URTE AMAIERAKO zenbaitbalantzetan zenbakiak, zifrak, kopuruak, pertsonak izan ohi dira, hezur-haragizko gizabanakoak. Datuei hoztasuna darie beti, baina, egunak joan eta egunak etorri, askotan hamaikatxo bizipen erreal izkutatzen dute eta, hala, gizon-emakumetan, eurotan, kilometrotan, kartzelatan, auto istriputan eta, zoritxarrez, herio-tzatan ere laburbil daitezke.
Iazko hamabi hilabeteei gainbegiratu zorrotza eman die Etxerat presoen senitartekoen elkarteak 2004ko balantzea osatzeko. Batetik zein bestetik hel dakieke emaitzei, zenbakien zurrunbiloan galtzeraino. Arrisku hori saihesteko, larrienetik hastea izan liteke egokiena.
Ekainaren 12an, Ekain Gerra presoaren ama zendu zen auto istripu batean, eta aita hilzorian geratu. Urtea amaitzerakoan, Karmele Solagurenen heriotzak islatzen duen egoera latzak guztira 126 lagun utzi ditu errepide bazterretan arin zein larri zaurituta. Ez da horren adibiderik falta. Iragan urriaren 2an, esaterako, Amaia Ibarraren lau lagunek istripu gordina izan zuten Auzitegi Nazionaletik bueltan. Hiru oraindik erreabilitazioan ari dira buru-belarri, eta M.L.L.-ren kasua bereziki da kezkatzeko modukoa. Hanketako eta besoetako paralisia du eta, oraingoz, medikuek ez diote uxatu betiko elbarri gelditzeko mamua.
Etxerat-ek eskuartean dituen datuen arabera, 719 dira sei estatutako 88 kartzelatan preso dauden euskal herritarrak. Horietako 558 Espainiako 52 espetxetan dituzte eta beste 152 Frantziako 31 presondegitan. Lehen kasuan kopuru handiena, 61 hain zuzen, euren etxeetatik 700 eta 800 kilometrora dagoen eremuan kokatu dute.
Arriskua eta zama
Arriskua ezezik, zama ekonomiko astuna ere badakar urruntasun horrek. Preso orok duen komunikazio eskubideari egungo egoeran aurre egitea garestia da oso, Etxerat-ek egindako kalkuluen arabera familien ekonomiari, bataz besteko, 1.675,44 euroko zuloa egingo bailioke. Kantitate horretatik abiatuta ondorioztatu dutenez, sakabanaketaren erruz ezinezkoa da komunikazio eskubidea mamitzea. Gainera, egoera hau, samurtu beharrean, gogortze bidean dela azpimarratu dute senideek.
«Preso ohiei eta atxiloturik egonikoei bisitak ukatzen hasi ziren. Gero, ezker abertzalekoak diren aitzakipean, hainbat laguni bisita eskubidea debekatu zioten. Orain, berriz, lagunen zerrendak murriztu dituzte: 20, 12, 10, 5, 4ko zerrendatara». Hala dio 2004ko balantzea jasotzen duen txostenak.
Baina gehiago ere badio: sakabanaketa politikak osasun eskubidea ukatzen duela, beste adibide bat jartzearren. Salaketa horren gibelean izen-abizenak ageri dira. Jon Agirre Agirianorena da kasuetako bat. Maiatzean, 24 urte beteko dira preso dagoenetik eta urteotan bakartuta edo-ta lehen graduan egon da sarritan. Bere egoera gertutik ezagutzen dutenen berbetan, «mediku asistentziarik gabe izan dute eta bere egoerak okerrera egin duenean, askatu edo Euskal Herriratu beharrean, Andaluziatik Logroñora eraman dute».
Osasun mailako gordinkeriak zehazterakoan, «asistentzia eza, konfiantzazko profesionalen asistentzia mugatua, kartzeletako mediku-funtzionarioek kanpoko medikuekiko duten kolaborazio eskasa, patologien jarraipen zaila eta 92. artikuluaren murrizketak» aipatu dituzte Etxerat-ekoek. Zerrenda horretako azken puntuak Bautista Barandallaren afera dakar gogora. Kolitis ultzerosoa du, gaixotasun larri eta sendaezina, baina Iruñeko Zaintza Epaitegiak ukatu egin zion 92. artikulua.
Aste gutxi dira Sinn Féin-eko buru Gerry Adams Euskal Herrian egon zenetik. Han-hemenkako gatazkak konpontze bidean jartzeko «gizatasunezko keinuak» eskatu zituen, hitz soilek aldapa leuntzen ez dutela jakinda. Batzuen eta besteen adierazpenetan eta plazaratutako asmoetan oinarrituta, bakea lortzeko xedeak aurtengoan arnasberrituta beharko luke. Horrela baino ezingo da lortu datozen urteetan egindako balantzeetako lerroak inoren saminaren gainean idatz ez daitezen. |