Aurten ere, "Euskara Merkataritzara" egitasmoari jarraipena emateko asmoz Ordiziako denda, taberna, jatetxe eta bestelako saltokietan euskararen erabilera bultzatzeko zerbitzuak eta laguntzak eskaintzen ari da Udala, Euskara Zerbitzuaren bitartez. Hala, ekimen honen koordinazio lanetarako Siadeco enpresaren Ikerketa Elkartea kontratatu dute.
Herriko saltokietan bezeroekin zuzenean lan egiten duten profesionalen hizkuntza beharrei erantzutea eta euskara gero eta gehiago erabiltzea du xede ekimenak. Euskara erabili ahala, herriko establezimenduek eskainitako zerbitzua gero eta hobea izateko ahaleginean lan egin nahi da.
Euskara teknikaria den Garbiñe Mendizabalaren aburuz, «udalerriko denda gehienetan dendariek euskaraz hitz egiten dute. Baina egitasmo honek bertan dituzten produktu guztiak euskaratzea du helburu».
Egitasmo hau betetzeko xedez "Zure esanetara" izeneko katalogoa herriko establezimendu guztietara zabaldu da. Bertan dendetako zerbitzu eta material eskaintza guztia jasoa dago (i-tzulpen zerbitzuak, merkealdirako kartelak, hiztegiak …)
Siadeco Elkarteak bisitak egingo ditu establezimenduen eskaerak jasotzeko eta Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin euskararen erabilera bultzatzeko pausoak eman ahalko dira.
«Ordiziako dendariei, ostalaritza arloko profesionalei eta zerbitzu arloko bestelako arduradunei gogorarazi nahi zaie, "Zure esanetara" katalogoa erabiltzeaz gain Euskara Zerbitzura eskaerak egiteko aukera badela», azpimarratzen du Mendizabalak. Bestalde, pasadan urtean "Haragia ere bizi-poz" egitasmoaren arrakasta dela eta jarraipena izan dezan lan egingo du Euskara Zerbitzuak. |