Hizkuntzak nonahi baliatu ahal izateko, giza taldeek sortzen dituzten behar berriei erantzun ahal izateko, arian-arian moldatu, egokitu behar izaten dira, hiztun komunitateen bihotzean indar biziz segitzeko habia etengabe zaharberrituz, taldeak munduari buruz duen ikuskera islatzeko aukera berriak eskainiz. Hizkuntza batek, beraz, bizitza duela esan liteke eta, hiztunen komunikazio beharrak asetzeko gauza den neurrian, zaintzen den heinean, bestelakoak gurutzatzen ez zaizkionean, hilezkor suertatu ohi da.
Instituzioen artean ere badago egon parekorik. Horietako bat da Euskaltzaindia. Halakoetan, buru direnen estiloak gorabehera, norberak lekukoa hartu duen tokitik aurrera eramaten segitzeko daukan eran-tzukizuna garbi izanik, Instituzio bera ai-tzinera eramatea da kontua. Ezen, euskararen iraupenak eta hedapenak, besteak beste, Euskaltzaindiaren lanaren beharra baitu. Badakit jakin, hartzen dituen zenbait erabakirekin zenbaitek ez duela bat egiten/egingo, erabakiak hartzen dituztenak pertsonak direnez gero, batzuetan ez dute asmatuko, ziur, baina, hizkuntza kontuetan oihanaren legea nagusituko ez bada, norbaiti eman behar zaio erabakiak hatzeko ahalmen hori. Testuinguru horretan, zein litzateke hirurogeiko hamarkada arte gainbehera zetorren euskararen egoera, besteak beste, batasun bidean zein hizkuntzaren statusean Akademiak jorratu duen bidea tartean egon izan ez balitz?
Erantzukizuna, beraz, handia da, egitekoak, berriz, ugariak. Horregatik, dagokion funtzioa artez bete ahal izateko, hizkuntzaren erabiltzaileen beharrei ahalik eperik laburrenean eran-tzuteko, egitura egokia, sendoa, ondo taxututako plangintzak eta horiek garatzeko bitarteko iraunkorrak ere -Instituzio publikoen aitormena- behar-beharrezkoak ditu. Horiez gain, Euskaltzaindiak euskara darabilten hiztunengandik, elkarteengandik eta erakundeengandik gertu ere egon behar du. Izan ere, egiten dituenak barreiatzeko sare horren premia, nola baita zenbat egitasmo garatzeko, lankidetzan jardutea ere behar baititu Akademiak. Hortaz, orain arte lemazain suertatu direnei eskerrona adierazteaz gain, eginkizun hori bizkarrean hartu dutenei adorea eman eta laguntza osoa eskaini behar zaie. |