorori, Antonio Prada Zumarragako agirizainari, Anton Arbulu Zumarragako alkateari eta Mikel Alustiza Zumarragako Trikitixako kideari.
Liburuaren aurkezpen ekitaldiaren ostean, Antonio Oteizak Zumarragako Trikitixaren omenez egin duen eskultura inauguratu zen Elizkalen. Izan ere, Zumarragako kale horretan sortu zen Zumarragako Trikitixa, 1920ko San Juanetan, Joxe Oria panderojole zumarratarra Kanpanzar soinujoleari elkartu zitzaionean.
Trikitilari bikotea erakusten duen eskulturaren inaugurazio ekitaldiaren ondoren, Zumarragako Trikitixako egungo eta garai bateko kideek (Joxe, Seberen, Inazio eta Migel Urteagak; Mikel Alustiza hauen ilobak; Kepa Urteaga Migelen semeak eta Garikoitz Lizarraga Joxeren bilobak) pare bat pieza jo zituzten Elizkalen bildu ziren ehunka lagunen gozamenerako.
Ondoren, omenaldi bazkaria izan zen Etxeberri jatetxean. Bazkari honetan, Zumarragako Trikitixakoei urte hauetan guztietan herriko jai ekitaldi guztiak alaitzeagatik eta herriaren izena ezagutzera emateagatik eskerrak eman nahi zizkieten 400 herritar inguru bildu ziren giro alaiean. Arratsaldean, ospakizun ekitaldiei amaiera emateko, erromeria jendetsua izan zen Elizkalen bertan.
Zumarragako Trikitixak hainbat omenaldi jaso ditu, baina igandekoa izan da segur aski orain arteko garrantzitsuena. Izan ere, liburuaren aurkezpena, eskulturaren inaugurazioa eta jendearen partaidetza altua medio, igandeko omenaldi eguna ahaztezina izango da.
Trikitixa eta Zumarraga ezagutzera emateko sekulako lana egin duten guztiei eskerrak eman zizkien Mikel Alustiza taldekideak talde guztiaren izenean. |